Jesusen Jaiotza B 2017-12-25
HOMILIA
Anai-arrebok!
Eguberri zoriontsuak! Poz handi baterako deia dugu gaurko jai hau. Karl Rahner teologo handiak esana da: «Jainkoak, berak bakarrik bizi nahi ez duelako, gizakia sortu du». Hari horri berari jarraituz, esan genezake: «gizakia bakarrik ikusi nahi ez duelako, Jainkoa bera gizon egin da». Hori da gaur ospatzen dugun misterio handia: Jainkoaren itxuragabeko maitasuna.
Atzo esan genuen bezala, inporta dutenak ez dira Jesusen Jaiotzaren zertzelada historikoak. Gainera, askotan historikotzat hartu izan ditugun zertzeladak ez dira egiaz historikoak. Adibidez, noiz jaio zen Jesus? Abenduaren 25ean? Ez dakigu. Jesusen Jaiotza abenduaren 25ean ospatzen badugu, beste arrazoi batengatik da: lehen kristauen garaian, abenduaren 25ean erromatarrek eguzkiaren edo argiaren jai handia ospatzen zuten; kristauek, benetako eguzkia eta argia Kristo dela aitortzeko, abenduaren 25a hartu zuten. Horixe dugu garrantzizkoa: pentsatzea eta konbentziturik sinestea, Jesus dugula geure eguzkia, geure argia.
Gure elizetan eta etxe askotan ikusten ditugun Jesusen Jaiotzak ere aintzat hartzekoak ditugu. Baina berorien mezua zein den gogoan hartu beharko genuke.
Asisko Frantzisko santuari zor diogu jaiotza hauek indar handia hartu izana. Hain zuzen, 1223an, Eguberritan, mendixka batean, arbola eta leize-zulo askoren artean, Jesusen Jaiotza eraiki zuen, animaliak eta garoa jarriz. Frantziskok debozio handia zion Jainkoa gizon egin izanari: «Jainkoa-gurekin» ikusten zuen Jesusengan. Jainkoaren hurbiltasuna azpimarratu nahi zuen Jaiotzarekin. Belengo gertaera bera ere gertaberritu nahi zuen; Belenen gertatua eszenifikatu; bizi-bizi eta ikusgarri bihurtu. Jainkoaren errebelazioa ikusten zuen Jesusengan. Emanuel, hau da, «Jainkoa-gurekin» zen Jesus Asisko Frantziskorentzat. Horra, senideok, gure Jaiotzetan zer ikusi behar dugun. Jakina, ebanjelioek ez dute aipatzen, Belenen, ez idirik, ez astorik. Asisko Frantziskok sartu zituen. Baina ebanjelioetan aipatzen ez badira ere, hona zer datorren Isaias profetaren 1,3an: «Idiak ezagutzen du bere nagusia, astoak ere ezagutzen du bere nagusiaren ganbela edo aska; Israelek, ostera, ez du ezagutzen; nire herriak ez du aditzen». Horra, mezu pozgarri handiarekin batean, albiste eta salaketa tristea: batetik,Jainkoa gizon egin da, gu jainko egiteko: albiste zoragarria; bestetik, animaliek ezagutzen dute beren nagusia; eta gizakiok ez: horra tristura eragiten digun gertaera; San Joanen ebanjelioaren hasieran datozen mezu handia eta salaketa gogorra dira
Senideok, Eguberri jaiak pozik bizitzeko deia ditugu. Salbatzailea etorri zaigu. Jainkoak ez dio ukatu gizakiari inoiz ere bere eskua: Jainkoaren jarrera horren sakramentu edo seinale da Jesusen Jaiotza. Jainkoak munduko herri guztiei agertu dien maitasunaren ezaugarria da Jesusen Jaiotza. Bizi berri bat ekarri digu Jesusen Jaiotzak. Jainkoa gizon eginik agertu zaigu. Gutako bat eginik. Bera zer den hobeto ikus dezagun. Jainkoa ez du inork ikusi. Baina Jesusengan agertu zaigu zer den. Gure artean bizitzera etorri da.
Benetan, pozteko misterioa da. Jainkoa zer den agertzearekin batean, gizakia zer den agertzera etorri da Jesus. Jainkoaren beraren aurpegia erakustearekin batean, gizakiaren aurpegia zer den erakustera.
Ez da etorri harro eta handikeriaz. Baizik eta pobre etorri da. Inork gutxik onarturik. Baina hor dira Jose eta Andre Maria; hor dira artzainak; hor dira Magoak; hor dira Simeon eta Ana. Bitartean, erromatarrak kezkati agertu dira. Herodes erregeak haur errugabeak hilarazi ditu.
Gaur, munduan, zuzentasuna bazterturik ageri da; argia alde batera utzirik ageri da; adiskidetasuna gutxietsirik ageri da; erromatarren bakea aldarrikatzen da, hau da, inperioen bakea hots egiten da.
Senideok, Jesusen zuzentasuna behar dugu kontuan hartu; Jesusen argia, Jesusen adiskidetasuna; Jesusen bakea, Jesusen SHALOMa. Orduan izango ditugu EGUBERRIAK ZORIONTSU. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.
Dionisio Amundarain