Trufania (Epifania)
Lehen irakurgaia
(Pagano herrialdeak Jerusalemeren argirat buruz )
Izai profetaren liburutik 60,1-6
1 Xuti, distira, Jerusaleme, etorri baita zure argia,
eta zure gainean zabaldu Jaunaren aintza.
2 Beha : ilunbeak lurra estaltzen du,
bai eta gau beltzak herriak oro;
zure gainean aldiz, altxatzen da Jauna
eta haren aintza zure gainean agertzen.
3 Zure argiari buruz etorriko dira herriak,
eta zure goiz-argi zirrintari buruz erregeak.
4 Altxa begiak inguruz inguru, eta beha:
Guziak biltzen dira, heldu zaizkitzu;
zure semeak urrundik datortzi,
eta besoetan dakartzate zure alabak.
5 Orduan ikusiko duzu eta distiratsu izanen zira,
bihotza jauziko zaitzu eta hantuko.
Zureganat etorriko dira itsasoko ontasunak,
gizaldeen aberastasunak zuri ekarriko dauzkitzute.
6 Kamelu-taldeek estaliko zaituzte,
bai eta Madian eta Efako dromedarioek.
Zabako jendeak etorriko dira,
urrea eta intsentsua ekarriz,
eta Jaunaren laudorioak aipatuz.
Iduri luke Izaik Betleemerat Magoen etortzea aintzinetik ikusten zuela ! Bainan Izai
mintzo da beti bezala, bere garaikide edo mendekideentzat, Jerusalemez ; eta hunentzat
etorkizun ospetsu bat ikusten du. Haren erranaldi guzietan bada argi : Jerusalemeren argiak
beste argi guziek baino gehiago argituko du.
Izairen mezua egungo egunean hau da : iduri zauzue tunel batean zireztela, bainan ororen
buru argia hor da. Orroit agintza : heldu da Eguna nun denek Jerusaleme Hiri Saindutzat
ezagutuko baitute. Ondorioz : ez lotsa. Lotsa, errautsia izaitea, ez dira on Jainkoaren agintzak
ekartzen dituen populu batentzat. Gure profetak, bere herriaren gogoen altxatzeko, argumentu
bat baizik ez du : Jerusaleme Hiri Saindua da, Jainkoak hautatu hiria, han bere presentziaren
seinalea egon dadin. Agintzak ez du garaipen politiko bat helburu, bainan Jainkoaren eta
gizadi guziaren garaipena, biek bat egiten dutela, azkenian ezin hobeki, Hiri Sainduan.
Urtez urte, Trufaniaren ospatzeak gizon guzien alderateko Jainkoaren asmo miresgarri hori
orroitarazten dauku. Guri da, Izairi bezala, gure gauaren erdian, argi hastearen lehen zirrintari
ohartzea.
Salmoa 71
Leloa : Herri guziak belauniko
Zaizkizu, Jauna, etorriko.
Emozu, Jauna, zure argia erregeri,
Zuzen dabilan zu iduri ;
Zuzenki bezo mana zure den jendeari,
Zure xumentzat xuxen ari.
Haren urtetan zuzentasuna dena lore,
Lurra lur deno, denek bake.
Hak itsasotik itsasoraino denak bere,
Ibaiak eta lurrak ere.
Tarzizko eta urrungo jaunak ahuspeka,
Dena emaitza badabilzka.
Egonen zaizko lurreko jaunak belauniko:
Jende guziak haren peko.
Lagunduko du oihuz ari den behartsua
Eta guziek ukatua.
Dohakaberi luzatuko du maiz eskua.
Heien zain dago apaldua
Biblian bada mezu bat beti errepikatua dena Abrahamez geroztik : elkargo egin du
Jainkoak Izraelekin : “Zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri guziak .” (Has 12,3) Eta
entzun hau ere: “Lurralde hau zure ondokoeri emaiten diet, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates
ibai haundiraino..” ( Has 15, 18)
Bertze mezu bat ere, salmo hunek kantatzen duena : Errege bat sustatuko du Jainkoak,
errege bat bere erregetza zuzentasunean eremanen duena, behartsuen zuzenak zainduko
dituena : “Haren urteetan zuzentasuna dena lore.” Beraz gizonaren biziak sentsu bat,
norabide bat badu. Jainkoak xede bat, egitasmo bat badu gizakiarentzat. Bi Testamenduek
hori diote. Profetentzat norabide horren helburua hau da : “Jaunaren Eguna”, “Zeruetako
Erresuma.” Paulok ere etorkizun horri buruz goazila erraiten dauku.
Hitzemana den erregea Mesias da. Alabainan Salmo hau J.K. aitzineko 500-100 urte
artean, idatzia izan da, Babiloniako desterruaren ondotik Izraelek erregerik gehiago ez
zuelarik. Errege hori jinen denean, orduan da gizartean bizi den zuzentasun eta bakezko
amentsa obratuko. Ez da ustegabetarik Jerusalemek “Bakearen hiria” erran nahi baitu
hebrearrez. Bibliaren indarra eta ausartzia hemen dago : itxura guzien gainetik esperantza
atxikitzea eta kantatzea. Bakea jinen da. Eta bakerik ez baita zuzentasunik gabe, “Haren
urtetan zuzentasuna dena lore” eta “Lagunduko du oihuz ari den behartsua.” Jaunak
hitzemana du: “Egia da ez dela zuen artean behartsurik izanen.” (Dt 15, 4) Salmo huntako
otoitzak Bakearen Egun hori ahal bezein laster jin dadien du eskatzen. Otoitz egiten
dugunean, Jainkoaren begiekin munduari behatzen ikasten dugu. Jainkoaren xedea gogoan
daukagula, Izpirituak emaiten dauku behar dugun indarra gure gudua bururaino eremaiteko.
Bigarren irakurgaia
( Gizon guziak salbamendurat deituak dira )
Jondoni Paulok Efesako girixtinoeri 3,2-3.5-6
Haurrideak,
2 badakikezue Jainkoak bere onginahian
zuen onerako eman dautan grazia:
3 goi-agerpenez jakinarazi daut Kristoren mixterioa.
5 Mixterio hori ez zioten lehengo gizaldieri jakinarazi;
orai, ordea, Izpirituaren bidez,
bere apostolu saindueri eta profeteri agertu diote.
6 Mixterio hori da: Ebanjelioari esker
paganoak ondare berean kide direla,
gorputz beraren menbro, eta agintza berean barne,
Kristo Jesusen baitan.
Paulok hemen bere erran-molde famatua erabiltzen du : Jainkoaren onginahizko xedea.
Mixterio hitza ere aurkitzen dugu. Pauloren erranetan, ez da hori sekretu bat, Jainkoak
beretako bakarrik atxik dezakeena. Aitzitik, haren barnatasunean sartzea da. “Goi agerpenez,
Jainkoak jakinarazi daut kristoren mixterioa.” Mixterio hori, erran nahi baita, haren
onginahizko xedea, Jainkoak emeki emeki agertzen dauku. Bibliako historia luzean ageri da
Jainkoak erakutsi duen irakaspide luzakor, iraunkor eta jasankorra : hautatu duen populua
bere mixterioan sarrarazi. Jainkoak, emeki-emeki bere burua agertu dio. Agertze hortan ozka
bat gorago igan du Kristorekin. Gizadiaren historia bi garaitan berexten da : Kristo
aintzinekoa eta Kristo ondokoa. “Kristoren mixterioa” huntan da, Pauloren arabera : Kristo
dela munduaren eta historiaren erdigunea, zeru-lurrak osoan izanen direla hartan bateratuak,
burua eta menbroak elgarri lotuak diren bezala.
Gure Aitan “egin bedi zure nahia” erraiten dugularik, Jainkoaren xede hori dugu
aipatzen, eta emeki emeki erranaldi hori errepikatuz, Jaunaren Egun horren lehia ukanen dugu
gure baitan, asmo hori obratua izan arte. Jainkoak badu gure beharra bere onginahizko
asmoaren betetzeko : magoek izar bat ikusi zuten, harengatik bideari lotu baitziren : gure
garaikide frangorentzat ez da zeruan izarrik izanen, bainan Berri Onaren lekukoak beharko
dira.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Ikusi dugu haren izarra dirdir ari,
Eta Jaunaren adoratzera gu etorri.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 2,1-12
1 Jesus Judeako Betleemen sortu zelarik,
Herodes erregearen egunetan,
huna mago batzu etorri zirela
iguzkialdetik Jerusalemerat, galdeka:
2 ” Non da Juduen errege sortu berria?
Haren izarra iguzkialdean ikusi dugu,
eta aitzinean ahuspekatzera heldu gitzaizkio.”
3 Hori entzutearekin, Herodes erregea durduzatu zen,
eta Jerusaleme guzia harekin.
4 Orduan, herrriko apezburu eta lege-irakasle guziak bildurik,
Mesias non sortzekoa zen galdegin zioten.
5 Heiek ihardetsi:
” Judeako Betleemen, hau baita profetak izkiriatua:
6 Eta zu, Judako Betleem,
ez zira, ez, Judako hirietan ttipiena,
zureganik aterako baita buruzagi bat,
Izrael nere herriaren artzain izanen dena.”
7 Orduan, Herodesek magoak ixilka deitu zituen
jakiteko izarra xuxen noiz agertu zitzaioten.
8 Gero, Betleemerat igorri zituen, erranez:
” Zoazte eta galda xeheki haurraren berri,
eta, aurkituko duzuenean, jakinaraz zadazue,
ni ere aitzinean ahuspekatzera joan nakion.”
9 Erregea entzun-eta, abiatu ziren.
Eta huna iguzkialdean ikusi zuten izarra aitzinean zoakotela,
haurra zagon tokiaren gainean gelditu arte.
10 Izarra ikustean, bozkario handiz boztu ziren.
11 Etxean sarturik, ikusi zuten haurra, Maria bere amarekin,
eta ahuspez emanik, adoratu zuten.
Beren kutxak zabaldurik, emaitzak eskaini ziozkaten:
urrea, intsentsua eta mirra.
12 Eta Herodesenganat ez itzultzeko ametsetan jakinik,
beste bide batetik itzuli ziren beren herrialderat.
Deneri iduri zauku errege magoen historio hori ezagutzen dugula. Matiuren ebanjelioko
testoari berari behar dugu lotu eta ez ipuiak hortaz egin duenari : ez da “erregerik”, ez eta
“hiru” zirelakorik, edo larrua zer koloretakoa zuten.
Paleztinan, Balaamen profeziaren gatik (Zen 24,17) Mesiasen erreinua izar batez agertua
izanen zela beha zauden. Balaamek ospetsuki erran zuen : “Ikusten dut… begien aintzinean
dut…: Jakoben herritik izar bat ateratzen da, Izraeletik errege-makila jauzten.” Matiuk,
jadanik, Jesusen bizi guziko laburpen bat emaiten dauku hemen, zeren bere bizi osoan Jesus
izanen baita, politiko eta erlisione gizonen aldetik, etsaigoz et haserrez inguratua : “Herodes
erregea durduzatu zen eta harekin Jerusaleme guzia.” (Mt 2,3) Tokiaz jakinean jartzen da.
Erantzuna garbi da : Biblian aurkitzen da. Mikeas profetak erran du : Mesias Betleemen
sortuko da. Gero, Herodes haurraren adinaz jakinean jartzen da. Arte haundi bat hartuz,
Herodesek bi urtez petikako haur guziak hilaraziko ditu. Oraikotz, magoak Betleemi buruz
igortzen ditu.
Ustegabekoa hemen : alde batetik paganoak diren magoak, bertzetik judu populuaren
erlisione buruzagiak, Jainkoaren gauzak dazkitenak, Jainkoaren agintzak ezagutzen, profeziak
gogoz, hutsik egin gabe, erraiten ahal dituztenak. Paganoak, Mesiasen etortzea aitortu dutenak
eta haren ganat abiatuko direnak, lehenak izan dira.
Oroz gainetik, magoek beren emaitzekin, Mesias beraren mixterioa agerrarazi dute:
Urreak erraiten dauku errege dela. Intsentsuak aldiz, Jainko dela. Azkenik, mirrak, hunekin
hilak gantzutzen baitziren, erraiten dauku gizon hilkor bat dela.