JAINKOA ONARTU
Eguberri ondoko 2. igandea B (2015-01-04)

Jesus Galilean agertu, judu-herriak krisialdi sakona bizi zuenean agertu zen. Denbora asko zeramaten Jainkoaren urruntasuna sentitzen. Zerua «itxia» zegoen. Ematen zuen murru ikusezin bezalako batek eragozten ziola Jainkoari bere herriarekin komunikatzea. Inor ez zen gai Jainkoaren ahotsa entzuteko. Jada ez zen profetarik. inork ez zuen hitz egiten espirituaren eraginez.

Gauzarik latzena, Jainkoa beraiez ahaztu egin zelako sentsazioa zen. Jada ez zitzaizkion axola Israelen arazoak. Zergatik jarraitzen zuen ezkutuan? Zergatik zegoen hain urrun? Segur aski, israeldar asko gogoratzen zen Jainkoari otoitz egiten zion antzinako profeta baten errezo suhar honetaz: «Ai, zerua urratu eta jaitsiko bazina».

Markosen ebanjelioa entzun zuten lehenengoak harriturik gelditu ziren, inondik ere. Markosen kontakizunaren arabera, Jordango uretik irten orduko, bataiatua izan zelarik, Jesusek «zerua urratzen ikusi zuen» eta «Jainkoaren espiritua bere gainera jaisten zela» sumatu. Azkenean, posible zen Jainkoarekin topo egitea. Jainkoaren espirituaz betea zen gizon bat zebilen lurrean. Jesus zuen izena eta Nazaretekoa zen.

Jesusen gainera jaitsi den espiritu hori Jainkoaren arnasa da, bizia kreatzen duena, bizidunak berritzen eta sendatzen dituen indarra, dena eraldatzen duen maitasuna. Horregatik bizi da Jesus bizitza askatzeari emanik, bizitza sendatzeari eta gizakoiago bihurtzeari emanik. Lehen kristauek ez zuten nahi bataiatzailearen ikasleekin nahastu zitzaten. Kristau haiek sentitzen zuten, Jesusek bere espirituaz bataiatu zituela.

Espiritu hori gabe, dena da itzaltzen kristautasunean. Galdu egiten da Jainkoarekiko konfiantza. Fedea ahuldu egiten da. Jesus iraganeko pertsonaia huts bilakatzen da, ebanjelioa hildako letra bihurtzen da, maitasuna hoztu egiten da eta Eliza erakunde erlijioso bat gehiago bihurtzen.

Jesusen espiritua gabe, askatasuna itorik gertatzen da, poza itzalia, ospakizuna ohitura bihurtua, elkartasuna hautsia. Espiritua gabe, misioa ahaztu egiten da, esperantza hil, ikara hazi, Jesusi jarraitzea eskastasun erlijioso bihurtzen da.

Gure arazorik handiena Jesusez ahaztea da eta haren espirituaz ardurarik ez izatea. Ikusmolde okerra da pentsatzea, Jesusen espirituarekin bakarrik lor daitekeena, antolatzearekin, lanarekin, debozioarekin edo askotariko estrategiekin lortuko dela. Sustraira itzuli beharra dugu, ebanjelioa bere freskotasun eta egiatasun betean berreskuratu beharra, Jesusen espirituaz bataiatu beharra.

Ez gaitezen engaina. Espiritu horri biziberritu eta birkreatu gaitzan uzten ez badiogu, kristauok ez dugu izango ekarpen garrantzizkorik gaur egungo gizartearentzat, eta badakigu zein egoeratan dagoen: barnetasunik gabe, maitasun solidariorako gai ez, egundoko esperantza-premian.

Jose Antonio Pagola