Jakinduria eta Hitza
Bi historia antzeko eta desberdin
Eguberri ondoko 2. igandea (2015-01-04)
Eguberri ondoko 2. igande honetan San Joanen Ebanjelioaren Hitzaurrea irakurriko dugu; argitu behar izaten duen jende askori beldurra ematen dio testu horrek eta arriskua du entzuten dutenak asperrarazteko. Halaz guztiz, ematen duena baino errazagoa da ulertzeko. Aski da kontuan hartzea, ezen Itun Zaharreko ideia asko hartzen dituela, aldatuz, Jainkoaren Jakinduriaz. Komeni da Joan Bataiatzaileaz dakartzan txatal batzuk kentzea ere, jatorrizko gorazarrea eten egiten baitute.
Jakinduriaren Historia
Alexandro Handiaren konkistek, K.a. IV. mendearen bigarren erdian, kultura grekoa asko zabalarazi zuten. Judean, beste alde batzuetan bezala, eragin handia izan zuten greziarrek: gero eta gehiago hitz egiten zen haien hizkuntza, imitatzen ziren haien ohiturak, jasotzen ziren eraikinak haien estiloari jarraituz, irekitzen ziren gimnasioak, irakasten zen haien filosofoen irakaspena. Juduak, goi-mailakoak bederen, txoraturik zeuden Greziako jakinduriaz. Alabaina, autore batzuek ez zuten partekatzen gogo-berotasun hori. Hauentzat, jakinduria grekoa gauza berria zen, giza adimenaren lana, eta leku pagano batean zuen bere tenplua: Atenasen. Egiazko jakinduria, berriz, betidanikoa da, Jainkoagan du bere jatorria eta Jerusalemen bere kokalekua. Hau guztia hitz arruntez esan daiteke edota era poetikoan, jakinduria emakumea balitz bezala agertuz eta haren historia kontatuz. Hainbat testu biblikotan oinarrituz, hiru etapatan berreraiki genezake Jakinduriaren historia.
1: Jakinduria Jainkoaren ondoan da hasieratik beretik.
2: Jakinduria Jainkoaren lagun da kreazioko mementoan.
3: Jakinduria Jerusalemen kokatu da.
Igande honetako lehen irakurgaiak hirugarren etapa hau bakarrik jaso du, ikuspegi biziki baikorrez: Jakinduria Jerusalemen kokatu da, non israeldarrek harrera ona egin baitiote.
Hitzaren Historia
Joanen ebanjelioaren Hitzaurrearen autoreak Jesusi leporatu dizkio aurreko ideia horiek, aldaketa batzuk eginez. Lehenik eta behin, Jainkoaren Jakinduria izena eman ordez, Hitza izena eman nahi izan dio.
Lehen etapa: Hitza Jainkoaren ondoan
Hasieran bazen Hitza,
eta Hitza Jainkoarekin zegoen,
eta Hitza Jainko zen;
Hasieran Jainkoarekin zegoen Hitza.
Alde handia da Jakinduriaren eta Hitzaren artean. Jakinduria Jainkoak kreatua da. Hitza, ez; hau Jainkoarekin dago hasieratik.
Bigarren etapa: Hitza eta kreazioa
Hitzaren bidez egin ziren gauza guztiak,
eta egindakorik ezer ez da egin Hitza gabe.
Hitzarengan zegoen bizia
eta bizia gizakien argia zen;
eta argi horrek ilunpean argi egiten du,
eta ilunak ez du lortu argia desegitea.
Aho-korapilo bat ematen du, baina gauza laua da: Jainkoaren Hitzak kreatu zuen den guztia. Eguzkia, ilargia, izarrak, mendiak, itsasoa…, marmola, zura, kristala… Jainkoaren Hitzak kreatu du den guztia. Eta Hitza, gizon-emakumeen kreatzailea izateaz gain, gure argia da. Berritasun bakarra, oso garrantzizkoa, hauxe da: hasieratik beretik borroka sortu dela argiaren eta ilunaren artean; baina ilunak ezin garaitu izan du, ezin irabazi izan dio argiari.
Hirugarren etapa: munduak, Hitzak kreatua den hark, ezikusiarena egin dio.
Orain arte dena ondo zihoan. Jainkoa eta Hitza gustura egon zitezkeen. Bat-batean, ordea, konturatu dira munduak ezentzunarena egin diola Hitzari.
Munduan zegoen,
eta, mundua Hitzak kreatua izan arren,
munduak ez du aintzat hartu.
Mundua esatean, ez da ari izaki bizigabeez, baizik Jainkoari ezikusiarena egiten dioten, adoratzen ez duten, edota alde batera uzten duten gizon-emakumeez. Hitzaurrearen egileak herri pagano guztiak ditu buruan, egiazko Jainkoa ezagutu ahal izan zutenak, baina hainbat idolatria-eratan erori zirenak.
Laugarren etapa: Hitzak Israelen bizitzen jartzea erabaki du; baina bere herriak uko egin dio.
Zer egingo du Hitzak, munduak ezikusiarena egin dionean? Judu batentzat, bistakoa da erantzuna: Israelen babestu, herri aukeratuan, jakinduriak egin zuen bezalaxe: «Herri aintzatsu batean bota nituen sustraiak, Jaunaren zatian, haren ondarean». Horixe bera egin du Hitzak, baina ezusteko desatsegin batekin egin du topo:
Bere etxera etorri zen
eta bereek ez zuten onartu.
Bosgarren etapa: Hitzak haragi egitea erabaki du eta gure artean bizitzea.
Hitzak bi porrot jasan ditu: munduak ezikusiarena egin dio, herriak uko egin dio. Zer egingo ote luke edozeinek haren kasuan? Jainkoaren ondoan gelditu eta beste guztiez ahaztu. Zorionez, Jainkoa ez da horrelakoa. Imajina daitekeen erabakirik harrigarriena hartu du Hitzak:
Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri zen bizitzen.
Ikusi dugu haren aintza,
Aitaren Seme bakarraren aintza,
onginahiz eta leialtasunez betea.
Izan ere, haren betearen betik
hartu baitugu grazia graziaren gain.
Baikortasun xalotik errealismo magikora
Jakinduriaren historia baikorregia gertatu da. Irudi luke gorazarre hau, berriz, ezkorregia dela. Alabaina, ez da. Mundu osoa ez bada, ezta Israel osoa ere, bada talde bat, juduek eta paganoek eratua, Jesusi harrera egiteko prest, harengan sinesteko prest. Eta horiek, guk guztiok, egundoko saria jaso dugu.
Baina harrera ona egin ziotenak
Jainkoaren seme-alaba izateko gai egin zituen.
Eta talde honek ikusi du haren aintza, eta haren betearen betetik hartu du grazia graziaren gain.
Jose Luis Sicre