Familia Santua (2014-12-28)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Familia Santuaren eguna ospatzen dugu gaur: Jesus, Maria eta Jose. Halaz guztiz, gogoan izan behar dugu, familia txiki hori, guk asmatua dela. Jesusen denboran, patriarkala izan ohi zen familia: aitona-amonak, osaba-izebak, anai-arrebak etab.
Beraz, esaten zaigunean Josek Maria bere etxean onartu zuela, ez da esan nahi, etxe berri batean jarriko zirela bizitzen. Baizik eta Maria Joseren familian txertatu zela. Ondorioz, Jesusek ere familia handi horretan biziko zuen bere haurtzaroa. Hor ikasiko zuen otoitz egiten, hor ikasiko zituen juduen ohiturak, hor ikasiko zuen Israel herriaren historia, hor ikasiko zuen herria Mesias baten zain-zain zegoela.
Eta ikaste honi dagokionez, garrantzizkoa da gaurko ebanjelioa eta, batez ere, ebanjelio honen bukaeran datorren esaldia.
Alde batetik, Jesusen familia juduen legearen betetzailea da. Lege horri jarraituz aurkeztu du Jesus haurra tenpluan. Hala zegoen erabakia Moisesen legean, Jainkoak Israel herria Egiptoko esklabutzatik askatu zuenetik: lehen jaio guztiak, pertsona eta animalia, Jainkoari eskaini behar zitzaizkion; pertsonen kasuan, pertsona bera opari egin ordez, animalia batzuk eskaini ohi ziren (Irteera 13,2.12-13). Halaxe egin zuten Jesusen gurasoek: bi usapal edo bi usakume eskaini. Jainkoarenak garela adierazteko eta aitortzeko modu bat zen. Jesus, beraz, juduen bizieran hezi zuten.
Bestetik, oso garrantzizkoa da gaurko ebanjelioaren bukaerako esaldi hau: «Haurra haziz eta sendotuz zihoan; jakinduriaz betetzen ari zen, eta Jainkoaren onginahia berekin zuen». Esan nahi du, Jesus ez zela jaio gauza guztiak zekizkiela, ez zela jaio gizon oso eginik. Beste behin, ebanjelioak Jainkoaren gizakundea azpimarratu nahi du; Jainkoa benetako gizon egin izana; Jainkoaren Semeak beste edozein gizakik bezalako bizi-aroak egin behar izan dituela.
Alde horretatik, bada gaurko liturgian nolabaiteko koherentzia-falta bat. Familia Santuaren eguna da; baina mezako irakurgairik inportanteenak Eguberriari jarraikiz segitzen du, eta ez familiari.
Lehenengo bi irakurgaiak lotu zaizkio familia-arazoari. Lehenengoan, Eklesiastiko edo Ben Sirak izenekoan (3,2-6.12-14), seme-alabek gurasoei zor dieten laguntza eta begirunea azpimarratzen ditu. Laguntza ekonomikoa eta laguntza psikikoa zor dizkiete seme-alabek. Jakina, Kristo aurreko bigarren mendean idatzi zen liburu honetako xehetasun batzuek ez dute gaur egun, askotan, inolako aplikaziorik; esaterako, ekonomia-laguntza seme-alabek eman ordez, gurasoek ematen diete gaur egun askotan, seguru soziala dela medio; baina indarrean jarraitzen duela, esan beharko genuke, laguntza psikikoa eman beharrak; baita espirituala eman beharrak ere; adibidez, zein semek edo alabak izaten du kontuan, adin handiko aitari edo amari gaixoen oliadura eskaintzea?
Bigarren irakurgaia ere (Kolosatarrei 3,12-21) familiako gorabeheraz ari zaigu. Familian zer giro bizi behar den: apaltasuna, ontasuna, gozotasuna, ulermena, barkazioa. Guztien gain, maitasuna. Baina irakurgaia ez da mugatzen horretara: ospatu, dio, eskerrak ematea. Jakina, Jainkoari, baina baitak batak besteari ere.
Joan den urrian familiaren aldeko Sinodoa egin zen Erroman; bukatu gabe gelditu zen; urte guztia izango dute han agertu ziren gaiak eta bitartean sor daitezkeen beste batzuen hausnarketa egiteko; 2015eko urrian bilduko dira berriro, konklusio batzuk ateratzeko. Izan dezagun gogoan guztioi dagokigula familiaren arazoa. Otoitz egin dezagun konfiantza osoaz. Gure Eliza maite hau ere, garai batean Jesus bezala, joan dadila «haziz eta sendotuz; jakinduriaz betetzen, Jainkoaren onginahia berekin duela».
DIONISIO AMUNDARAIN