EGUBERRI: Jesusen Jaiotza B 2017-12-25
SARRERA
Anai-arrebok, eguberri eguna ospatzen dugu gaur: Jesusen jaiotza. Lukasen ebanjelioa (Lk 2,1-14) irakurriko dugu. Lukasek bere ebanjelioaren bi kapitulu eskaini dizkio Jesusen haurtzaroari. Baina, aldez aurretik jakin behar dugu hau: Lukasek ez digu informaziorik eman nahi Jesus jaio zenean gertatutakoez. Jesus piztu ondoren, apostoluek eta beste ikasleek Jainkoaren Semea jaio izana nola interpretatu zuten agertu nahi digu Lukasek. Eta hitz gutxitan esateko hau da interpretazioa
Batetik, aberats izanik, Jainko pobre egin da. Ez da, ordea, pobretasun materiala bakarrik. Bakardade handian jaio da.
Bestetik, Jesus hori onartu duen jende-mota bat aipatzen du Lukasek: Zakarias eta Elisabet, Joan Bataiatzailearen gurasoak, poztu egin dira. Jose eta Maria askoz ere gehiago. Simeon eta Ana agureak, tenpluan bizi zirenak, ere poztu dira.
Jende apala eta umila ere poztu da: artzainak; legeari loturik ez dauden pertsona dira: zain daude; ahotsa entzun dute; ahotsari kasu egin diote.
Judu ez den jendeak ere Jesusengana jo du. Urrunetik datoz magoak.
Lukasen arabera, aurreiritzik gabe eta bihotza irekirik den bizi jendea da Jesus onartu duena.
Eta guk? Lagun gaitzala Jesusen Espirituak Jainkoak bidaltzen dizkigun seinaleak ikusi, interpretatu, onartu eta hurbiltzen, gaur ere, jende pobreagan, jaiotzen ari den Jesusengana. Har ditzagun etsenplutzat aipatu dugun jende hori. Ez da gauza asko ikastearen kontua, baizik eta gizakiaz eta Jainkoaz aurpegi berri bat sumatu eta bizitzea.
LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (52,7-10)
Segidan entzungo dugun Isaias profetaren pasarteak pozik bizitzera gonbidatzen gaitu. Jauna badatorrelako. Horixe da albiste handia. Badator Jaunaren kontsolamendua, badator Jaunaren bakea. Burua gora ukaiteko deia da, lur joa den jendearentzat eta guztientzat. Israeldarrak Egiptoko esklabutzatik atera ziren bezala, geroago Babiloniako gatibualditik libre gelditu ziren bezala, geu ere esklabutza orotatik ateratzera gonbidatzen gaitu: zuzengabekeria politikotik, ekonomikotik, sozialetik, kulturaletik, kontsumismoaren zuzengabekeriatik. Jesus da gure poza.
BIGARREN IRAKURGAIA Hebrearrei egindako idazkitik (1,1-6)
Ezezaguna da Hebrearrei gutunaren idazlea. Honek ere, Lukasek bezala, Isaias profetak bezala, mezu bat eman nahi digu: Jainkoak, hasieratik beretik, gizakiari nola hitz egin dion adierazten digu; adierazi nahi digu, Jainkoa solidario izan dela beti eta dela gaur egun ere gizon-emakumeekin. Mila moduz eta askotan hitz egin dio gizakiari Jainkoak aspaldidanik. Baina gizakiak kasurik ez, eta Jainkoak uste du hitz egiteko beste modu bat bilatu behar duela, gizakia konbentzitzeko. Hala, modu gizatarragoan agertu nahi zaio gizakiari, modu maitekorragoan, biziagoan. Eta zer bururatu zaio? Bere Semea bera bidaltzea, gizon eginik, beste edozein gizaki bezala. Jesusengan agertu zaigu Jainkoa, guretzat bera zer den agerian ipiniz.
Senideok, bai gauza harrigarria! Bai maitasun handia! Poztu gaitezen eta eman eskerrak Jainkoari. Harrotzeko gure arrazoi bakarra, Jainkoak gu aintzat hartu izana da. Nola ez sentitu mirespen eta harridura handia Jainkoa horrelakoa dela sumatzean?
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (2,1-14: Gabon Gaueko Mezakoa)
«Gaur Salbatzailea jaio zaizue, Mesias, Jauna». Ez da Augusto erromatar enperadorearen, mundua dominatzen duen haren, semea, ez; ez da mendekoek, beren inozokerian, salbatzailetzat eta bakearen ekarletzat gurtzen zuten enperadore haren semea; enperadoreak soldadu-multzoaren bidez dominatzen zuen mundua. Horrelako gizon boteretsu baten jaiotza ez da albiste ona; batez ere, jende ahula abusu-mota guztien biktima izaten delako. Hura erromatar bakea zen.
Bestelako da Jesusen bakea. Jesus erromatar inperioaren mende dagoen herrixka batean jaio da. Halere, Jesus ez da erromatar hiritarra. Inork ez du espero haren jaiotza Erroman. Baina guztiek behar genuen Salbatzailea da. Ez da jarriko Zesarren zerbitzura, ezta inongo beste enperadore baten zerbitzura ere. Soilik, Jainkoaren erreinua nola gauzatuko saiatuko du. Gizon-emakume guztien bizitza gizatasun handiagoz nola kutsatuko biziko da. Harengan aurkituko du mundu zuzengabe honek Jainkoaren salbazioa.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Euskal Herriko pobre, gaixo, presoentzat: beren bizitzan Jesus salbatzaile eta askatzaile dela suma dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Munduan, anai-arreba artean, gizatasun handiagoko sentimenduak sor daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduan, gaurko lehen irakurgaiko profeta bezalako hots egileak sor daitezen, gizon-emakumeei Jauna etorri dela agertzeko: bakea, kontsolamendua, adiskidetasuna dakarren Jauna. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Une askotan bakearen gozorik ezin sentitu izan duen gure bihotzarentzat: biziaren iturritik edaten jakin dezagun, bakearen gozotasun hori bizi ahal izateko. Eska diezaiogun Jaunari.