Eguberri ondoko 2. igandea B 2015-01-04
HOMILIA

Anai-arrebok!

Eguberri misterioaz ari zaizkigu gaurko irakurgaiak ere. Jainkoa gizakiarentzat ikusezina da berez gizon-emakumeentzat. Baina Jainkoak bere bideak egin ditu gizon-emakumeon aurrean agertzeko.

Paulo santuak, Erromatarrei egindako gutunean, argi adierazten du, Jainkoa, berez ikusezina bada ere, berak egin dituen gauzen bidez edozein pertsonak ezagutu dezakeela: «Jainkoaz jakin daitekeena agerian dute, Jainkoak berak agertu baitie. Mundua mundu denez, berez ikusezina dena, hau da, Jainkoaren betiereko ahalmena eta jainkotasuna, ikusgarri gertatzen zaio haren egintzak aztertzen dituenari» (1,19-20).

Andres Torres Queiruga teologo handiaren hitza dira segidako hauek: «Jainkoa beti eta bere maitasun guztiaz ari da guri bere burua agertu nahian, gizon eta emakume orok, kultura eta erlijio orok, haren presentzia aurki dezan eta uler dezan zer den Bera eta zer izan nahi duen guretzat».

Horixe aitortzen dugu geuk ere Eguberritan. Esan ohi dugu, modu berezian iritsi zirela israeldarrak Jainkoa ezagutzera. Gaurko lehen irakurgaia dugu testiguetako bat.

Jainkoaren Jakinduriaz ari zaigu irakurgai hori. Jakinduria hori ez da Jainkoa bera. Baina Jainkoa gizon-emakumeen artean bizi dela agertu nahi digu. Jainkoaren ordezko bat bezalakoa da: lurra betetzen eta estaltzen du, basamortuan israeldarrak gidatzen zituen hodeiaren antzekoa da, Israel herrian bota ditu sustraiak, kultuan parte hartzen du etab. Jainkoa gizon-emakumeen artean bizi dela adierazten du Jakinduria horrek.

Itun Zaharrean Jainkoaren Jakinduria esaten zioten. Itun Berrian Jainkoaren Hitza esaten diogu. Jakinduria hura ez bezala, Hitza Jainkoa da. Hitza Jainkoaren Semea da, gizon egina. Gure artean jarri du bizilekua. Gure artera etorri da.

Hitz hori hasieratik zegoen Jainkoaren ondoan. Eta Hitz horrek kreatu du mundua eta munduan den guztia. Eta Hitz horrengan bizia zegoen. Eta bizi hori argia zen gizon-emakumeentzat.

Zoritxarrez, gizon-emakume askok ez zuten onartu Jainkoa, ez hasiera hartan, ez judu-herrian, ez Hitz bezala etortzean ere; Jesusi berari ere uko egin zioten.

Baina taldetxo batek onartu zuen Jainkoa, bai hasiera hartan, baina Israel herrian, bai Hitz bezala etorri zenean. Batez ere, Hitz bezala etorri zenean. Bero-bero onartu zuen Jesus jende-talde batek.

Onartu zuten hauei Jainkoaren seme-alaba izateko gaitasuna eman zien Jainkoak. Talde honetakoak gara gu geure ere Jesus bihotzez eta egiaz onartzen badugu.

Jesus onartzea ez da, ordea, Jesus Haurraren Jaiotza aurrean belauniko jartzea. Gizon bete egin den Jesusen biziera imitatzea da Jesus onartzea. Pobreengan, gaixoengan, bekatariengan, gerran ari direnengan, kartzelan direnengan Jesus bera ikustea da Jesusi harrera egitea. Txiki hauetako bati egin zeniotena, neuri egin zenidaten.

Batetik, Jainko Aita agertu eta agertzen digu Jesus gizon eginak. Bestetik, Jainkoak, gu bere seme-alaba egitean, gure bihotzera isuri duen Espirituak Jesus zer den agertzen digu gaur. Espirituak ematen digu halako pobre horrengan Jesus bera ikusteko gaitasuna. Ireki diezaiogun bihotza.

DIONISIO AMUNDARAIN