EGUNEAN EGUNEKO EBANJELIOA 2024
liburuaren aurkezpena, Lazkao 2023-10-26 Liburuaren SARRERA
PEDRO CASALDALIGA PLA, CMF
(Balsareny, Catalunya 1928/02/16-São Félix do Araguaia,
Brasil 2020/08/8)
Pedro edo Pereren heriotzaren berri izan bezain laster, burutik pasa zitzaigun berari eskaintzea gure liburutxo honen azala eta sarrera. Noski, 2021ekoan ezin eman, libururen testua inprentan zegoelako, 2022ko Sarrera, ignaziotar urtea zela eta, san Ignaziori eskaini beharrekoa zela uste genuen; eta 2023koan, sinodotasunaren sinodoa aintzakotzat hartuta, sinodorako bideari ekin genion.
Azkenean, Pere Casaldaliga, klaretar misiolari, poeta, mistiko, iraultzaile, gotzain eta abar luzea… eta, askorentzat kristau fedean bidelagun denari egokitu zaio Egunean Eguneko Ebanjelioa 2024ko azala eta sarrera hartzea.
Garai hartan, ohi bezala, 17 urterekin klaretar kongregazioan sartu
zen. Klaretar misiolarien ikasketak amaitu eta gero, Montjuïc-en, Barcelonan, apaiztu zen 1952an. 1968. urtea arte ministeritza batzuk burutu zituen Sabadell, Barbastro, Barcelona eta Madrilen.
Urte horretan, Vatikano II.a kontzilioa bukatu berritan, São Félix do Araguaian (Brasilgo Mato Grosso estatuan) klaretar misioa fundatu zuen.
Hiru urte han emanik, 1971n, bertako Prelaturako gotzain izendatu zuen san Paulo VI.a aita santuak. Lurralde hartako herria oso zapalduta zegoen, lurjabe eta jauntxo handien mesedetan.
Gainera, estatuak ez zuen bermatzen osasun eta hezkuntza sistemarik. Komunikatzeko baliabiderik gabe eta pobrezia izugarriarekin, Casaldaligak eta beraren lagun klaretarrek jende
xumearekin bizi nahi dute; gainera, ebanjelioa inkulturatu beharra sentiturik herriko parte dira.
Ezin dute jasan egoera bortitza, eta ahulen defentsan gogor posizionatzen dira. Errealitatea injustiziaz betea daukate aurrez aurre, eta heriotza eta desberdintasuna sortzen duen sistema oso boteretsua da.
Bere gotzain ordenazio egun berean idatzi zuen 80 orriko lehenengo gutun pastorala, gero sasian, ezkutuan, zabalduko zena Brasil osoan: “Amazoniako Eliza bat latifundio eta sozial bazterketarekin gatazkan”. Bertan datu estatistikoekin salatzen ditu latifundistak, izen eta guzti; baita hainbat enpresa handi ere.
Sentsibilitate eta kezka hori izango da beti Pedroren gotzain ministeritzaren jomuga bat, bere pastoraltzan, olerkigintzan, konpromiso sozialean eta abarrean.
Bere bizitza luzean temati, gogor eta erradikala izango da, baina umore askorekin. Irribarretsu, utopiko eta mistiko, batez ere bere poesia-lanean emango du bere ametsen berri. Giro bortitz hartan, martiri artean, askotan izan zen mehatxatua, heriotza-mehatxu ugari jaso zuen.
Gogoratu besterik ez dago, Paulo VI.ak esan omen zuena: “Pedro ukitzen duenak Paulo ukitzen du”. Hala eta guztiz, hainbat urtetan zehar beraren lagun eta lankide batzuk martiri hil ziren.
“Dom Pedro” bezala ezagutzen zuten, eta Brasilgo eta Latinoamerikako Behartsuen Elizaren ordezkari garrantzitsuenetarikotzat hartua izan da.
Askapen Teologiak erasoa jasan izan zuenean, beti ateratzen zen alde. Indigenen aldeko plataforma askotan ere esku hartu zuen; batez ere, Amazoniako Elizaren kontseilu eta batzordekide izanik, beti izan zen bultzagile behartsuen, nekazarien, indigenen eskubideen eta duintasunaren alde CIMIn eta CPTn.
Liburu andana idatzi zuen, berrogei eta hamar baino gehiago; bat aipatzekotan, hizkuntza askotara itzuli izan delako, urte askoan José María Vigil klaretarrarekin batera argitaratu eta oraindik ere
argitaratzen dena, “Agenda Latinoamericana Mundial” aipatuko nuke. Duela zenbait urte talde batek euskaratzen zuen baina arrazoi batzuk zirela medio utzi zioten langintza nekoso hori egiteari, jakinda ere ale gutxi saltzen zirela.
Egia esan, hil baino lehen, omenaldi, doktoretzak eta sari pilo bat jaso ditu, bai Brasilen eta Latinoamerikan, bai Europan ere.
Dena dela, Araguaia ibai ertzeko hilerrian lurperatua izan zen, nekazari behartsuen eta indigenen artean. Bere bizitza horiekin partekatu zuen; orobat, euren defendatzaile gartsua izan zen; orain heriotzan euren ondoan datza beraren gorpu txikitua eta ahitua.
Benetan oso estimatua eta oso baztertua izan da; beraren hitz eta ekintza guztiak ez ziren zuzenak izango, noski, baina…. Dena dela, askok profetatzat daukagu Amazonia zabalean, eliza unibertsalean eta mundu sufrituan.
Beraren espiritua Jesusen Espirituarekin bakean elkartu da behingoz. Bake horrek eraman gaitzala gu ere Jesusen eta Pereren urratsen atzetik, eta bake horrek ez gaitzala inoiz bakean utz, Jainkoaren Erreinura iritsi arte.
Berak idatzitako liburu piloaz eta berari buruzko liburuez gain, telesail bat ekoiztu zuen TV3 kateak 2013an: “Descalzo sobre la tierra roja” (Oinutsik lur gorri gainean). Francisco Escribanok idatzitako izen bereko liburuan oinarritua.
Gatozen gure liburuxkara. Pedrok beti abiapuntutzat eta akuilutzat izan zuen Ebanjelioaren berri ematera. Aurtengoan iruzkin
sakonak idatzi ditu Francisco José Ruiz Pérez S.J jesuita kanariarrak (Santa Cruz de La Palma 1961). Filosofian lizentziaduna eta Teología Dogmatikan doktorea da. Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko dekanoa da, egun.
Lagundiko bere ibilbidean unibertsitateari eta gobernuari loturik bizi izan da. Lehenago Andaluziako eta gero Espainiako Jesusen Lagundiko probintziaburu karguak izan ditu.
2024ko ale hau, lehenengo aldiz, euskaratzearen ardura Jose Ignazio Eguskitza apaizak bete du. Hemendik har dezala,
guztion izenean, gure eskerrik beroen. Esker mila Dionisio Amundarain OSB langile nekaezinari ere, aritu delako, itzulpenak zuzentzen eta Jose Ignaziori laguntzen bere ardura berrian.
Eskerrik asko Andoni Sarriegi eta Anizeto Zabalgogeaskoari ere itzulpenetan laguntzeagatik. Ikusten duzuenez, talde-lana ezinbestekoa izaten da gure liburutxo eder hau argitaratzeko.
Orobat, eskerrak eman nahi dizkiegu Mezulariko arduradunei, euren laguntza eskuzabalagatik. Beti bezala Deustuko Unibertsitateari geure esker ona adierazten diogu, liburutxo hau eskegitzeagatik bere webgunean: https://deusto.eus/ebanjelioa (aurreko orrietan dagoen egutegira joan eta klikatu nahi duzun egunean).
Amaitzeko, jarraitzen dut partekatzen zuokin azken urteotako berri ona: 2022ko urtarriletik aurrera martxan da otoi.eus webgunea, “fedea eta espiritualtasuna gure hitzetan”, jesuitei eta kolaboratzaile talde zabal bati esker; baita sallebarne.eus webgunea ere, “fedea gure ahotsean”. Iparraldean fedeola.eus martxan dago, otoitz, kantu, bertso eta abarrekin hornitua.
Amaitzeko esan badagoela taldetxo bat EUSKAL GOGOETA ASTEA ETA HEMEN aldizkaria birsortu nahian. Bi ekimen garrantzitsu hauek bertan behera geratu ziren zio ezberdinengatik.
Dena dela, indar berriak eta gazteagoak behar ditugu berriz ere martxan jartzeko. Agian zure parte hartzearekin heldu ahal izango diegu bi erronka horiei. Zein helbururekin berregin? Zer-nolako formatutan? Egindakoa errepikatu?… zertan berritu eta norekin?
Beti bezala, On egin eta adiorik ez!
Koldo Katxo SJ