BANDERA EZTABAIDATUA Familia Santua (2014-12- 28) (Lukas 2,22-40).
Pertsona maitagarri bat da Simeon. Tenpluko adineko apaiz bezala irudikatu izan dugu beti, baina testuak ez dakar horrelakorik ezer.
Herriko gizon on bat da Simeon, bihotzean darama esperantza, ikusiko duela egun batean hain premiazkoa duten «kontsolamendua».
«Jainkoaren Espirituak eraginik», tenplura igo da, Maria eta Jose Jesus beren haurrarekin sartzera doazen mementoan.
Hunkigarria da topo egite hori. Judu-bikote pobre eta jainkozale hark dakarren haurragan hainbat urtez espero izan duen Salbatzailea nabaritu du Simeonek.
Zoriontsu dago gure gizona. Keinu ausart eta amazko batean, «bere besoetan hartu du haurra», maitasun eta xera handiz. Jainkoa bedeinkatu du eta gurasoak bedeinkatu ditu. Zalantzarik gabe, eredutzat eman digu gizon hau ebanjelariak. Horra nola onartu behar dugun Salbatzailea.
Baina, berehala, Mariari hitz egin dio Simeonek, bere aurpegia aldatuz. Haren hitzak ez dira batere lasaigarri: «Ezpatak zeharkatuko dizu arima». Besoetan duen haur hau«bandera eztabaidatua» izanen da: gatazka- eta aurkaritza-iturri. «Batzuk erortzea eta beste batzuk jaikitzea» ekarriko du Jesusek.
Batzuek onartuko dute Jesus, eta haien bizitzak duintasun berria izango du: haien bizitza argiz eta esperantzaz beteko da. Beste batzuek, ordea, uko egingo diote, eta haien bizitza galduko da; Jesus ukatzea beren hondamendi izango dute.
Jesusen aurrean erabakia hartzean, «argi geldituko da bihotz askoren jarrera». Pertsonaren barru-barruko txokoan dagoena agerian jarriko du Jesusek.
Haur hau onartzeak aldaketa sakona eskatzen du. Jesus ez dator patxada ekartzera, baizik errotiko konbertsioaren prozesu mingarri eta istilutsua sortzera.
Hala izan da beti. Baita gaur ere. Jesu Kristogana bihurtzea aintzat hartuko duen Eliza ez da izango sekula lasaitasun-eremu, baizik gatazka-leku. Ezinezkoa da Jesusekin bizi-harreman biziagoa izatea, egia-maila altuagoetara jo gabe. Eta hau mingarria izan ohi da beti.
Zenbat eta gehiago hurbiltzen garen Jesusengana, hainbat eta hobeto ikusiko ditugu geure inkoherentziak eta desbideratzeak; gure kristautasunean zer den egia eta zer gezurra; zer den bekatua gure bihotzean eta gure egituretan, gure bizitzan eta gure teologietan.
Jose Antonio Pagola.