Igandea erramurik GABE (2020-04-05)
Koronabirusak lortu du gerla zibilek eta mundukoek aspalditxo honetan lurralde katoliko batzuetan lortu ez zutena: Erramu igandean prozesiorik ez egitea. Igande honetako liturgiako lehen ekintza izan ohi da prozesioa, Jesus Jerusalemen era solemnean (eta suizidan) sartu izana gogoratzen duena. Geza Vermes parafraseatuz: «ausarkeria-egintza unerik desegokienean».
Liturgiaren bigarren zatiak ez du antzeko izaera pozgarri eta jaitsurik. Mateoren araberako Nekaldia irakurtzea du erdigune; beroren zentzua argitu nahi duten bi testu ditu aurretik. Zein zentzu dute Jesusen sufrimenduak eta heriotzak? Porrota al du Jesusek bere azkena?
Sufritu, kontsolatu ahal izateko (Isaias 50,4-7)
Profeta anonimo batek, kristauok Jesusekin bateratzen dugunak, bere esperientziaren alde bat kontatzen du. Misio bat jaso du: «lur joa denari arnasa-hitz bat eskualdatzea». Bizi dugun kinka honetan, Iberiar Penintsulan bederen, guztiok gara adore emango digun hitz horren beharrean, horrenbeste heriotza, gaixotasun eta sufrimenduren artean. Baina profeta honen esperientzia da ezen, sufritzen ari dena adoretzeko, berak duela sufritu beharra. Eta berehala onartu du zori hori: «Sorbalda eskaini nien jotzen nindutenei, masaila bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei. Ez nien ezkutatu aurpegia irainei eta listuei».
Apaldu, beste edozein bezalako izateko (Filipoarrei 2,6-11)
Hain sarri eman ohi den harrotzeko, garena baino itxura handiagoa egiteko, tentazioaren aurrean, Jesusek ez du agertu nahi izan bere jainkozko izaera eta erantzi egin da goreneko bere mailaz. Paulo dio, horrela «beste hainbaten arteko» bezala agertu dela. Egia esateko, mailarik beherenean kokatu zen, Erromatar inperioan zuten heriotzarik lotsagarrieneraino beheratu baitzen: gurutzeko heriotzaraino.
Sufritu eta apaldu, garaitzeko
Lehen bi irakurgaiak garaipena ziurtatuz bukatu dira. «Ene Jauna nuen lagun… badakit ez naizela lotsagarri geldituko», dio Isaiasen poemak. «Jainkoak ororen gainera jaso zuen», eta guztiek Jesus adoratu eta gorets dezaten egingo du, esanez bukatu du Paulok. Garaile irtengo den ziurtasun honekin bukatu behar dugu geuk ere Nekaldia irakurtzea, eta horretara fokatu geure sufrimenduak.
Nekaldia San Mateok dakarrenez (26,14—27,66)
Jesusen jendaurreko bizitzako beste puntu batzuetan gertatu ohi denez, ebanjelioak ez datoz bat nekaldiko xehetasun guztietan. Kontuan izanik, bereziki, Mateok gehitzen edo aldatzen dituen pasadizoak, alderdi hauek bereiz ditzakegu beraren kontakizunean:
1. Ikuspuntu kristologikoa: Jesusek badaki nekaldira doala, ez zaio gertatu ezustean, beraren heriotza ez da izan zuhurtzia-faltaren edo aurreikuspen-ezaren fruitu.
2. Ikuspuntu juridikoa: Auziaren zuzengabekeria eta judu-agintarien erruduntasuna azpimarratu ditu Mateok.
3. Eliz ikuspuntua: Paganoak izan dira Jesusen errugabetasuna eta duintasuna hobekienik atzeman dutenak: Pilatoren emaztea, ehuntaria gurutze-oinean. Ikuspegi honek lotura du Jesus haurra adoratzeko etorri diren Magoen hasierako bisitarekin.
Egun hauetan ohi baino asti-egun gehiago dugunez, beste agiri bat bidali dut: Mateoren nekaldiaren kontakizun osoaren iruzkina.
José Luis Sicre