Errege magoak gu geu gara
Epifania Festaburua (2020-01-06)
Lehen ebanjelioaren idazleak (Mateorenak), inondik ere Siriako Antiokian bizi denak, urteak daramatza esperientzia berezi bat bizitzen: Jesus judua izan zen arren, judurik gehienek ez dute onartu Mesiastzat; aldiz, gero eta handiagoa da paganoen kopurua, kristau-elkarteko egiten ari dena. Zenbait jendek era guztiz gizatarrez interpreta lezake gertaera bitxi hau: konbertitzen diren paganoak pertsona jainkozaleak lirateke, juduen sinagogari oso atxikiak, baina ez ausartzen ez direnak erdaintzeko behin betiko urratsa egitera; kristauek, berriz, ez diete eskatu erdainkuntzarik Elizan sartzeko.
Mateok nahiago du interpretatu gertaera hau Jainkoak paganoei eskainitako errebelazio bezala. Hori adierazteko, ideia jeniotsu bat izan du: errebelazio hori Jesusen haurtzaroari aitzinatzea; historikotzat ezin hartu dugun kontakizun batez baliatu da hori guztia kontatzeko: Eguberriaz sortutako lehen ipuina da. Ipuin ederra eta teologi sakontasun handikoa. Eta ez dadila inor ere eskandalizatu honetaz. Seme hondatzailearen eta samariar onaren parabolak ere ipuinak dira, eta egiazko milaka historiak baino jende gehiago aldarazi du bizieraz.
Izarra
Antzinako jendea konbentziturik zegoen, pertsonaia handi baten jaiotza edo munduaren aldaketa handi bat izar bat agertzeak iragarri ohi zuela beti. Origenesek idatzia da III. mendean:
«Nabaritu ahal izan da, lurrean gertatu izan diren gertakizun eta aldaketa handietan, beti agertu izan direla astroak, inperioan iraultzak, gerlak edota mundua nahasteko moduko beste istripuren bat aurreikusi izan dituztenak. Nik neuk irakurri ahal izan dut, Queremon estoikoaren Kometen Tratatuan, gertaera faboragarri baten bezperan horrelakorik gertatu izan dela inoiz, adibide asko ematen digularik» (Contra Celso I, 58 eta hur.).
Beste herriek zer uste zuten begira egon gabe, Bibliak iragarria du Jakoben izarra aterako dela, bere boterearen sinbolotzat (Zenbakiak 24,17). Pasarte hau erlazionaturik dago Mesiasen agerpenarekin.
Onak: magoak
Aurreko horrekin bat, inor ez zen harrituko Israelen izar batek Mesiasen jaiotza iragarri izanaz. Mateoren berezitasuna beste honetan datza: Mesiasen jaiotza iragartzen duen izarra Judatik urrun ikusi izatean. Jende arrunta ez da egoten gauez zerura begira, eta ez du izaten astronomiaz ezagutza handirik ere. Zeinek erreparatu ahal izango dio? Garaiko astronomo batzuek, ekialdeko magoek.
«Mago» hitza, lehen mendean, pertsonaia oso desberdinei esleitzen zitzaien: pertsiar apaizei, naturaz gaindiko ahalmenak zituztenei, erlijio berrien propaganda zaleei, eta txerpolariei. Gure testuan, ekialdeko astrologo batzuei aplikatu zaie, juduen historia sakon ezagutzen duten batzuei. Ez dira errege. Datu hau geroagoko legendari dagokio, ondoren ikusiko dugunez.
Gaiztoak: Herodes, apaiz nagusiak eta lege-maisuak
Kontakizuna, oso xumea, benetako literatur pitxia da. Hasiera, judu-irakurle batentzat, dramatikoa da. «Jesus Judako Betlehemen jaio zen, Herodes erregearen egunetan». Mateok bere ebanjelio idatzi duenean, joanak dira jada laurogei urte inguru errege honen heriotzatik. Baina bizirik jarraitzen du juduen oroitzapenean beraren eraikuntzengatik, azaldu zituen beldurragatik eta krudelkeriagatik. Botereari atxikitzearen eta hura galtzeko beldurraren kasu patologiko bat da Herodes; bere semeak berak eta Mariamme bere emaztea hiltzeraino eragin zion jarrera horrek. Jesusen jaiotzaren berri izaten badu, nola erreakzionatuko du lehiakide horren aurrean? Berri izaten badu, hil egingo du.
Zirkuitulabur zorioneko bat
Eta erarik ustekabeenean izango du haren berri; ez ezkutuko poliziaren salaketaz, baizik pertsonaia zintzo batzuk direla bide. Kontatzeko abildade miresgarriz idatzi du Mateok. Ez dizkigu aurkeztu magoak artean ekialdean direnean, zerua eta izarrak behatzen. Alde batera utzi ditu beraien aurkikuntza eta bidaia luzea.
Izarrak gidatzen ahal zituen Betlehemera zuzenean; orduan, ordea, ez zen azalduko magoen eta juduen agintari politiko eta erlijiosoen arteko kontrastea. Erraza da aterabidea. Unerik desegokienean ezkutatu da izarra, iristeko bederatzi kilometro bakarrik falta direnean, eta magoak Jerusalemen sartu beharrean gertatu direnean.
Iritsi orduko egin dute, xalo-xalo, galderarik konprometituena: «Non da jaio berria den juduen erregea? Haren izarra ikusi baitugu eta hura adoratzera baikatoz». Lehergailu bat Herodesentzat.
Kontrastea
Eta horrela sortu da erdiko ezena, guztiz garrantzizkoa Mateorentzat: Herodes aztoratzea, eta apaizei eta lege-maisuei kontsulta. Bat-batekoa da erantzuna: «Betlehemen, hala iragarri baitzuen Mikeas profetak». Herodesek eman die informazioa magoei eta hauek aurrera doaz. Baina bakarrik doaz. Hauxe da Mateok azpimarratu nahi duena. Juduen agintari politiko eta erlijiosoen artean inork ez du ardurarik Jesusi omenaldi bat eskaintzeko. Biblia ezagutzen dute, ezagutzen dituzte Jainkoari dagozkion problema guztien erantzunak, baina fedea falta zaie. Magoek bidaia luze eta neketsua egin dute; judu-agintariak ez dira gai izan bederatzi kilometro egiteko. Hasieratik egin dio uko Mesiasi bere herriak, beranduago gertatu dena aurrez adieraziz.
Magoak ez dira harritu, ez desanimatu. Bideari ekin diote, eta izarra berriz agertzeak pozez bete ditu. Iritsi dira etxera, eta omen egin diote Haurrari eta beren dohainak eskaini. Erregali hauek era sinbolikoan interpretatu izan dira antzinatik: erregetza (urrea), jainkotasuna (intsentsua), hilobia (mirra). Daitekeena da, Mateok antzinako Ekialdeko balio handiko eskaintzak bakarrik izan dituela buruan. Amets batek Herodesen tranpan erortzetik libratu ditu magoak.
Errege magoak ez dira gurasoak, gu geu gara
Norbaiti, agian, pasadizoaren interpretazio hau oso arrazionalista irudi dakioke, eta errege magoak ez direla existitzen jakiten duen haurra bezala senti daiteke. Pena senti genezake, baina errealitatea onartu beharra dugu. Nolanahi ere, hala nahi duenak, interpreta lezake pasadizoa era historikoan, baina Mateoren zentzu teologikoa galdu gabe: Hasieratik beretik uko egin dio Mesiasi bere herriak; paganoek, berriz, onartu dute. Kristau-elkarteak ez du zertan harritu, judu-agintariek Jesusi uko egiten jarraitzen dutela ikusteaz, baina paganoak konbertitu egiten direla.
Izarraren mitifikazioa
Izarrak arreta eragin izan du beti, eta leku nagusia izaten jarraitzen du gure jaiotzetan. Mateok, hasiera batean, era xumeagoan aurkeztu du, magoek esan dutenean bezala: «haren izarra ateratzen ikusi dugu». Baina, II. mendean jadanik, Santiagoren Protoebanjelioak handitu egin du tamainaz eta argi-distiraz: «Izarra ikusi dugu, hain distira bizikoa, beste guztiak estaltzen baitzituen, besteak ezin-ikusizko egiteraino». Eta Haurtzaroko armeniar liburuak dio, izarra lagun izan zutela magoek beren bidaiako bederatzi hilabeteetan.
Aro modernoan argibide bat ere eman nahi izan zaio izarrari, edota bi astroen konjuntzioaz (Jupiterren eta Saturnorenaz, hiru bider gertatu izan zenaz K.a. 7/6an), edota kometa baten agerpenaz (txinatar astronomoek K.a. 5/4an atzemandakoaz). Zorakeria da hau guztia eta sinplekeria. Aski da kontuan hartzea izarrak zer egin duen: ekialdean agertu zaie, eta Jerusalemdik irtetean berragertu, haurra dagoen lekuan gelditu arte. Gidari hasi delarik, zergatik ez du bete gidaritza bide osoan, Haurtzaroko armeniar liburuak dioenez? Eta nolatan geldituko da izar bat sehaska baten parean? Jainkoarentzat «ez da ezer ezinik», baina muga batzuen barnean.
Magoen kopurua eta izenak
Haurtzaroko armeniar liburuak (IV. mendearen azken aldekoak) dio: «Une hartan, Jaunaren aingeru bat pertsiarren lurraldera joan zen presaka, errege magoei adieraztera, haur jaio berria adoratzera joan zitezen. Eta haiek, bederatzi hilabetez izar bat gidari izan ondoren, beren helmugara iritsi ziren Birjinak haur egin zuen unean… Eta errege magoak hiru anaia ziren: lehena, Melkon (Meltxor), pertsiarren errege izan zena; bigarrena, Baltasar, indiarren errege izan zena, eta hirugarrena, Gaspar, arabiarren lurraldeak bere mende izan zituena». Mateorentzat, hau da funtsezko datua: ez direla juduak, baizik atzerritarrak.
Justinoren arabera, Arabia dute beren jatorria. Ondoren, Pertsia nagusitu da. Kopuruari dagokionez, siriar elizak hamabi mago aipatzen ditu.
Kontrastea lehen irakurgaiaren eta ebanjelioaren artean
Ematen du, Isaiasen liburuan (60,1-6) iragarria bete izana ikusten duela liturgiak. Alabaina, kontrastezkoa da erlazioa. Isaiasengan, Jerusalem da protagonista: Jainkoaren aintzak distiratzen du haren gainean eta herri paganoek beren seme-alabak dakarzkiote, eta erbestean ziren juduek beren aberastasun, intsentsu eta urrez bete-bete egin dute. Ebanjelioan, protagonista ez da Jerusalem; Jainkoaren aintza, Mesias, Betlehemen agertu da, eta herri honetara bideratu dira magoak. Jerusalem igarobide huts izan da, eta Mesiasen aurkarien bizileku: haurra hil nahi duen Herodesena, eta haurra bost axola zaien lege-maisu eta apaizena.
José Luis Sicre