EZ ZAITEZ JAITSI GURUTZETIK Mateo 26,14─27,66
Erramu igandea A 2020-04-05

Ebanjelioen kontaerak dioenez, Jesus gurutziltzatuaren aurretik igarotzen zirenek iseka egiten zioten, eta, beraren sufrimenaz barre eginez, bi iradokizun sarkastiko egiten zizkioten: Jainkoaren Semea bazara, «salba ezazu zeure burua» eta «jaitsi zaitez gurutzetik».

Horixe da, zehazki, gure erreakzioa sufrimenduaren aurrean: geure burua salbatu, geure ongizatea bakarrik kontuan hartu eta, ondorioz, heriotza saihestu, bizitza guztian sufriaraz gaitzakeen guztia nola urrunduko ibili. Gu bezalakoa izango ote da Jainkoa ere? Kontuan bere burua eta bere zoriona bakarrik duen norbait?

Jesusek ez dio erantzun iseka ari zaizkionen probokazioari. Ez du hitzik esan. Ez da argibiderik emateko ordua. Isiltasuna du bere erantzun guztia. Mespretxua agertzen diotenentzat begirunea eta, batez ere, errukia eta maitasuna den isiltasuna da.

Isiltasuna hautsi, aldarri erdiragarriaz Jainkoari dei egiteko bakarrik hautsi du Jesusek isiltasuna: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?» Ez dio eskatu salba dezan gurutzetik eraitsiz. Soilik, ez dadila ezkuta, ez dezala bera bakarrik utzi heriotzako ordu horretan, mutur-muturreko sufrimendu horretan. Eta Jainkoa, beraren Aita, isilik gelditu da.

Jainkoaren isiltasun hori hondoraino adituz bakarrik ikusten ahal dugu beraren misterioaren apur bat. Jainkoa ez da izaki boteretsu eta garaile bat, lasaka eta zoriontsu bat, giza sufrimenduaz axolagabe bat, baizik eta Jainko isila, ahaltasun gabea eta umiliatua, gurekin batean sufritzen duena oinazea, iluna eta heriotza bera.

Horregatik, Gurutziltzatua kontenplatzean, gure erreakzioa ezin izan da iseka eta mespretxua, baizik eta konfiantzazko eta esker oneko otoitza: «Ez zaitez jaitsi gurutzetik. Ez gaitzazu utzi bakarrik geure atsekabean. Zertarako izango genuke on gure sufrimendua ezagutuko ez lukeen Jainko bat? Nork ulertzen ahal liguke?»

Norengan jartzen ahal lukete esperantza ezkutuko hainbat eta hainbat kartzelatako torturatuek? Norengan jartzen ahal lukete esperantza hainbat eta hainbat emakume umiliatu eta bortxatuk, inolako defentsarik gabek? Zeri heltzen ahal liokete gaixo kroniko eta hilzorikoek? Nork eskaintzen ahal liekete kontsolamendurik hainbat gerla, terrorismo, gose eta miseriatako biktimei? Ez. Ez zaitez jaitsi gurutzetik, zeren, geure ondoan «gurutziltzaturik» zu sentitzen ez bazaitugu, «galduago» gertatuko baikara.

Jose Antonio Pagola