ZER FAMILIA?
Familia Santuaren Eguna C 2015-12-27
Kristau-familiaren eguna da gaur. Duela gutxi eraturiko jaia da, kristauek ospa dezaten eta sakondu, Jesusen espirituaren arabera hartu eta bizi duten familia-egitasmoa izan daitekeena.
Ez da aski familiaren balioa modu abstraktuan defenditzea. Ez da aski, orobat, familia tradizionalaz dugun ikusmoldea idealizatzea, Nazareteko familiaren ereduaren araberakoa izango bailitzan. Jesusi jarraitzeak batzuetan eska lezake zalantzan jartzea eta eraldatzea geure baitan oso errotuak ditugun familiari buruzko eskemak eta ohiturak.
Familia ez da Jesusentzat zer absolutua eta ukiezina. Are gehiago. Erabakitzailea ez da odol-familia, baizik gizakiek eraikiz joan behar dugun familia handi hori, guztien Aita bakarraren desioa entzunez. Jesusen gurasoek berek ere ikasiz joan behar izan zuten, eta ez arazorik eta gatazkarik gabe.
Lukasen kontakizunaren arabera, gurasoak larri ibili dira Jesusen bila, haietaz kezkatu gabe, haurrak utzi egin dituela konturatu direnean. Nolatan joka lezake horrela? Horixe aurpegiratu dio amak aurkitu duten bezain laster: «Seme, zertan eman diguzu tratu hau? Jakizu, aita eta biok larri ibili garela zure bila». Eta semeak ustekabeko erantzun honekin zur eta lur utzi ditu: «Zertan ibili zarete nire bila? Ez ote zenekiten Aitaren etxean egon beharra dudala?»
Gurasoek «ez zioten ulertu». Bere familiari buruzko esanak eta jokabidea hausnartuz eta pixkana aurkitu zuten hau gurasoek: Jesusentzat lehenengo gauza gizadi-familia dela: gizarte haurridetsuagoa, zuzenagoa eta solidarioagoa, Jainkoak nahi duenez.
Ezin ospatu dugu gaurko jai hau erantzukizunez, geure fedearen erronka entzun gabe. Nolakoak dira gure familiak? Konprometiturik bizi al dira, gizartea hobea eta gizabidezkoagoa izan dadin, ala beren zilborrari atxikirik bizi dira? Beren heziketan solidaritatea al dute xede, bakea garatzea, premian direnekiko sentiberatasuna, errukia, ala aseezineko ongizate berekoia, ahalik irabazpiderik handiena, gainerakoez ahaztea?
Zer ari da gertatzen gure etxean? Fedeaz axolarik bai? Jesu Kristoz gogoratzen? Otoitza nola egin ikasten? Ala axolarik eza ematen eta garatzen da soilik? Sinesterik eza? Jainkoaren hutsunea? Zer du heziketak helburu: erantzukizunezko kontzientzia morala, osasuntsua, kristau-fedearekin koherentea faboratzea, ala azaleko biziera, jomugarik eta idealik gabea, irizpiderik eta azken zentzurik gabea faboratzea?
Jose Antonio Pagola