Nekaldia San Lukasen arabera (Lukas 22,14─23,53)
Erramu Igandea C 2019-04-14
Ezin da komentatu lerro gutxi batzuetan Nekaldiaren kontaera, Lukasen ebanjeliokoa. Beronek bakarrik dakartzan pasadizo desberdinen artean, arreta berezia merezi dute, nire ustez, gurutzeko Jesusen ahoan Lukasek ipini dituen hiru hitzak. Jakina denez, ebanjelioetako bakar batek ere ez dakartza gurutzean Kristok esandako zazpi hitzak. Mateok eta Markosek bat bera bakarrik dakarte, Joanek hiru, eta Lukasek beste hiru. Batuaz, zazpi dira. Lukasen hirurak baliagarri izan ditzakegu gogoeta eta otoitz egiteko.
1.-Barkatuz hil
Jesus eta bi gaizkileak iritsi berri dira Kalbariora. Hiru lagun gurutziltzatzea imajina daitekeen baino lan nagiagoa eta krudelagoa da, baina Lukas ez da luzatu xehetasunak ematen. Une horretan Jesusek esan zuena adieraztera mugatu da: «Aita, barka iezaiezu, ez baitakite zer ari diren».
Etsaien eta barkazioaren gaia hasieratik agertu da ebanjelio honetan. Zakariasek, Joan Bataiatzailearen aitak, Jainkoa goratu du, Daviden ondorengo bat sustatu duelako «beldurretik aske, geure etsaien eskuetatik libre, geure bizitza osoan santu eta zuzen zerbitza dezagun». Beraren esperantza, ordea, ez da bukatu berak espero bezala. Beraren semea lepo egingo du Herodesek. Eta Jesus ez da mintzo bere etsaietatik aske izateaz. Hona zer agindu dien bere ikasleei: «maitatu zeuen etsaiak, on egin gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztenak, otoitz egin iraintzen zaituztenentzat». Orain, une erabakitzailean, urrunagora doa Jesus. Bere etsaientzat otoitz egiteaz gain, halakoak ulertzen eta desenkusatzen saiatu da: «ez dakite zer ari diren».
2.-Behin ere ez berandu bihotz-berritzeko
Jesus bi gaizkileen artean gurutziltzatu izana Mateok eta Markosek ere badiote (nahiz eta hauek «gaizkile» ez baizik «lapur» deitzen dieten; esan nahi da, «terrorista» direla, gauza logikoagoa, lapurrak ez baitzituzten gurutziltzatzen: saldu egiten zituzten esklabo). Baina beste hau da alderik handiena: Mateogan eta Markosengan biek iraintzen dute Jesus; Lukasek gauza oso desberdin bat dio: batak Jesusi, ironiaz, bere burua eta bi lagunak salbatzera eragiten dio; besteak Jesus defendatzera jo du, haren errugabetasuna aitortu du eta, bere erreinura iristean, bera gogoan izateko eskatu dio. Guztiok ezagutzen dugu Jesusen erantzuna: «Gaur nirekin izango zara paradisuan».
Eszeptikoren batek esan lezake, Lukasen asmazioa dela lapur onaren ustekabeko bihotz-berritze hau. Lukasek erantzun lezake: «Horrela gertatu ez balitz, gerta zitekeen». Ebanjelariak adierazi nahi diguna, izan ere, hau da: bihotz-berritzeko behin ere ez dela berandu. Duela hiru igande komentatu genuen parabola batean, nekazariak urtebeteko epea eskatu zuen mahatsondo agorrarentzat. Zakeok ondorengo bizitzaldi guztia izan zuen bere bihotz-berrikuntza frogatzeko. Lapur onak ordu batzuk bakarrik ditu hil aurretik, eta berehala baliatu da abaguneaz, eta hitz-apur horiek balio izan diote salbatzeko. Aldi berean, Jesusen erantzuna kontsolamendu da gu guztiontzat heriotza-ordua iristean: «Gaur nirekin izango zara paradisuan».
3.-Jainkoaren eskuetan hil
Hil aurretik Jesusek azkenik esan zuena ere bestelakoa da ebanjelioen arabera. Markosek eta Mateok 22. salmoaren hasiera ezarri dute Jesusen ahoan: «Ene Jainko, ene Jainko! Zergatik utzi nauzu eskutik?» Bertan behera utzia denaren, esperantzarik gabeko baten oihua dela ematen du. Salmoa irakurtzen jarraituko duenak, ordea, erreparatu du, Jainkoaren ahazteak eta sufrimenduak azken garaipenari uzten diotela txanda. Hau ziurra den arren, Lukasek pentsatu du beraren irakurleek ez dutela ulertuko eta Jesus etsirik hil zelako ustearekin geldi daitezkeela. Horregatik, hona zein azken hitz ezarri dituen Jesusen ahoan: «Aita, zure eskuetan uzten dut neure espiritua». Horrela, Jesusen lurreko bizitzaren azkena apostoluen jardueraren hasierarekin ahokatu da. Bataiokoan zerutiko ahots hau entzun zuen: «Zu ene seme maitea zara». Orain, oinazealdian eta heriotzakoan, Jainkoak eskutik utzi duela ematen duen honetan, «Aita» bezala ikusten jarraitu du Jesusek, aita on bezala zeinen eskuetan erabat jarri baitezake bere burua.
Nekaldiaren kontaera oinaze-historia da, Jesusen aurkako zuzengabekeriaren, sufrimendu fisiko eta moralaren aurkako historia. Baina Lukasek, Jesusen azken hiztzat, bera bezala bizi eta hiltzeko irakaspen eta kontsolamendu izan ditzakegunak eman dizkigu.
José Luis Sicre