Eguberri eguna 2018
Homilia

Anai-arrebok!

Eguberri zoriontsuak guztioi! Eguberri ebanjelioaren araberakoak guztioi! Eguberri gizakiaren araberakoak guztioi!

Zein dira, ordea, Eguberri zoriontsuak? Isaiasek, lehen irakurgaian honela definitu ditu gutxi gorabehera: «zorionekoak dira bakea iragartzen dutenak, garaipena iragartzen dutenak, Jauna aurrez aurre ikusten dutenak, Jaunak herriari kontsolamendua eman diola adierazten dutenak».

Gaurko gizarteak horrela hartzen al ditu Eguberriak? Eskerrak gure gizarte basati honetan, Isaiasen araberako edo usaineko Eguberririk bizi duenik ere baden. Hauetako al naiz ni?

Zer bake erein dut nik? Jesusen garaian bazen «Pax romana» deitzen zutena. «Erromatar bakea», alegia. Enperadoreak soldaduen bidez, aberatsek beren tiraniaz, jende askok besteen bizkar biziz, jende askok nik neurea eta besteak hor konpon esanez… eraikitako bakea zen.

Jesusek beste bake bat aldarrikatu zuen: Jainkoaren Espirituak inspiratua, zoriontasunetan oinarritua, etsaiek inoiz tripazaintzat jo bazuten ere bere otorduetan jendeari elkarrekiko laguntza sustatu eta indartu zuena. Jesusen bakea ez zetorren bat Pax romanarekin.

Jesusen bakea ez dator bat gaurko munduan nagusi den Eguberriak ospatzeko moduarekin eta neurriarekin. Ondo da, ebanjelioaren araberakoa da familiaren elkartasuna eragitea eta bizitzea, urtean egun edo gau batean bederen. Ebanjelikoa al da gure arteko merkatu handiek egiten duten poltsakada? Zeinen bizkar?

Gaurko munduaren Eguberriak bizitzeko modua ez dator bat zoriontasunekin, ez dator bat zuzentasunarekin, ez dator bat ondasunak zuzen erabiltzearekin.

Uste dut, baduela zentzurik bihotzeko bakeak, munduan benetako bakea ezartzeko ahaleginak.

Uste dut, baduela zentzurik gure Mezan aitortzen eta ospatzen dugun afaria: bertan banatzen den ogiak.

Uste dut, badirela gaur ere izarrak, Jesusen ebanjelioa non bizi den agertzen dutenak.

Uste dut, baduela zentzurik Nazareten jaio den Jesus hura benetako gizaki zoriontsuaren eredutzat hartzeak

Uste dut, baduela zentzurik munduan Jesus xume-xume aldarrikatzeak, hainbeste zalapartaren eta istiluren artean doi-doi entzungo bada ere.

Uste dut, Jainkoa ez dela ahaztu gaurko munduaz. Deika eta deika jarraitzen duela bihotz xume asko eta askotan. Batez ere pobreengan, eta pobreekin pobre bizi nahi dutenengan. Eskerrak, Jauna, gizon eginez gizon edo emakume nola izan agertu didazulako. Eskerrak zuri behin eta berriz.

Dionisio Amundarain