JAINKOA ADORATZEN IKASI (Mateo 2,1-12)
Epifania A 2020-01-06
Gaur egun aski hitz egiten da fede-krisiaz, baina doi-doi esaten da ezer sentimendu erlijiosoaren krisiaz. Eta, halere, teologo batek aipatu duenez, gaur egungo gizakiaren drama ez da, agian, sinesteko duen gaitasun-falta, baizik eta Jainkoa Jainko sentitzeko duen zailtasuna. Sinestedun direla esaten dutenak berak ere, ematen du, Jainkoaren aurrean jarrera erlijioso batzuk bizitzeko gaitasuna galtzen ari direla.
Adibide bistako bat, Jainkoa adoratzeko duten zailtasuna da. Orain ez asko, ematen zuen, gauza erraza zela Jainkoaren egundokotasunaren eta misterio ezin atzemanaren aurrean begirunea eta adorazioa sentitzea. Gaur egun zailagoa dugu izaki arrotz, ezeroso eta alferrikako bihurtu duguna adoratzea.
Jainkoa adoratzeko, beharrezkoa dugu sorkari garela sentitzea, beraren aurrean infinituki txiki, baina berak infinituki maite gaituenak garela; beharrezkoa dugu mirestea beraren handitasun ezin atzemana eta dastatzea beraren presentzia hurbileko eta maitetsua, gure izate guztia estu inguratzen duena. Adorazioa mirespen da. Maitasun eta buru-eskaintza. Gure izatea Jainkoari ematea da eta beraren aurrean isilik gelditzea, dena esker on eta gozamen garela, beraren misterioa miretsiz geure txikitasunetik.
Adoratzeko gure zailtasunak askotarikoak ditu sustraiak. Bere barnean zoraturik-edo bizi denak, zarata-mota guztiek eta zirrara iragankorrek astindurik, funtsezkoari begira inoiz ere geldialdirik egin gabe, nekez topo egingo du Jainkoaren «aurpegi adoragarriarekin».
Bestetik, Jainkoa adoratu ahal izateko, beharrezkoa da munduaren misterioari begira geldialdi bat egin eta maitasunez hari so gelditzea. Bizitzari hondoraino maitasunez begiratzen diona, berak uste baino lehen hasiko da hartan Jainkoaren arrastoak sumatzen.
Jainkoa bakarrik da adoragarri. Ez gauzarik baliotsuenak, ez pertsonarik maiteenak dira Jainkoa bezala adoratzeko duin. Horregatik, barnez aske denak soilik adora dezake Jainkoa egiaz.
Jainkoa adoratze honek ez gaitu urruntzen konpromisotik. Jainkoa adoratzen duenak borroka dagi gizakiaren suntsitzaile den ororen aurka, Jainkoaren «irudi sagaratu» baita gizaki oro.
Kreatzailea adoratzen duenak begirune dio haren kreazioari eta beronen defendatzaile da. Estu loturik daude adorazioa eta solidaritatea, adorazioa eta ekologia. Ulergarri dira Teihlard de Chardin zientifiko eta mistiko handiaren hitz hauek: «Zenbat eta gizakiago bilakatu gizakia, orduan eta gehiago sentituko du adoratu beharra».
Magoen kontaerak benetako adorazioaren eredua eskaintzen digu. Jakintsu hauek gai izan dira kosmosari hondoraino begiratzeko, seinaleak atzemateko, Misteriora hurbildu eta gure existentzian haragitu den Jainkoari omenaldi apal bat eskaintzeko.
Jose Antonio Pagola