ZEIN ADORATZEN DUGU?
Epifania B 2015-01-06

Magoak ekialdetik etorri dira, juduentzat astrologiaren eta beste zientzia arrotz batzuen aberria iradokitzen duen leku horretatik. Ez dituzte ezagutzen Israelgo liburu santuak, baina bai izarren hizkuntza. Egiaren bila dabiltza eta bideari ekin diote haren bila. Misterioari gida ditzan utzi diote, «adoratu» beharra sentitu dute.

Haien etorrerak Jerusalem osoa asaldatu du. Izar berri bat ikusi dute magoek distiratzen, eta «juduen erregea» jaio dela pentsarazi die, eta hura «adoratzera» etorri dira. Errege hau ez da Augusto. Ezta Herodes ere. «Non da?» Horra haien galdera.

Herodes «asaldatu da». Albisteak ez dio eman inolako pozik. Bera da Erromak «juduen errege» izendatu duena. Jaioberria garbitu egin behar dute: non da arerio estrainio hori? «Apaiz nagusiek eta lege-maisuek» ezagutzen dituzte Liburu Santuak eta badakite Betleemen jaiotzekoa dela, baina ez dute haurraren ardurarik eta ez dira atera hura adoratzera ere.

Jarrera horixe aurkituko du Jesusek bere bizitza guztian: areriotasuna eta ukoa botere politikoaren ordezkarien aldetik; axolarik eza eta aurre egitea buruzagi erlijiosoen aldetik. Soilik, Jainkoaren Erreinuaren eta haren zuzentasunaren bila dabiltzanek egingo diote ongietorri.

Magoek aurrera jarraitu dute beren bilatze luzean. Tarteka, gidari duten izarra ezkutatzen da, duda-mudan utziz. Beste batzuetan, berriro distiratzen du, «egundoko pozez» betetzen dituela. Azkenean topatu dute Haurra, eta, «belauniko jarririk, adoratu dute». Ondoren, haren zerbitzura utzi dituzte beren aberastasunak eta altxorrik baliotsuenak. Haurrak zerbitzari ditu magoak ordudanik, Errege eta Jaun aitortu dute.

Itxuraz xume delarik ere, kontakizun honek funtsezko galderak planteatzen dizkigu: zeinen aurrean belaunikatzen gara gu?, zein izen du geure izatearen sakonean adoratzen dugun «jainkoak»? Kristau garela diogu, baina Betleemeko Haurra adoratuz bizi al gara?, haren oinetan jartzen al ditugu geure aberastasunak eta ongizatea?, prest al gara haren deia entzuteko, Jainkoaren Erreinuan eta haren zuzentasunean sartzeko? Geure bizitzan beti izaten dugu izarren bat gidari Betleemera bidean.

José Antonio Pagola