Erramu igandea B / José Luis Sicre / 2015-03-29

Igande honetan Jesusen Nekaldia irakurtzen da Markosen ebanjeliotik (14,1–15,47). Oso luzea delako, bi arreta-puntu iradokitzera mugatuko naiz (Jesus eta haren ikasleak) eta nekaldiaz lau irakurketa posible eskaintzera.

Bi arreta-puntu

Nor da Jesus?

Markosen 15. kapituluari kontraste handia nabari zaio aurreko (13. eta 14.) biekiko. Azken bi hauetan, arerio-mota askoren aurrez aurre ageri da Jesus, eztabaida desberdinetan, eta erraz gainditzen dituela. Ondoren, arerioek, maila intelektualean gaindituak izan direla ikusirik, Jesus maila fisikoan garaitzea erabaki dute: Jesus hilez (14,1). Jesusengan gehiena nabarmentzen dena, gertatuko denaz duen ezagutza eta jakinaren gainean egotea da: badaki hurbil dela beraren hobiratzea (14,8), bereetako batek salduko duela (14,18), ezinbestean hilko dutela (14,21), ikasleak barreiatu egingo direla (14,27), hurbil dela salduko duena (14,42). Sail honetan jaulki dituen hitzetan, bere azkenaren kontzientzia nabari zaio Jesusi eta tristura-ukitu handia. Heriotza hurbil ikusten duen edozeinek bezala, Jesusek badaki badirela behin betiko galtzen diren gauza batzuk: adiskideen hurbiltasuna («ni ez nauzue beti zeuekin izango»: 14,7), kopako ardoa partekatzea (14,25). Ez zaio falta, ordea, esperantza-ukitu bat ere: berriro gozatuko du ardoaz Jainkoaren Erreinuan (14,25), berriro egingo du topo ikasleekin Galilean (14,28). Baina Jesusen hitzetan tristura da nagusi; samina bera ere bai (14,37.48-49), zeinekin Jesusen gizatasun sakona –beste behin ere– azpimarratu nahi baitu Markosek.
Lau aldiz da galde- edo jardun-gai kapitulu hauetan Jesusen nortasuna: Mesias ote da galdetu dio apaiz nagusiak (14,61), juduen Erregea ote den galdetu dio Pilatok (15,2), beragan sinetsi ahal izateko baldintza bezala gurutzetik jaisteko eskatu diote apaiz nagusi eta lege-maisuek (15,31-32), Jainkoaren semea dela aitortu du ehuntariak (15,39). Apaiz Nagusiaren galderari baietz erantzun dio Jesusek, baina erantzunaren ardaztzat, Mesias ez, baizik Jainkoaren Seme garailea emanez (14,62). Pilatoren galderari, izkina eginez erantzun dio: «zeuk diozu» (15,2). Apaiz Nagusien eta lege-maisuen baldintzari ez dio erantzun. Ehuntariak Jainko Seme aitortu duenean, hila dago Jesus.

Ikasleak

Ezagunak dira datuak. Triste jarri dira beraien arteko batek Jesus salduko duela jakitean; baina, ordua iristean, guztiek egiten dute ihes. Beste behin, Pedro nabarmendu da erantzun horretan ere. Beste guztiak baino goragoko aitortu du bere burua, leialago eta sendoago (14,29), baina Getsemaniko baratzean loari amore emanez hasiko da (14,37) eta Jesus ukatuz bukatu du gero (14,66-72). Ikasle guztiek egin dioten uzte honen testuinguruan, Kalbario mendiko eszenak indar berezia hartu du, emakumeez hitz egin eta esaten denean, ez bakarrik gurutzearen oinean egon direla, baita Jesusek bere bizitzan lagun izan dituela ere (15,40-41).

Jesusen nekaldiaz lau irakurketa posible

Jesusen identifikazio pertsonal eta afektiboaren irakurketa

Alde honetatik eskura dugun testigantza idatzirik antzinakoena, San Paulorena da. Batzuetan, Jesusen heriotzaz mintzo denean, hoztasun edo lehortasun dogmatikoz egiten du, gure bekatuengatik hil zela gogoratuz. Baina beste noizbait era oso pertsonal eta afektiboan fokatzen du: «Kristorekin gurutziltzatua naiz, eta jada ez naiz ni bizi, baizik eta Kristo bizi da nigan. Eta oraingo neure bizitza bizi, maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen Jainkoaren Semeaganako sinesmenean oinarriturik bizi dut» (Gal 2,19-20). Hari bertsuan, Loiolako Ignazio santuaren arabera, Gogo Jardunen hirugarren astean, nekaldia kontenplatzen den hartan, Gogo Jardunen egileak hau behar du eskatu: «mina Kristo minduarekin, atsekabea Kristo atsekabetuarekin, malkoak eta barneko nekea Kristok nigatik jasan zuen hainbesteko nekeagatik» (GJ 203).

Haserrezko irakurketa

Goizero egin ohi duguna da egunkaria irakurtzean, tituluak eta albisteak irakurtzen ditugunean, arnegu, irain eta madarikazio guztiekin. Nekaldiaren kontakizunek hartarainoko zapalketa, injustizia eta saldukeria-piloa dakarte, non haserrezko irakurketarako bide ematen baitute. Halaz guztiz, ebanjelioek ez dute gonbidatzen irakurlea inoiz ere, ez Judasen saldukeriagatik haserretzera, ez Jesus kondenatzen duten agintari judu eta erromatarrak madarikatzera, ez Jesus isekatzen dutenak isekatzera, ez nork bere gorputzean sentitzera zigorkadak, arantzazko koroa edo iltzeak, ez Jesusen heriotzagatik negar egitera. Ebanjelioek ez dute helburu, inoiz ere, sentimenduak eragitea eta, askoz gutxiago, sentimentalismoa sustatzea.

Irakurketa xehea

http://www.4shared.com/postDownload/YtfXHj0K/pasion_en_mc.html

Nire iruzkina –honen gainean datorren helbidetik jaitsi daiteke– testua irakurtzean datza, lau alderdiri arreta eskainiz:
1.- pasadizo bakoitza zehatz banatzea, nahiz agian gehiegikeria irudi dakiokeen irakurleari; adibidez, Getsemaniko otoitzaren kontakizunean zazpi une bereiztea; alabaina, modu bakarra da, xehetasun garrantzizko batzuk alde batera ez uzteko;
2.- protagonistak, ohartaraziz, zer duten egiten edo zer ez, zer duten esaten edo esaten ez, nola erreakzionatzen duten, zergatik mugitzen diren, zer sentitzen duten;
3.- kontatzen den ekintza eta haren oinarriak; batzuetan informazio-alderdia nagusituko da, zeren batzuetan ez baitira ondo ezagutzen zenbait detaile: adibidez, Pazkoaren ospakizuna juduen artean eta Qurmran-en edota Sanedrinaren auzia.
4.- Markosen arte narratzailea; askotan kontuan hartzen ez dena, baina haren teologia atzemateko baliagarri dena.

Irakurketa-molde honek, eszena guztiei metodo bera ezarri arren, haietako bakoitzaren berezitasuna nabarmentzen du, eta agerian jartzen, ezen nekaldiaren kontakizuna itxuraz egunerokoak diren eta lazki dramatikoagoak, adibidez Getsemaniko otoitza, diren pasadizoek eratzen dutela. Axola duena, pasadizo bakoitzaren espiritua eta mezua eta ebanjelio bakoitzaren mezu orokorra atzematea da.

Irakurketa interaktiboa eta otoizlaria

Honen aurreko iruzkinari emandako erantzun pertsonala izango litzateke; testuak iradokitzen duena hausnartuz eta zer eskatu iradokitzen duenaz gogoeta eginez.

JOSE LUIS SICRE