Familia Santua C Meza LAPURDI IRRATIA 2018-12-30
2018/12/24
EGUBERRI ONDOKO IGANDEA C

FAMILIA SAINDUA

Lehen irakurgaia

( Jaunari emana zaion haurra )

Zamuelen lehen liburutik 1, 20-22. 24-28

20 Egun heietan,
haurdun gelditu zen Ana, eta seme bat izan zuen.
Zamuel eman zion izena, erranez :“ Jaunari eskatua diot.”
21 Elkana, haren senarra, bere etxeko guziekin igan zen tenplurat,
Jaunari urteko oparia egitera, eta bere botua betetzera.
22 Ana, aldiz, ez zen igan.
Bere senarrari erran zion:
“ Haurrari bularra kenduko diotanean, eremanen dut.
Jaunari eskainiko zaio, eta han egonen da betiko.”
24 Bularra kendu zionean Zamueli,
Anak Zilon den Jaunaren etxerat ereman zuen.
Ereman zituen ere hiru urteko zezen bat,
zaku bat irin eta zahagi bat arno.
25 Zezena oparitako hil zuten, eta haurra Eli apezari ereman.
26 Eta Anak erran zion:
“ Otoi, entzun ene jauna!
Bai, jauna, ni naiz hemen zure ondoan
Jaunari otoizka egon nintzen emaztea.
27 Haur hau eskatzen nion,
eta Jaunak eman daut esk

Hiru oharpen egin ditaizke hemen.
Lehena Jainkoak entzuten duela, Izraelen bizi esperientzia guziak hori probatzen du.
Pobreek beren lekua badute Jainkoaren aitzinean. Ana, bere agortasunaren gatik, hoinbertze sofritu
duenak bezala.
Bigarrenik, Jainkoak bere projetua gizonen istorian kokatzen du. Inkarnazioaren
misterioa horraraino badoa.
Hirugarrenik mirakuluzko bi sortzeren aitzinean gira hemen: Samuel-ena eta
Jesusena. Eta biblian bada bertze mirakuluzko sortzerik ere: Isaak, Samson, Joanes Batista…Sortze
horiek denek oroitarazten daukute edozein haur mirakulu bat dela, Jainkoaren opari bat.

Salmoa 83

Leloa : Zauden egoitza, zoin gozoa, zeruetako Jaungoikoa !
Noiz hura ikus, hura goza .

Egarriz eta minez noa.
Bihotz, gorputzek, ai zer boza!.
Bizi baitzaitut, han, Jainkoa!
Xoriak badu gau-egoitza, .
Ainarak umen ohanzñoa.
Nik aldaretan dut gozoa,
Zauden etxean, Jaungoikoa.
Dohatsu zure etxekoak:
Badaude beti zuri kantuz.
Dohatsu zuhauk lagunduak:
Bozik dabiltza zuri buruz.
Ukurtuz adi, Jaungoikoa,
Nere otoitzen dei beroa
Behazu, Jauna, deika dago
Zure Kristoren behakoa.

Bere akiduraren petik, Jerusalemerat doala, beilariak egiaz erran dezake: “ Noiz hura ikus, hura
goza, egarriz eta minez noa…“ Jainkoari buruz doan populuarentzat beilaren esperientzia hori
baitezpadakoa ditaike. Eta hori sobera ahanzten dugu. Bidean aurkitu nekeek gorputzaren akidura
eta gure ttipitasuna sendiarazten dauzkute. Orduan dugu onartzen bertze baten laguntzaren
beharretan garela.
Beilariak nahi luke Jerusalemen gelditu, xoriek bezala hor egin bere egoitza, egun guzietako
griña eta nekeetarik urrun.“Dohatsu zure etxekoak…Nik aldaretan dut gozoa, zauden etxean,
Jaungoikoa.“
„Dohatsu zure etxekoak“ Etxeko horiek izraeldarrak dira. Beilariak bihotza esker onez
beterik dauka Jainkoak hautatu populukoa delakotz. Bainan badakigu ere gizon guziak direla
deituak Jainkoaren“ etxeko“ bilakatzerat.

Bigarren irakurgaia

( Jainkoak bere seme-alaba egin gaitu)

Jondoni Joaniren lehen epixtolatik 3, 1-2. 21-24

Maite maiteak,
1 ikusazue zenbaterainoko maitasuna agertu daukun Aitak,
Jainkoaren haur izena eman baitauku,
eta hala gira.
Huna zergatik munduak ez gaituen ezagutzen :
Jainkoa ere ez baitu ezagutu.
2 Maite maiteak, orai Jainkoaren haurrak gira,
bainan zer izanen giren, ez da oraino agertua.
Badakigu : Jainkoaren Semea agertuko denean,
haren iduriko izanen gira, den bezala ikusiko baitugu.
21 Nere maiteak, gure bihotzak kondenatzen ez bagaitu,
fidantzia osoan jo dezakegu Jainkoarenganat.
22 Eta eskatu guzia ardiesten dugu harenganik,
haren manamenduak begiratzen baititugu, eta atsegin zaiona egiten.
23 Eta huna Jainkoaren manamendua :
sinets dezagun haren Seme Jesu Kristo baitan,
eta elkar maita, manatu daukun bezala.
24 Haren manamenduak begiratzen dituena
Jainkoa baitan dago, eta Jainkoa haren baitan.
Eta gure baitan dagolako seinalea hau da :
Berak eman daukun Izpiritua.

Joani apostolua „ Jesusek maite“ zuen apostolua. Hunek dituzke, Jesusi arras hurbil izanez, Jesusen
sendimenduak hobekienik konprenitu. Jainkoak guretzat duen amodioaren adiezgarriena hau da
Joaniren arabera : Jainkoak bere haur egin gaituela.
« Huna zergatik munduak ez gaituen ezagutzen : Jainkoa ere ez baitu ezagutu. » Eta nola
ezagut Jainkoa ? « Zinez Jainko gordea den » Jainko hori ? Haren manamenduak betez eta oroz
gainetik berak igorri argiari esker, bere graziak dauku Jainkoa ezagutaraziko. « Nehor ez da
nereganat jinen Aitak ez badu ekartzen. »
Jainkoaren manamenduak zer dio ? »Sinets dezagun haren seme Jesu Kristo baitan, eta
elkar maita, manatu daukun bezala. » Eta hura gure baitan dagolako seinalea « Berak eman daukun
Izpiritua. »

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zinez Jainko gordea zira,
Jainko gizonen artean, Jesus Salbatzailea!

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 2, 41-52

41 Jesusen burasoak Jerusalemerat joaiten ziren urte guziz
Bazko-bestakari.
42 Jesusek hamabi urte bete zituenean,
harat igan ziren, besta hortan ohi den bezala.
43 Besta egunak bururaturik, etxera abiatu zirenean,
Jesus haurra Jerusalemen gelditu zen, burasoek jakin gabe.
44 Ustez eta bideko lagunen artean zen,
egun baten bidea egin ondoan,
haren bila hasi ziren ahaide eta ezagunen artean.
45 Ez baitzuten aurkitu, Jerusalemerat itzuli ziren, hura bilatuz.
46 Hiru egunen buruan, Tenpluan aurkitu zuten,
irakasleen erdian jarria, heieri beha eta galdeka.
47 Entzule guziak miretsirik zauden,
haren adimendu eta ihardespenengatik.
48 Ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren, eta amak erran zion:
“ Haurra, zergatik egin daukuzu holakorik?
Horra nolako atsegabetan ibili giren aita eta biak zure bila !”
49 Harek erran zioten:
“ Zergatik zinabiltzaten nere bila?
Ez ote zinakiten nere Aitaren etxean egon behar dutala?”
50 Bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.
51 Jesus heiekin Nazareterat jautsi zen,
eta heien menpeko zagon.
Haren amak gertakari horiek guziak bihotzean begiratzen zituen.
52 Jesus goiti ari zen, bai zuhurtziaz, bai gorputzez,
Jainkoaren eta gizakien begietan.

« Bereetarat etorri da, bainan bereek ez diote ongi etorri egin. » Joaniren ebanjelio sar Hitzan
kausitzen da erranaldi hau. Egun irakurtzen dugunak ere agerian emaiten du Jesusen misterioa
bainan ere bere ingurukoen egoera: ez dute konprenitzen!
Jesusen misterioa hemen agertzen da :“Entzule guziak miretsirik zauden haren adimendu
eta ihardespenengatik.“ Bai eta ere bere aitameri emaiten dioten erantzunean :“ Ez ote zinakiten
nere Aitaren etxean egon behar dutala?“ Hor Jainkoaren Seme bezala garbiki agertzen da.“ Ez da
mirakulu ez bada ere konprenitua. Geroago erranen ere du :“ Ni ikusten nauenak Aita ikusten du!“
„ Ez ote zinakiten?…“ Maria eta josep bezalako fededunek ez balin bazakiten, ez da guretzat
ere etsitzekorik. Gogoan atxikitzekoa da Isaias-etan irakurtzen duguna :“Hau dio Jaunak: Nere
gogoetak ez dira zuenak bezalakoak, ez eta nere joka-moldea zuena bezalakoa. Nere jokamoldeetarik zuenetarat eta nere gogoetarik zuenetarat bada zerutik lurrerat bezeinbat bide…“
Is.55,8-9
„Haren amak gertakari horiek guziak bihotzean begiratzen zituen.”. Artzainen bisitaren
ondotik berdin, Luk ebanjelistak idazten du :”Mariak berriz, gertakari horiek oro gogoan atxikitzen
zituen eta bere bihotzean ausnartzen.”Luk 2,19 Guk bezala, Mariak ere onartu du mementoan ez
konprenitzea. Gainera Jesusek berak denboraren esperientzia hori egin du, denboran da handitu,
heldu : “ Jesus goiti ari zen, bai zuhurtziaz, bai gorputzez, jainkoaren eta gizakien begietan!”
Horrek erran nahi du batetik Jesus osoki gizon zela, eta bertzetik Jainkoak denboran eman
gaituela eta pazientzia hartzen duela gizonarekin, handitzeko eta ontzeko zoria emanez.
“ Nere Aitaren etxean egon behar dut…” Eta bizkitartean :” heiekin nazareterat jautsi zen”
tenploa utzirik beraz. Samuel ere, bere bizi guzian tenploan egon beharra zena, tenplotik kanpo
ereman zuen azkenean bere biziko parte bat bederen, bere populuaren buru jarri eta. Horrek erran
nahi du Aitaren etxean egoiteak, hunen haurren zerbitzuko izaitea duela erran nahi.