FAMILIA SANTUA (C) 2018-12-30
SARRERA
Senideok, Eguberri egunean, Jainkoa gure artean haur egina ospatu dugu, gu geu bezalako egina; gainera, guretzat Jainkoaren argia, bakea eta bizia dela aitortu dugu.
Gaur, berriz, gurea bezalako familia batean bildurik dakusagu Jesus, Mariaren eta Joseren ondoan. Gurasoen ardura-beharra du, beste edozein haurrek bezala. Familia horretan, eta familia horrek bizi duen giroan, haziko da.
Beraz, Jesusen, Mariaren eta Joseren familia ospatzen dugu gaur. Eta, hori egitean, geure familia eta mundu osoko familia guztiak ditugu gogoan. Familia guztiek dituzte bere gorabeherak: pozaldiak, tristura-aldiak, beldurra, esperantza, lanik eza, liskarra, zoriona, etab. Jesusenak ere bai.
Guztien gain Jainkoaren bedeinkazioa eskatuko dugu, hau da, fedea, esperantza eta maitasuna, elkarrekin bizi ahal izateko laguntza.
LEHENENGO IRAKURGAIA Samuel profetaren lehen liburutik (1,20-22.24-28)
Samuelen lehen liburu hau, Samuel profeta handiaren jaiotza kontatuz hasi da. Samuel profetak Elkana du aita eta Ana du ama. Elkanak badu beste emazte bat ere, Anaz gain: Perina du bigarren emaztea. Anak ez du seme-alabarik; Peninak, berriz, bai. Hortik sortu da Anaren atsekabea. Hartara, Anak Silon dagoen israeldarren santutegira joatea erabaki du, eta han otoitz eta otoitz ariko da. Otoitz hau egin dio Jainkoari: «Zure zerbitzari honi mutiko bat ematen badiozu, zeuri eskainiko dizut hura, bizitza osorako». Eta semea izan zuen Anak eta, semea koskortu zenean, tenplura eraman zuen, Jaunari eskainiz. Profeta handia izan zen Anaren seme hura; Samuel zen.
Jesus ere, gurasoek tenplura eraman zuten Jaunari eskaintzeko. Eta badakigu: Jesus profeta guztien profeta izan zen, hau da, Jainkoaren izenean hitz egin zuen munduari Berri Ona hots eginez.
Gaurko irakurgai honek, Ana amaren leialtasuna azpimarratu nahi du: emandako hitza bete baitu. Aldi berean, Anak semeaz izan duen ardura agertzen digu irakurgaiak. Andre Mariaren irudi da Ana; Jesusen irudi da Samuel.
BIGARREN IRAKURGIA Joanen lehenengo gutunetik (3,1-2.21-24)
Joanen idazki honetan, hau da idei nagusia: bizitzeko moduak agertzen du benetako fedea; ahoz esana egiteetan agertzen da; bizitzeko moduak egiaztatu behar du ahoz aitortzen dugun fedea.
Fede eta eginbehar horien oinarritzat segidako hau eman digu idazleak: Jainkoak gu maitatu izana: hainbeste maite gaitu Jainkoak, non bere seme-alaba egin baikaitu. Kontuan hartzekoa da hemen detaile hau: Jainkoak aurrea hartu digula; Jainkoak aurrez maite gaituela; ez dela egon guk maitasun-egintzak egin zain. Aldez aurretik maite gaitu. Gu ezertan hasi aurretik. Sortu ere, maitasunez sortu gaitu.
Beste hau ere kontuan hartzekoa da. Munduak ez gaitu onartzen; izan ere, Kristo ere ez zuen onartu. Mundua esatean, Joanen hitzetan, bekataria eta ukatzailea den mundua da.
EBANJELIOA Lukasen liburutik (2,41-52)
Gaurko pasarte honekin bukatu du Lukasek Jesusen haurtzaroaz dakarren guztia. Gai hauek adierazi dizkigu haurtzaroaren kontakizun horrela: aingeruak Mariari ama izango dela esan dio, Maria haurdun gelditu da, Jesus jaio da, Jesus erdaindu eta izena ezarri diote, Jesus tenpluan aurkeztu dute, Jesus haziz doa; azkenik, gaurko pasarte hau dakar Lukasek: Jesus mutikoaren arrastoa galdu dute gurasoek, eta azkenean tenpluan aurkitu dute
Hona nola gertatu den hori. Jesusen gurasoak urtero joan ohi ziren Jerusalemgo tenplura. Eta gurasoak konturatu gabe, Jesus tenpluan gelditu zen, lege-maisuekin hizketan. Gurasoak, mutikoa falta zela konturatzean, haren bila itzuli ziren tenplura. Eta, amaren galderari, erantzun harrigarri hau eman zion Jesusek: «Ez al zenekiten Aitaren arazoetan egon beharra dudala nik?» Hitz hauetan, Jesusek bizitza osoan agertuko duen asmoa, gogoa eta erabakia ageri da: alegia, Aitaren esaneko izatea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztion alde: bata bestearen eta gizon-emakume guztien aurrean lekuko edo testigu bizi eta egiazko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gaurko familia guztien alde, gaur sortzen ari diren familia-molde desberdinen alde: beren baitan armonia, bakea, zuzentasuna, maitasuna bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Beren baitan problema latzak −lanik eza, etxerik eza, ezin konpondua, lagunik eza− bizi dituzten familien alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gure artean, beren buruari neke handiak ezarriz, egintza onak egiten dakitenen alde: beren borondate ona sakontzeko, Jesusengana jotzen ikas dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.