Eguberri eguna 2016-12-25
HOMILIA

Anai-arrebok!

Hasteko, ZORIONAK bihotz bihotzez. Aingeruen bidez, Jaunak berak eman dizkigun hitzez: «Aintza zeruan Jainkoari eta bakea lurrean Jainkoak maite dituen gizon-emakumeei». Bakea eta zoriona beti elkarrekin. Bakea bihotzean, bakea lagun hurkoarekin, bakea Jainkoarekin.

Ez da gutxiagorako. Jainkoa Betleemen jaio da; leku ez-ezagun batean. Eta jaiotzen jarraitzen du Jainkoak, gutxiena espero genezakeen lekuan: bihotzean; zure, nire, haren, haien bihotzean.

Betleemgo jendeak ez du onartu Familia Santua. Eta zuk? Eta nik? Eta haiek? Munduak begiak itxi egin nahi dizkio berritasunari.

Haur bat jaio da. Haur txiki bat, babes gabe bat. Baina haur hori gure Salbatzailea izango da: gizarte berri bat agertuko digu, gizarte berri bat egiten erakutsiko digu, gizarte berri bat egitera gonbidatuko gaitu. Haur bat jaiotzean beste argi bat pizten da gure bihotzean. Beste biziera batera eragiten digu. Ez al duzue egin esperientzia hori zeuen bizitzan? Zeuenean seme bat, alaba bat jaio denean, ez al duzue sumatu aldaketa bat zeuen bizitzan? Jesus jaiotzeak muga bat ezarri dio giza historiari: Kristo aurrekoa eta Kristo ondokoa. BERRITASUNA da Jesus.

Jesus jaio denean, izar bat sortu da zeruan. Munduari beste argi bat sortu zaio. Jose eta Maria erabat txunditu ditu argi horrek. Ez dira hasi esaten: aitaren antza du, amaren antza du, zein polita den; ez. Bihotzean harridura sortu zaie, eta hari begira jarri dira, liluraturik, kontenplazio-jarreran.

Izarra ikusi duten lehenak artzainak izan dira. Jende pobrea, jende xaloa, jende mespretxatua, jende ezjakina. Argiaren amets ziren, eta argiak harrapatu egin die bihotza.

Eta magoak. Atzerritarrak. Bertakoek ez, eta kanpokoek onartu dute argia. Joan ebanjelariak esana gaurkoan: «Bere etxera etorri eta bereek onartu ez». Gogoratzen zarete: behin batean, gizon larria orduan, Jesus Nazaret berrira joan zen, eta bereek ezin onartu izan zuten.

Senideok. Eguberriak gonbit handi bat ditugu. Ez da aski Jesus Betleemen jaio zela onartzea. Gure bihotzean sar dadin uztea da garrantzizkoa. Gure etxean sar dadin. Gure lanbidean. Gure denbora-pasan. Gure harremanetan.

Herenegun, ostiralean, arratsean testigantza bikain bat jaso nuen: turkiar gabe bat, mutil bat, Lazkaora etorri berria, goi-ikasketaduna, Lazkaon berezko familiarik gabea, lazkaotar emakume bati «ama» esaten.

Eguberriak horixe dira: atzerritarrari harrera egitea, zu zeu ez bezalakoa onartzea, beste alderdi politiko batekoa onartzea. Eta nola ez? Zeure burua onartzea, zaren bezalakoa. Betleemen jaio den Jesusek horixe azalduko digu geroago: Jainkoak garen bezala onartzen gaituela; geure akatsak eta guzti, geure ahuldadeak eta guzti; ebanjelioko Zakeo zerga-biltzaileari ez zitzaion hasi bere kaxkarkeriak aurpegiratzen; «gaur zure etxean gelditu nahi dut» esan zion Jesusek.

Senideok, onar dezagun gure argia den Jesus.

Dionisio Amundarain