FAMILIA SANTUA B 2017-12-31
SARRERA
Anai-arrebok: Nazareteko Familia Santuaren jaia ospatzen dugu gaur. Familia batean jaio eta bizi izan zen Jesus. Gure arteko beste edozeini gertatu izan zaion eta gertatzen zaion bezala, familiak lagundu zion Jesusi hazten, bai fisikoki, bai psikikoki, bai kulturaz eta espirituz. Familiak lagundu zion historian txertatzen, herri batean, hizkuntza batean, ohitura batzuetan, fede batean, jai batzuetan txertatzen. Dudarik gabe, berezia izango zen familia hura.
Halere, ezin ahaztu dugu Eguberrialdian gaudela. Ezin mugatu dugu gaurko jai hau Nazareteko familia eredutzat hartzera. Jesus gizon izana dugu gai nagusia. Familia xume batean gizon egin izana. Pobre gizon egin izana. Baina Simeon zaharrak ebanjelioan esango digun bezala: salbatzaile izateko jaio izana ospatzen dugu; munduaren argi izateko jaio izana. Salbatzaile eta argi. Horra gaurko jai honen mezu handia. Salbatzaile, askatzaile, argi da pobre jaio den haur hau; familia pobre batean jaio den haur hau.
Ongi etorri, senideok, Kristoren misterio nagusia den Eukaristia honetara. Hor ageri da erarik argienean, nola eskaintzen duen gizon batek bere burua besteen alde.
LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera 15,1-6; 21,1-3
Jainkoak ituna egin du berriro Abrahamekin. Gauza asko eman dizkio lehenago. Baina gehienik nahi duena ez dio eman artean Abrahami. Honek seme bat nahi du Sara emazteagandik. Oraingoan, ordea, ondare handia agindu dio Jainkoak, eta Abrahamek sinetsi dio. Jainkoak aintzat hartu du Abrahamen fedea, eta Sara haurdun gelditu da. Abraham eta Sara senar-emazteak konturatu dira, Jainkoak hitza betetzen duela. Gizakien fedearen eta Jainkoaren maitasunaren seinale handi bihurtu da Abrahamen familia.
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei idazkitik 11,8.11-12.17-19
Bihotz emateko idatzia da Hebrearrei gutuna. Kristoren egintza handia azpimarratu du idazleak. Konfiantza osoa izan dezakegu Kristogan.
Gaurko pasarteak arbasoen fedea nabarmentzen du. Hainbat arrazoi dakartza fededunentzat. Batetik, Jesus gure alde ari da erreguka. Bigarren, hor dugu geure arbasoen fedea: Abel, Enok, Noe, Abraham. Azken hau, esaterako, gai izan da bere etxea utzi eta urrunera abiatzeko; gai izan da bere seme bakarra Jainkoari eskaintzeko ere. Sara ere aipatzen du.
Senideok, ez gaitezen ahaztu hurbilagoko ditugun geure aurrekoez ere.
EBANJELIOA Lukasen liburutik (2,22-40)
Jesus haurtxoa tenpluan aurkeztearen pasadizoa dakar gaurko ebanjelio honek. Lukasen ebanjelioaren arabera, Jesusek Jerusalemera egin duen lehenengo bidaia da. Han, Simeonek eta Anak Jesusen aldeko testigantza bizia egin dute. Espiritu Santua da kontakizun honetan protagonista nagusia. Espiritu Santuaz betea da Simeon, eta Espiritu horrek eragin dio tenplura. Espiritu horrek eraginda, herrien argi bezala aurkeztu du Jesus. Aldi berean, Mariari aurresan dio, semeak asko sufrituko duela. Berari ere, Mariari, ezpata batek zeharkatuko dio bihotza. Ana ere, emakume otoizlaria, Espirituaren eraginpean ari da.
Nolanahi ere, familiaz baino gehiago, Jesusez ari da gaurko ebanjelio hau. Garrantzizko esaldi honekin bukatzen da: «Haurra haziz eta sendotuz zihoan: jakinduriaz betea zegoen eta Jainkoaren onginahia berekin zuen» (Lk 2,40).
Inportantea da, bai Mateok eta bai Lukasek azpimarratzen duten hau: Jesus haziz eta sendotuz zihoala. Garai batean, San Joanen ebanjelioan oinarrituz, teologia bertikala azpimarratu ohi zen gure artean; alegia, batez ere, Jesusen jainkotasuna azpimarratu ohi zuen. Mateok eta Lukasek, berriz, teologia gorakorrari eman diote bidea; Jesus benetako gizon izateari. Jesus haziz zihoala, eta adinean, jakindurian eta Jainkoaren onginahian handituz zihoala esatean, ebanjelioa bera ari da esaten, Jesus benetako haurra zela. Gizatasun hau bete-betean aitortuko ez bagenu, Jainkoaren gizakundea eta Eguberri festa hitz huts izango lirateke. Baina, ez: Jainkoa gizon egin da, gu bezalako gizaki Azpimarra dezagun, bestalde, Jesus ez dela jaio handikien artean, baizik pobreen artean.
HERRIAREN ESKARIAK
1.-Elizaren alde: Jainkoaren Semea gure artean jaiotzeak guztiok pozik eta konfiantzaz bizitzera eraman gaitzan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Elizaren alde: benetan, Jainkoaren seme-alaben familia bezala bizi dadin: fede bera, esperantza bera, maitasun bera biziz. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Geure familien alde: Jainkoaren Hitzari irekirik bizi gaitezen; guztiak Jainkoaren nahia zein izango eta nola beteko ibil gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gerraren eta gosearen izugarrikeria jasaten eta bizitzen ari diren herrien alde: herri-agintariak eta aberatsak, beren probetxu hutserako bizi nahi izatea alde batera utzi eta premian dagoen jendearen alde egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.