EGUBERRI ONDOKO 2. IGANDEA (C) 2016-01-03

SARRERA

Senideok: gizon egin den Jainkoaren Semearen misterioa ospatzen dugu gaur ere: Jesus «Emmanuel da, Jainkoa gurekin» da, gure artean jarri du bizilekua. Jainkoa ez da jadanik urruneko norbait. Gure artekoa da: garai batean gure artean fisikoki bizi izan zen; gaur gure artean berpiztu bezala bizi da. Gizadi osoarentzat bizia, argia eta berotasuna izatera etorri da Jesus. Geure bizitzan, bidea erakutsi eta laguntzera etorri zaigu.
Lehenengo irakurgaiak Jakinduriaz hitz egiten digu; Jainkoa munduan presente dagoela adierazi nahi du. Batzuetan, Itun Zaharrean, hizkuntza poetikoaz baliatuz, emakume bezala agertzen digute idazleek Jakinduria hori. Halere, Jakinduria hori ez da Jainkoa. Itun Berria, ordea, Jakinduriaz ez, baizik Hitzaz mintzatuko zaigu; Hitz hau, Itun Zaharreko Jakinduria ez bezala, Jainko da.
Bigarren irakurgaiak hitz gogoangarri hau dakarkigu: Jainko Aitak bedeinkatu dituen gizon-emakumeek osatzen dute Jainkoaren herria. Konturatzen al gara Jainkoaren herritar garela?
Ebanjelioa, berriz, Hitzaz mintzo zaigu, gizon egindako Jainkoaren Semeaz. Lehenengo irakurgaiak Jakinduriaz esandako guztia aplikatzen diogu Hitzari; baina Jakinduria ez bezala, Hitza ez da kreatua, Jainko da Aitarekin batean, Aitaren ondoan.
Ez dago gure esku hau guztia, gauetik goizera, kolpetik eta erabat ulertzea. Aski genuke, susmo txiki bat lortzea. Ireki diezaiogun geure bihotza; Jesusen Espirituak ez digu ukatuko argi-printza bat. Jesus bera dugu geure argia; errepara diezaiogun nola jaio den: pobre eta apal; nola bizi izan den: pobreei, bekatariei, zapalduenei emanik; nola hil den: hiltzaileentzat berentzat barkazioa eskatuz.

LEHENENGO IRAKURGAIA Sirak-en liburutik (24,1-2.8-12)

Jakinduriaz mintzo zaigu Ben Sirak-en liburuko gaurko testu hau. Zer da, ordea, Jakinduria hori? Hara: ia-ia pertsonatzat hartzen du idazleak; Jakinduriaz hitz egitea, Jainkoak bere herrian duen presentziaz hitz egitea da; Itun Zaharrak duen hitz egiteko modu berezi bat da: Jainkoa gure artean dagoela esateko era bat, Jainkoak ez gaituela bakarrik eta umezurtz uzten.
Jakinduriaz hitz egitean, gaurko ebanjelioak esango digunetik oso hurbil dago Itun Zaharreko testu hori; hau entzungo dugu Ebanjelioan: Hitza mundura etorri dela, gizartera etorri dela. Baina bada alde handi bat Itun Zaharreko Jakinduria horren eta Itun Berriko Hitzaren artean: Jakinduria Jainkoak kreatua da; Hitza, berriz, Jainko da Jainkoaren Aitaren ondoan; ez da, beraz, kreatua. Halere, Hitz hori, Jainko hori gizon egin da; alde honetatik kreatua da, gu bezalaxe. Baina funtsezko gauza hau da: Hitz hori gu bezalako egin da, gu bera bezalako egiteko, gu Jainko egiteko.
Itun Zaharreko Jakinduria ez da gauza pasibo bat, baizik bizi-bizia da: bere herrian egoteaz harro dago; bere herrian jarri du bizilekua; bere ondaretzat hartu du herri hori; presente dago herri horren ospakizunetan, herri horren bizitzan.
Gaurko ebanjelioa ere modu bertsuan mintzo da: Hitza, Jainkoaren Semea, gure artean kanpatu da, gure artean jarri du bere kanpadenda.
Jainkoaren presentziaz dugun sinesmen honek ez luke izan beharko ezagutza hutsa, baizik ukitu bigun, gozo eta bizi bat eman beharko lioke gure bizitzeko moduari.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei gutunetik (1,3-6.15-18)

Jainko Aitaren bi bedeinkazio dakartza idazleak gaurko irakurgai honen lehen zatian; batetik, Jainkoak, Jesu Kristogan, munduaren hasieratik beretik aukeratu gaitu; bestetik, bere seme-alaba egiteko kreatu gaitu.
Esan nahi da, gizon-emakume guztiok anai-arreba garela. Esan nahi da, ezin utzi diogula Jainkoa goratzeari, Jainkoari eskerrak emateari. Mundu honetan bizia eman diguten gurasoak ezin ahaztu ditugun bezala, ezin ahaztu dugu zorion beterako kreatu gaituen zeruko Aita.
Bigarren zatian, berriz, gizon-emakume guztien anai-arreba artekotasuna nola gauzatu adierazten digu idazleak: nola izan guztiok benetako anai-arreba. Lehenik eta behin, Jesusi atxikitzea da kontua, maitasun betez. Eta, ondorioz, lagun hurkoa maitatzea. Gainera, gogoan izan behar dugu Aitak jakinduriaren espiritua eman digula. Beraz, geurez bakarrik ezin duguna, jakinduria horren espirituaren argiz eta indarrez lortu genezake. Espiritu horixe dugu geure esperantza. Berari bihotza irekirik bizitzea da kontua. Baita gozotasuna eta poza ere. Amaz edo aitaz edo pertsona maite batez pentsatzen jartzen garenean, ez al dugu gozotasun handi bat sentitzen bihotz barruan? Halakoxea sentituko genuke benetako fedea eta konfiantza izaten saiatuko bagina.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (1,1-18)

Berez ikusezina den Jainkoa agertu egin zaigu. Hitza haragi, gizon egin da. Hori guztia, gizadi osoarentzat argi eta bizi izateko. Badakigu, Hitz hori Jainko Aitaren Semea da, gizon egin den Jainkoa.
Aita zer den agertu digu Jesusek, bere hitzaz eta bere bizieraz, Aita nolakoa den esan digu; Aita guretzat zer den; gizadi osoarentzat Aitak zer nahi duen, zer asmo duen.
Jainkoa bere baitan ezin ezagutu dugu; egin dituen gauzen bidez bakarrik ezagutzen ahal dugu; batez ere, ordea, Jesusen bidez ezagut dezake gizadiak Jainkoa, Jesusen bidez irits daiteke gizakia benetako federa.
Baina Jesusek ez du inor behartu. Ez da indarraz baliatu, gu Aitagana eramateko. Hain zuzen, indarrean jarraitzen du argiaren eta ilunaren arteko borrokak. Batzuek argia onartu dute; besteek nahiago dute ilunpean gelditu.
Jainkoak nahi izan dezala, guk geure buruarekin zintzo jokatzea, geure burua engainatzen ez ibiltzea; nahi izan dezala, guk geure bihotza Jesusengan iritsi zaigun argira irekitzea. Jesus dugu bizia eta argia; hurrenkera horretan; lehenik bizia, gero argia. Ezin ulertu dugu ezer ere, ez Jainkoaz, ez Jesusez, ez Elizaz, ez munduaz, ez geure buruaz, bizi ezean; Jainkoa bizi baduzu, ulertuko duzu hura, neurri batean bederen; Jesusekin bizitzen saiatzen bazara, aise ulertuko duzu hura; Eliza maitasunez bizi baduzu, sakon ulertuko duzu Elizaren misterio handia eta pozgarria; munduan eta munduarekin eta munduarentzat bizitzen saiatzen bazara, ulertuko duzu, bai munduaren miseria, bai batez ere munduaren handitasuna, Jainkoaren maitasunaren obra bikaina; zeure buruari begira bizi bazara, ez axaletik, ez era egoistan, baizik sakon, San Leon aita santuaren hura ulertuko duzu: «Kristaua, har ezazu kontuan zeure duintasuna».

HERRIAREN ESKARIAK

1.-Elizaren alde, hau da, kristau guztien alde eta, are, gizon-emakume guztien alde: agertu diezaiogula elkarri Jesusen Jakinduria: konbertsiorako deia, Jainkoa ezagutzen saiatzeko deia. Eska diezaiogun Jaunari.

2.- Krisia dela eta, gaixotasuna dela eta, langabezia dela eta, zokoratuak izana dela eta, bakardadea dela eta, kartzela dela eta, sufritzen ari direnak beste guztiontzat dei bizi bat izan daitezen, solidarioago, bihotz zabalago eta hurbilago izatera. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Gurasoak, hezitzaileak, katekistak Jainkoaren jakinduriaren erakusle, irakasle eta hots egile izan daitezela, bizitza nola hartu eta nola bizi izatearen hurbileko testigu izanez. Eska diezaiogun Jaunari

4.-Eguberritako misterioa ospatzen eta bizitzen ari garenon alde: gizon-emakume guztiengana adiskidetsu hurbiltzen lagundu diezagun. Eska diezaiogun Jaunari.