PEDROREN ZERBITZUA

Jesus hizketan ari da ikasleekin Filipoko Zesarean, Jordan ibaiaren sorburutik hurbil. Pasadizo hau inportantea da Mateoren ebanjelioan. Segur aski, ikasleek bi gauza hauek nahas ez ditzaten nahi du: Jesusengandik jaiotzen ari diren «elizak» eta berari buruz iritzi-mota guztiak bizi dituzten judu-elkarteak nahas ez ditzaten.
Lehenik eta behin, Elizaren erdigunean zein dagoen argitu behar da. Zuzenean galdetu die Jesusen ikasleei: «Zuek, zein naizela diozue?» Pedrok erantzun dio guztien izenean: «Mesias zara zu, Jainko biziaren Semea». Sumatu du, alegia, Jesus ez dela itxaro duten Mesias bakarrik. «Jainko biziaren Semea» da. Bizia den Jainkoa da, bizi den ororen iturria eta jatorria. Jesusen misterioa atzeman du Pedrok haren hitz eta keinuetan, jendeari osasuna, barkazioa eta bizi berria ematen dioten haietan.
Zorionak eman dizkio Jesusek: «Zorionekoa zu… hori zeruko nire Aitak bakarrik azaldu ahal izan baitizu». Ez da Jesusenganako fede hori iratzar dezakeen «haragizko eta hezurrezko» gizakirik. Gauza horiek Aitak xumeei agertzen dizkie, eta ez jakintsuei eta adituei. Jesusen jarraitzaile xume horietakoa da Pedro, Aitarekiko bihotza irekirik bizi diren horietakoa. Hori da Pedroren handitasuna, baita benetako fededun ororena ere.
Ondoren, promes nabarmen hau egin du Jesusek: «Pedro zara zu eta harri honen gainean eraikiko dut nik neure Eliza». Eliza ez du eraiki edozein batek. Jesusen berak eraiki du. Jesusek berak dei egin die bere ikasleei, Jesusek berak bildu ditu bere inguruan. Berea du Jesusek Eliza. Harengandik jaio da.
Baina Jesus ez da zoroa, ez du eraiki hondar gainean. Pedro izango da Eliza honen «arroka». Ez, noski, Pedroren izaeraren sendotasuna eta irmotasuna direla medio, zeren, zintzoa eta grinatsua den arren, iraupenik gabea eta kontraesanekoa baita. Bere indarra Jesusenganako bere fede xumetik datorkio. Fededunen eredu da Pedro, eta Jesusekiko egiazko fedearen eragile da.
Hau da Pedrok eta haren ondokoek Jesusen Elizari egiten dioten zerbitzu handia. Pedro ez da «Jainko biziaren Semea», baizik «Jonasen semea». Eliza ez da Pedrorena, baizik Jesusena. Jesus dago erdigunean. Jesus bakarrik ari da Eliza eraikitzen bere Espirituaren bidez. Baina Pedro gonbit hau egiten ari zaigu: bizi gaitezela Aitaren errebelazioari irekirik, bizi gaitezela Jesus ahaztu gabe eta har dezagula haren Eliza zinezko fedez.

Jose Antonio Pagola