FAMILIA SANTUA (C) 2015-12-27

SARRERA

Senideok, Eguberri egunean, Jainkoa gure artean haur egina ospatu dugu, gu bezalako egina; gainera, guretzat Jainkoaren argia, bakea eta bizia dela aitortu dugu.
Gaur, berriz, gurea bezalako familia batean bildurik dakusagu Jesus, Mariaren eta Joseren ondoan. Gurasoen ardura-beharra du, beste edozein haurrek bezala. Familia horretan, eta familia horrek bizi duen giroan haziko da.
Beraz, Jesusen, Mariaren eta Joseren familia ospatzen dugu gaur. Eta, hori egitean, geure familia eta mundu osoko familia guztiak ditugu gogoan; zeinek bere gorabeherak dituzten familia guztiak: pozaldiak, tristura-aldiak, beldurra, esperantza, lanik eza, liskarra, zoriona, etab.
Guztien gain Jainkoaren bedeinkazioa eskatuko dugu, hau da, fedea, esperantza eta maitasuna elkarrekin bizi ahal izateko laguntza.
Edozein kasutan eta funtsean, familiaren inguruko moraltasunean erori gabe, gaurko jai hau ere Eguberri-misterioaren giroan hartu eta ospatuko dugu: Jainkoa gizon egin da; gu bezalako egin da; guk bezalako beharrak ditu. Hori guztia, Jainkoa zer den, Jainkoak gurekiko zer asmo dituen agertzeko. Jainkoa ez da gure artera harro eta boteretsu etorri. Pobre, xume eta apal etorri da. Guri gizatasuna lortzeko bidea agertzeko.

LEHENENGO IRAKURGAIA Samuel profetaren lehen liburutik (1,20-22.24-28)

Samuelen lehen liburu hau, Samuelen jaiotza kontatuz hasi da. Samuel profetak Elkana du aita eta Ana du ama. Elkanak badu beste emazte bat: Perina. Anak ez du seme-alabarik; Peninak, berriz, bai. Hortik sortu da Anaren atsekabea. Hartara, Anak Silon dagoen israeldarren santutegira joatea erabaki du, eta han otoitz eta otoitz ariko da. Otoitz hau egin dio Jainkoari: «Zure zerbitzari honi mutiko bat ematen badiozu, Jaunari eskainiko diot hura, bizitza osorako». Eta semea izan zuen Anak, eta semea koskortu zenean, tenplura eraman zuen, Jaunari eskainiz. Profeta handia izan zen Anaren seme hura; Samuel zen.
Jesus ere, gurasoek tenplura eraman zuten Jaunari eskaintzeko. Eta badakigu: Jesus profeta guztien profeta izan zen, hau da, Jainkoaren izenean hitz egin zuen munduari Berri Ona hots eginez.
Gaurko irakurgai honek, Ana amaren leialtasuna azpimarratu nahi du: emandako hitza bete du. Aldi berean, Anak semeaz izan duen ardura agertzen digu irakurgaiak. Andre Mariaren irudi da Ana; Jesusen irudi da Samuel.

BIGARREN IRAKURGIA Joanen lehenengo gutunetik (3,1-2.21-24)

Joanen idazki honetan, hau da idei nagusia: bizitzeko moduak agertzen du benetako fedea; ahoz esana egiteetan agertzen da; bizitzeko moduak egiaztatu behar du ahoz aitortzen dugun fedea.
Fede eta eginbehar horien oinarritzat segidako hau eman digu idazleak: Jainkoak gu maitatu izana: hainbeste maite gaitu Jainkoak, non bere seme-alaba egin baikaitu. Kontuan hartzekoa da hemen detaile hau: Jainkoak aurrea hartu digu; Jainkoak aurrez maite gaitu; ez dago guk maitasun-egintzak egin zain. Aldez aurretik maite gaitu. Gu ezertan hasi aurretik. Sortu ere, maitasunez sortu gaitu.
Beste hau ere kontuan hartzekoa da. Munduak ez gaitu onartzen; izan ere, Kristo ere ez zuen onartu. Mundua esatean, Joanen hitzetan, bekataria eta ukatzailea den mundua da.
Hitz batean esateko, bukaera hau dakar gaurko pasarteak: guztia, kristau batentzat edo beste edozein pertsonarentzat, Kristo ezagutzea da, Kristogan sinestea, Kristo maitatzea, Kristok maite duen hura maitatzea. Azken batean, Kristok gu guztiok Jainkoaren seme-alaba egin gaitu eta.

EBANJELIOA Lukasen liburutik (2,41-52)

Gaurko pasarte honekin bukatu du Lukasek Jesusen haurtzaroaz dakarren guztia. Gai hauek adierazi dizkigu: aingeruak Mariari ama izango dela aurrez esatea eta Maria haurdun gelditzea, Jesusen jaiotza, Jesus erdaintzea eta izena ezartzea, Jesus tenpluan aurkeztea, Jesus hazten joatea, eta, azkenik, gaurko pasarte hau: Jesus mutikoa tenpluan galdu eta aurkitzea.
Jesusen gurasoak urtero joan ohi ziren Jerusalemgo tenplura. Eta gurasoak konturatu gabe, Jesus tenpluan gelditu zen, lege-maisuekin hizketan. Gurasoak, mutikoa falta zela konturatzean, haren bila itzuli ziren tenplura. Eta amaren galderari, erantzun harrigarri hau eman zion Jesusek: «Ez al zenekiten Aitaren arazoetan egon beharra dudala?» Hitz hauetan, Jesusek bizitza osoan agertuko duen asmoa, gogoa eta erabakia ageri da: Aitaren esaneko izatea.
Horra kristau eta gizon-emakume guztien egitekoa: zeruko Aitaren gogoa bete; zeruko Aitak gurekiko duen asmoa bete; zeruko Aitak gutako bakoitzaren barru-barruan ezarri duen izaera bere betera eraman.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztion alde: bata bestearen eta gizon-emakume guztien aurrean lekuko edo testigu bizi eta egiazko izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Gaurko familia guztien alde, gaur sortzen ari diren familia-molde desberdinen alde: beren baitan armonia, bakea, zuzentasuna, maitasuna bizi dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Beren baitan problema latzak −lanik eza, etxerik eza, ezin konpondua, lagunik eza− bizi dituzten familien alde. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Gure arteko familien alde: bata bestearen ondoan bizitzera muga ez daitezen, baizik maitasuna bizitzen saia daitezen; umeak mundura ekartzera muga ez daitezen, baizik gaurko munduan benetako gizon-emakume izateko presta ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari.