JAINKOAREN AURPEGI GIZATIARRA (Joan 1,1-18)
Eguberri ondoko 2. igandea A 2020-01-05
Laugarren ebanjelioa hitzaurre oso berezi batekin hasten da. Gorazarre antzeko bat da; lehen mendeetatik, laguntza aparta eskaini zien kristauei hitzaurre horrek Jesusengan ezkutatzen den misterioan sakontzeko. Fede xumez aditzen badugu, gaur ere laguntza handiko izan dezakegu Jesusengan era sakonean sinetsi ahal izateko. Erdi-erdiko baieztapen batzuez bakarrik ariko gara hemen.
«Jainkoaren Hitza haragi egin da». Jainkoa ez dago mutu. Ez da egon isilik, bere Misterioan betiko triku eginik. Gurekin hitz egin nahi izan du, bere maitasuna esan nahi izan digu, bere egitasmoa argitu. Jesus, lau-lau, haragi egin den Jainkoaren Egitasmoa da.
Baina Jainkoa ez zaigu mintzatu kontzeptu eta irakaspen goitarrez, jende adituak bakarrik uler ditzakeenez. Beraren Hitza Jesusen bizitza bihozkoian haragitu da, jenderik xumeenak ere, beraren bizitzak berekin dituen onberatasunaren, maitasunaren eta egiaren aurrean hunkidura sentitzeko gai denak ere, ulertu ahal ditzan.
Jainkoaren Hitz hau «gure artean kanpatu da». Joan dira urruntasunak. Jainkoa «haragi» egin da. Gure artean bizi da. Berarekin topo egin ahal izateko, ez dugu zertan irten mundutik, Jesusengana hurbiltzea dagokigu soil-soilik. Bera ezagutzeko ez dugu teologia ikasi beharrik, Jesusekin sintonizatzea, Jesusekin bat egitea, dagokigu soil-soilik.
«Jainkoa ez du inork inoiz ikusi». Profetek, apaizek, lege-maisuek asko hitz egiten zuten Jainkoaz, baina inork ez zuen ikusi haren aurpegia. Gauza bera gertatzen da gaur gure artean: Elizan asko mintzo gara Jainkoaz, baina gutako inork ez du ikusi. Jesusek bakarrik, «Jainkoaren Semeak, Aitaren altzoan dagoenak, eman digu ezagutzera».
Ez genuke ahaztu behar. Jesusek bakarrik kontatu digu Jainkoa nolakoa den. Hura bakarrik dugu iturburu beraren Misteriora hurbildu ahal izateko. Zenbat ideia mendre eta gizatasun eskaseko dugun Jainkoaz, desikasi beharreko, Jesusek agertu digun Jainko horrek erakarri eta lilura gaitzan uzteko!
Nolako kanbioa jotzen duen guztiak, atzematen dugunean, noizbait ere, Jainkoaren aurpegi gizatiar hori. Dena bilakatzen da lauago eta argiago. Badakigu orain nola begiratzen digun Jainkoak sufritzen dugunean, nola ibiltzen den gure bila galtzen garenean, nola ulertzen eta barkatzen digun bera ukatzen dugunean. Jesusengan agertu zaigu Jainkoaren «onginahia eta egia».
Jose Antonio Pagola