Erramu igandea B (2018-03-25)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Markosen ebanjelioan, entzun dugun Nekaldiaren kontakizunean, puntu hauek azpimarratuko genituzke:

1.-Jesusen bakartasuna: handia da bakartasun hori: Pedrok ukatu; ikaslerik ez inguruan.

2.-Jesusen isiltasuna: harrigarria da isiltasun hori. Auzikoan zenbait hitz bakarrik; Pilato bera ere harriturik isiltasun horretaz.
Gurutzean esaldi labur bat bakarrik: «Eloi, Eloi, lama sabactani» (Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?). Hitz hauek, erromatar soldaduarentzat etsipen-oihu izan dira; judu batentzat, berriz, garaipen-oihu dira; 22 (21). salmoko lehen hitzak dira; salmo hori halaxe da: konfiantzaren eta garaipenaren aitorpen: «Zugan jarri zuten beren esperantza gure arbasoek; esperantza jarri eta libratu zenituen…».

3.-Bakartasun eta isiltasun horien aurrean, gogoeta bat: Erramu-egunean jendeak estimu handia agertu dio Jesusi; estimu hori agertzetik, gaitzestera pasatu da, kondenatzera: josi gurutzean. Lehenik, Mesiastzat, askatzailetzat, salbatzailetzat aitortu, eta gero kondenatu.

4.-Ematen du, Markos ebanjelariak bi alderdi hauek nabarmendu nahi izan dituela: Jesus, Mesias Errege eta Jesus, Mesias Apaiz.
● Mesias Errege: epaileek, jendeak, soldaduek emandako tratuan behin eta berriz ageri da errege delakoa. Pilatok berak: Zuen erregea galdu behar al dut? Eta soldaduek: Agur, errege!
● Mesias Apaiz: Apaizek hil dute Jesus. Soldaduek gorriz jantzi dute Jesus; gorriz apaizak bakarrik janzten ziren
Azken epaia erromatar ehuntariak eman zuen: gizon hau benetan Jainkoaren semea zen.

5.-Izan dezagun gogoan ipuineko gazte eta agure haien pasadizoa: gaztea, dena utzi, eta agureagana doa, eta lehen galdera: «salbatuko al naiz», eta agureak: «ez, ez zara salbatuko». Eta gazteak, larri eta harriturik: «dena utzi dut-eta». Eta agureak: «Ez zara salbatuko. Zu, salbatu egingo zaitu Jainkoak».

Esateko da, gure salbatzailea Jainkoa dela, Jesus dela. Gure konfiantza harengan ipini behar dugula. Eta ez, jakina, mundu honetako gizon-emakumeengan. Askoz gutxiago mundu honetako gauzetan. «Jesus Jauna, zu zara nire ametsa, zu zara nire esperantza, zu zara nire salbatzailea».

Dionisio Amundarain