Jaunaren Epifania eguna B (2015-01-06)
Anai-arrebok!
Jaunaren Epifania eguna ospatzen dugu; Jesus jentilei ere agertu izana; gu guztioi, alegia.
Lehenengo irakurgaian Isaias profetaren hitza entzun dugu: munduko gaitzaren eta bekatuaren gainetik, argia agertuko da Jerusalemen. Jainkoak berak, Israelen historian aro berri bat hasiko du.
Bigarren irakurgaian, Efesoarrei egindako gutunean, lehenengo irakurgaiko argi hori mundu osora zabalduko da. Judu eta pagano, denek ikusi ahalko dute argi hori.
Mateok, ebanjelioan, aspaldiko profeten hitzak bete direla adierazi nahi digu. Jesus da argia. Gizon-emakume guztiak argitzen dituen argia.
Mateok ardura handia jarri du, Jesus egiazko Mesias dela adierazteko. Baita, Jesusek dakarren salbazioa gizon-emakume guztientzat dela adierazteko ere. Hainbat froga agertu ditu.
–Jesus, Abrahamen semea da; beraz, «herri guztientzat bedeinkazio-iturri izango da»; hala hitz eman zion Jainkoak Abrahami Hasiera liburuan (12,3): «Zure bitartez bedeinkatuko ditut lurreko herri guztiak».
–Magoen pasadizoan, salbazioa paganoengana zabaldu dela iradokitzen du Mateok (Mt 2,1,12).
–Mateo 4,12-25ean aipatzen duen argiak, «Jentilen Galilean» ez ezik, Israel lurraldetik kanpo ere argi egiten duela diosku.
–Mendiko Hitzaldian, Jesusek dio, kristau-elkarteak «gatz eta argi» izan behar duela lurrarentzat eta munduarentzat (Mt 5,13-14). Etab, etab.
Eta Mateok Isaiasen hitz hauek aipatzen ditu: «Ilunpean zegoen herriak argi handi bat ikusi zuen». Horra zer den Jesus: argi handi bat. Jesus bera bezala, «Herrien argi» izatera deitua da kristau-elkartea.
Ikuspegi zabal hori begi aurrean dugula irakurri eta hausnartu behar dugu gaurko ebanjelioa ere.
Mateok ikuspegi unibertsala du. Jainkoak bete egin nahi izan ditu profeten promesak; baina promes haiei izaera unibertsala emanez.
Jainkoak gizon-emakume guztien salbazioa nahi duela esatean, kontuan hartu behar dugu kristauek ez diren beste erlijioei dugu ikuspegia. Erlijio guztietako jendea salbatu nahi du Jainkoak. Vatikano II kontzilioak Dekretu bat onartu zuen Kristau ez diren erlijioekin nolako harremanak izan argituz: Nostra Aetate izeneko dekretua. Hona erregu labur-labur bat kristauontzat Dekret horretan: «Beraz, [Elizak] erregutzen die bere seme-alabei, beste erlijioetako kideekin elkarrizketa eta elkarlana zuhur eta maitasunez praktikatzeko, fedearen eta kristau-bizitzaren testigantza emanez, eta haiek berekin dituzten ondasun espiritualak eta moralak, baita balio sozio-kulturalak ere, aitortu, gorde eta eragiteko» (Nostrta aetate 2).
Magoak termino edo hitza grekozko «magoei» hitzetik dator; matematikoa, astronomoa (astroez ezagutza berezia duena), astrologoa (astroen zientzia; jende askoren ustez, gertakariak aurreikusteko gaitasuna ematen duena) esan nahi du. Ez ziren errege; Tertulianok (160-220) asmatu zuen errege izango zirelakoa. Magoek eskainitako opariak sinbolotzat hartu zituzten Eliz Gurasoek: urrea (Jesus errege izatea), intsentsua (Jesus Jainko izatea, mirra (Jesusen nekaldia).
Izarra, berriz, seinale bat da. Hura ikustean, bideari ekin diote Magoek; izar horrek errege handi batekin lotura duela iruditu zaie. Hasiera batean, seinale huts gertatu zaie. Ondoren ikusmina sortu zaie. Hari jarraitu ahala, fedea bizi dute
Kristauontzat etsenplu handi bat dira Magoak. Ziurtasunetan oinarriturik bizi gabe, bizitzako oinarrizko problemekin loturik ikusi beharko genuke Kristo: bizitza eta heriotza, bekatua eta munduan den gaitza, zuzenbidea eta pobretasuna, esperantza eta desilusioa, maitasuna eta gorrotoa, pertsona arteko harremanak, familia arteko harremanak, nazio arteko harremanak. Kontua ez da, beraz, adimenez gauzak ezagutzea. Arazoetara hurbiltzea da kontua, galdezka eta galdezka.
Bruno Forte artzapezpikuak (Italia) dio: «egiaren bila dabiltzan guztiak ordezkatzen dituzte Magoek, bizitza Exodo edo Irteera bezala bizitzeko prest diren guztiak, topo egitera joateko bide egiteko prest diren guztiak goitik datorren argipean». Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
Dionisio Amundarain