ERRAMU IGANDEA B (2018-03-25)

SARRERA (Prozesioa baino lehen)

Ongi etorri, senideok. Aste Santuko ospakizunak hastera goaz. Gure erramu-adarrak eskuan ditugula, Jesus Jerusalemen sartu zela gogoratu eta gertaberritu nahi dugu: Jesus asto gainean sartu da hirian, eta jendea Jesusi goraka eta goraka ari da. Guk ere goratu egin nahi dugu, harengan sinesten dugulako; sinetsiz, egun hauetan hark egin zuen gurutze-bidea eta pìztuera berritu nahi ditugulako. Haren gurutze-bidea eta piztuera geure gurutze-bide eta piztuera direla sinesten dugulako. Eska diezaiogun sendotu dezala gure fede hori.

PROZESIOKO EBANJELIOAREN AURRETIK (Markos 11,1-10) (Prozesioa baino lehen)

Jesusek, Jerusalemen handikiro sartuz, bera Mesias dela agertu nahi dio herriari; mundua salbatzera, Jainkoak bidalitakoa dela. Halere, sartzeko moduarekin ─asto gainean─, adierazten du bere salbamena ez dela modu militarrean egina, modu politiko harroan gauzatua. Baizik modu apalean, bakezkoak. Ez du inor behartzen. Norberak behar du erabaki, Jesusen salbazioa onartu ala ez.

LEHENENGO IRAKURGAIA (Is 50,4-7) (Prozesioaren ondoren)

Isaiasen pasarte hau Jaunaren Zerbitzariaz ari da. Zerbitzariak gogotik hartu du bere zeregina, zeregin horrek neke handiak ekarriko dizkiola jakin arren. Jainkoaren Hitza entzuteak eragin dio horretara. Badaki, Jaunaren laguntza izango duela, eta konfiantza horixe agertuko du. Hori bera egin zuten profetek; adibidez, Jeremiasek. Hori bera egin du Jesusek. Jainkoak nahi dezala guk ere bide horretatik jotzea, adoretsu, kementsu, konfiantzaz.

EBANJELIOA SAN MARKOSEN LIBURUTIK (14,1—15,47)

Markosen ebanjelioan datozen gertaera guztiek puntu nagusi bat dute jomuga; gurutzean Jesus hiltzen ikusitakoan, erromatar ehuntariak bota zuen hau: «benetan Jainkoaren semea zen hau»
Kontakizunak hiru etapa ditu: Jesus atxilotzea, auzia eta gurutzean hiltzea. Baina kontakizun horren aurretik, beste bi puntu ditu, esanahi handikoak: Betanian olio usaindunez gantzutua izana eta pazko-afaria.
Kontakizunak hau nabarmendu du: ikasleek ihes egiten dutela eta Jesusek adore handiz eusten diola Aitak eskatutakoari.
Auziak bi zati ditu: lehenengoa agintari erlijiosoaren aurrean; bigarrena agintari zibilaren, Pilatoren, aurrean.
Heriotza lau-lau kontatu du Markosek: Jainkoaren Semea delako hil dute Jesus. Erromatar ehuntaria izango da hori aitortuko duen lehenengoa: Jesus Jainkoaren semea dela, alegia. Egin dezagun geure ehuntariaren aitorpen hori: benetan Jainkoaren Semea da Jesus.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Herri guztien alde: Jesusengan Jainkoaren maitasuna ikustera irits daitezen. Eska diezaiogun Jaunari

2.-Jesus ezagutu eta aitortu dugunon alde: gure fedea gero eta sutsuagoa izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari

3.-Sufritzen ari diren guztien alde: beren sufrimena Jesusen sufrimenarekin bat egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Hemen elkartu garenon alde: gure Aste Santu hau, benetan, Jesusen Pasioaren ospakizuna izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.