Eguberri Eguna C 2015-12-25
HOMILIA
Anai-arrebok, EGUBERRI ZORIONTSUAK!
Charles Dickens (1812-1870) ingeles idazle bikaina izan zen. Kristau-fede handikoa. Badu ipuin bat eguberriez. Osabaren eta ilobaren arteko elkarrizketa kontatzen du. Osaba bere bulegoan dago Eguberri-bezpera batean. Hotzak dar-dar. Dirurik asko baduen arren, ez du gastatu nahi berotzeko ikatzetan. Honetan, iloba dator, poz-pozik. Eta esaten dio: «Eguberri zoriontsuak, osaba!» Eta osabak: «Eguberri zoriontsuak!? Ipuinak!» «Zer, Eguberriak ipuinak direla?», erantzun dio ilobak. Eta osabak: «Niri ez zidatek gastua besterik ekartzen!» Ilobak, berarentzat poz handi baten adierazte direla esanez alde egiten du.
Senideok, sinesten dugunontzat, Eguberriak albiste handi bat dira. Hala diote irakurgaiek. Lehen irakurgaian, Isaiasek kantuari ekitera gonbidatzen gaitu: «Bai bikainak mendietan bakea iragartzen duen mezulariaren oinak: berri on bat dakar, garaipena aldarrikatzen du». Gau erdiko mezakoan, berriz, hona zer esaten duen Isaiasek: «Ilunpean bizi zen herriak argi handi bat ikusi du». Bigarren irakurgaiak hau dio: «Azkenean, bere Semearen bidez hitz egin digu». Seme hau Jainkoaren isla da, Jainkoaren distira. Eta gaurko ebanjelioan: «Jainkoaren onginahia eta egia Jesu Kristoren bidez etorri dira».
Horra zer diren Eguberriak: bake-adierazle, albiste on, garaipen, argi handi bat, Jainkoa zer den agertzen digu gu bezalako gizon bat, Jainkoaren onginahia guri agertu izan, benetako egia azaldu izana.
Honek guztiak, hainbat gogoeta eragiten digu.
Batetik, argi distiratsua da Jesus. Borroka gogorra egin dio ilunari. Argiarekin bakea ekarri digu. Gerlak, gorrotoak… iluna maite du. Egiak, berriz, argia du maite. Maita dezagun argia, gauza guztien gainetik.
Bigarren, Jainkoa artzainei agertu zaie lehenik. Jainkoak jende pobrea eta xumea maite du nagusiki. Jainkoa non aurkitu galdetzen duenari, erantzuna erraza da: begiratu pobreei, hartu pobreak alboan.
Azkenik, gaurko ebanjelioko hitz hauek: Hitzari harrera ona egin diotenei Jainkoaren seme-alaba izateko zoria eman die.
Senideok, zenbat eta beroago bizi Eguberri misterio handi hau, orduan eta sakonkiago sentituko eta biziko dugu Jainkoaren seme edo alaba izate hau.
Eman diezagula Jesusen Espirituak Jesusen anai-arreba garen konbentzimendua.
Dionisio Amundarain