Epifania 2020-01-06
HOMILIA

Anai-arrebok!

Epifania hitzak agerpena esan nahi du. Liturgiak eguberrialdiko jaiak banatzean eta bereiztean, didaktika apur batez baliatu nahi du Jainkoa gizon egitearen misterioa hein batean argitzeko. Eguberrialdia, definizioz, Jainkoa gizadiari agertu izana da.

Batetik, Hebrearrei egindako idazkian (1,1-2) garbi dator: Jainkoak antzina era askotan hitz egin zion gizadiari profetez bidez; azken egun hauetan bere Semearen bidez hitz egin digu. Eta gaurko bezperetan antifona hau otoizten dugu: «Egun santu honetan hiru mirari gogoratzen ditugu: izarrak estalpera gidatu zituen Magoak; gaur, ura ardo bihurtu zen Kanako ezteietan; gaur, Kristo bataiatua izan zen Jordanen Joanen eskuz, gu salbatzeko».

Bestetik, Eguberri egunean Jesus haurra artzainek agertu zitzaien; bihotz pobreko israeldarrak, herri hautatua, ordezkatzen dituzten artzainei. Epifania egunean, berriz, israeldar ez diren paganoei agertu zitzaien; Magoek ordezkatzen dituzten paganoei.

Esan nahi da, Eguberrialdi osoa Jesusen agerpen bezala ospatzen dugula. Batetik, artzainek gogo oneko israeldar guztiak ordezkatzen dituzte. Bestetik, Magoek gogo oneko pagano guztiak ordezkatzen dituzte.

Jakina, Jesusen haurtzaroko kontaera hauek ezin dira hartu hitzez hitz. Jesus gizadiari agertu izana adierazteko ebanjelariek asmatutako kontaerak dira. Itun Zaharreko datu askoz baliatuz moldatuak. Ebanjelariak, zein bere kristau-elkartearen aurrean, gertatzen ari diren gauzen azalpena eman beharrean gertatu dira.

Mateo ebanjelaria eta beronen kristau-elkartea, adibidez. Aspalditik ari dira esperientzia hau bizitzen: Jesus judua zen; judu gehienek ez dute onartu Jesus; aitzitik, judu ez diren askok onartu dute. Kristau-elkarteak horren azalpen bat eskatzen du. Eta Mateok paganoen onarpen hori Jainkoak egin dien agerpenaren ondorioa dela adierazi nahi die; horretarako, Itun Zaharreko datu batzuez baliatuz, ipuin bat asmatu du. Ipuin bat dela esateak ez du esan nahi ez duela ezer balio. Ekar ditzagun gogora Ebanjelioko beste ipuin edo parabola asko. Adibidez, aita onaren eta seme hondatzailearen parabola edo ipuinak ez al du ezer balio? Mateo ez dator historia bat kontatzera, baizik mezu bat ematera, mezu teologiko bat.

IZARRA. Mateoren kontaeran izarra osagai garrantzizkoa da. Mateok badaki eta beraren kristau-elkarteak ere bai izar hori iragarrita dagoela Itun Zaharreko ZENBAKIAK liburuan (24,17): «Jakoben herritik izarra sortuko da». Tradizioz, iragarpen hau Mesiasen agerpenarekin lotu ohi zen israeldarren artean. Gainera, antzinako jendeak uste osoa zuen pertsonaia garrantzizkoen jaiotzan izar bat agertu ohi zela.

MAGOAK. Beraz, Israelen ez zen harrituko inor Mesiasen izar bat agertu zela esateaz. Mateoren kasuan, gauza bat dago ezezaguna: Israelen inork ez zuen uste agerpen hori pagano batzuei egin zitzaiela. Mateok adierazi nahi dio bere elkarteari, juduek onartu ez dutelako, paganoei egin diela Jainkoak errebelazioa. Ebanjelioan Jesusek berak ere adieraziko du hori. Eta San Paulok era argiagoan esango du hori: zuek ez didazuela entzun nahi?, ba, jentilengana joango naiz.

HERODES, APAIZ NAGUSIAK ETA LEGE MAISUAK. Jesus onartu ez duten israeldarren ordezkari dira.

BETLEEM ETA JERUSALEM. Herodesek arriskutzat ikusi du Mesiasen jaiotza, eta hil egin nahi du. Eta apaizei eta lege-maisuek galdetu die non jaiotzekoa den. Eta erantzun diote: «Betleemen, horrela iragarri baitzuen Mikeas profetak». Horrela, Mateok adierazi nahi du, Betleem argiaren hiri dela. Jerusalemen, berriz, ilunaren hiri: han bizi dira Herodes, apaiz nagusia eta lege-maisuak.

Aipagarri lirateke beste gertaera hauek ere: haur errugabeen hilketa. Egiptora ihes egitea etab. Mateok kontaera horrekin azalpen bat eman nahi izan dio bere elkarteari, Itun Zaharreko datu jakin batzuez baliatuz.

Jainkoaren salbamen-gogoa ez da mugatzen Israel herria salbatzera. Herodes, apaizak eta lege-maisuak Jesus jaio den lekutik kilometro gutxi batzuetara bizi dira, baina ez dira gai izan bisitan joateko. Aldiz, urruneko paganoak izan dira Jainkoaren hitza bihotzean sentitu eta onartu dutenak.

Misterio handia da Jainkoa gizon egitea. Baina misterio handia da, era berean, jende batek Jesus hori ez onartzea eta beste batzuek onartzea. Misterio horien aurrean, amets egiten jarraitzeko deia sumatu beharko genuke. Bide berriak bilatzen jarraitzekoa. Jainkoak eskaintzen dizkigun ezustekoei antzematen jakin eta aintzat hartzeko. Jesusen Espiritua indartsua da, bizia da, argia da. Ez dezagun zapuztu.

Dionisio Amundarain