JAINKOA HARAGI EGINA Lk 2,1-14
Eguberriak. Jesusen Jaiotza 2020-12-25
Jainkoaz eskuarki izan ohi ditugun ideiak eta irudiak berrikustera behartzen gaitu Eguberri jaiak. Beraren benetako aurpegira hurbiltzea eragozten digutelako. Jainkoak ez digu uzten bere burua geure eskematan eta pentsamoldeetan biltzen. Ez du jarraitzen guk seinalatzen dizkiogun bideetan. Ezin aurreikusia da Jainkoa.
Indartsu eta ahaltsu imajinatzen dugu, arranditsu eta ahalguztidun; baina berak haur ahul batengan eskaini digu bere burua, xumetasunik erabatekoenean eta pobretasunean jaio den haur batengan. Kasik beti ezohiko, miresgarri eta harrigarri bezala agertu ohi dugu Jainkoa; bera, ordea, eguneroko, arrunt eta ohiko bezala agertu zaigu. Handitsu eta urruneko imajinatzen du guk; bera, berriz, txiki eta hurbileko egin da.
Ez. Betlehemgo haurragan haragitu den Jainko hau ez da guk espero genezakeena. Ez dago guk imajina genezakeenaren mailan. Haur honek desengaina gaitzake. Alabaina, ez al da Jainko hurbileko hau gure ondoan behar duguna? Ez al da gizatasunaz azaldu duen hurbiltasun hau hobekienik agertzen duena Jainkoaren benetako misterioa? Beraren zinezko handitasuna ez al da agertzen hobekienik haur honen ahuldadean?
Eguberri jaiak adierazten digu, Jainkoaren presentziak ez diela erantzuten beti gure igurikimenei, guk espero dugunari; izan ere, gutxienik espero dugun lekuan ikusten ahal dugu. Dudarik gabe, beraren bila ibili beharra dugu otoitzean eta isiltasunean, egoismoa gainditzeko ahaleginean, beraren borondatea egiteko bizitza leial eta esanekoan; baina nahi duenean eta berak nahi bezala agertzen ahal zaigu, baita bizitzako unerik arruntenean eta ohikoenean ere.
Gaur badakigu, gure harreraren premia duen edozein pertsona babesgabe eta ahularengan aurki genezakeela Jainkoa. Egon daiteke haur baten malkoetan edota adin handiko baten bakardadean. Edozein anai-arrebaren aurpegian aurki genezake haragi eginik gizon agertu nahi izan duen Jainko horren presentzia.
Hauxe da Eguberrietako fede iraultzailea, kristautasunaren eskandalurik handiena, Paulok hotz eta motz honela adierazia: «Kristo Jesusek, jainkozko izaerako izanik, ez zion gogor eutsi nahi izan jainkozko bere mailari; bestela baizik, hustu egin zen bere handi izateaz eta esklabo-izaera hartu zuen, gizakien antzeko eginez. Gizaki huts bezala agertuz» (Flp 2,6-7).
Jainko kristaua ez da Jainko desaragitu bat, urruna eta ezin atzemana. Baizik eta Jainko haragitua da, ondo-ondokoa, hurbila. Nolabait ere uki dezakegun Jainkoa da gizatar dena ukitzen dugun heinean.
Jose Antonio Pagola