Urteko 30. igandea (2014-10-26
HOMILIA

Anai-arrebok!

Beste behin, gizatasun handia agertu digu Jesusek gaurko ebanjelioan: Jainkoa maitatu eta lagun hurkoa maitatu, esan digu. Hori da, Jesusen arabera, zoriontsu izateko modu bakarra. Baina Jainkoa eta lagun hurkoa bakarrik ez: Maitatu nork bere burua ere. Hain zuzen, horixe adierazi digu Jesusek esan digunean: maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.

Maitasuna. Aste honetan, neure ordenagailuan jasoa dudan orrialde bat irakurtzeko aukera izan dut: Albert Einsteinek bere alabari idatzitako gutunaren zati bat. Einsteinek ere, maitasuna jotzen du mundua aldarazteko lehergailu bakartzat. Zergatik ez genuke egingo maitasun-gailu handi bat?, dio. Halere, aitortzen du, gizadia ez dagoela prest oraindik maitasunaren indarra ezagutu, aintzat hartu eta haren arabera bizitzeko.

Gauza bertsua gogorazi digu Jose Antonio Pagolak bere homilian. Jean Onimus idazle frantsesaren esaldia ekarri digu: «Kristautasuna bere hasieran dago gaur oraino; bi mila urte bakarrik daramatza gizakia lantzen. Astuna da jende-masa eta mendeak beharko dira maitasunak hartzitu edo kutsatu dezan arte».

Bai. Juduek bide luzea egina zuten Jainkoaren mezua jasotzen. Modu askotan agertu zien Jainkoak bere maitasuna. Ez bakarrik juduentzat duen maitasuna. Mundu guztiarentzat duena.

Halere, Jesusi galdezka dator fariseu bat: Zein da Legeko agindurik edo proposamenik handiena? Pazientzia handia agertu du Jesusek, eta maitasun handia, fariseu horri erantzutean. Erantzun ziezaiokeen: Zer ari zara galdezka? Legea ezagutzen duzuela eta maite duzuela esan, eta ez al duzue ikusten Lege horretan zer den inportanteena? Baina. ez. Jesusek apal-apal erantzun dio. Badaki, Einsteinek baino lehen, Jean Onimus idazleak baino lehen, gizakiak gizatasunaren bidea hasi berria duela; ez dela gai oraino gizatasunaren muina zer den ikusteko.

Jainkoa maitatzeak lagun hurkoa maitatzea esan nahi du. Lagun hurkoa maitatu ahal izateko zeure burua maitatu behar duzu. Oso gogoan hartu behar dugu hori. Ez gaitezen ibili inor engainatu nahian. Ezin maitatu duzue zeure burua Jainkoaren maitasuna ezagutu eta aintzat hartu gabe. Hirurak elkarrekin lotu-lotuak dira.

Dena den, zeure burua benetan maite baduzu, seinalea iritsi zarela Jainkoaren maitasuna ezagutzera, aintzat hartzera, bizitzera. Jainkoak agertu digun maitasuna da gure maitasunaren sustraia eta sorburua.

Kontua, beraz, horixe da: Jainkoak berak argi emanda, hark egin dizkigun mesedeen, faboreen jakitun izatea. Orduan, Kantarik ederrena liburuaren egilearekin pozik asko esango genuke: «Aurkitu dut neure arimako maitea, besarkatu dut, eta ez dut askatuko» (3,4).

Funtsean, beraz, maitasuna solidarioa da. Solidario Jainkoaren asmoekin. Solidario lagun hurkoarekin. Solidario nor bere buruarekin.

Maitasuna da lege eta arau guztien arnasa eta izerdia. Deuteromio liburuan (6,8-9) hau dugu idatzia: «lotu agindu hau seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian». Inporta duena, bihotzean txertatua edukitzea da, bakoitzaren bizitza guztia kutsa dezan.

Inporta duena da, maitasunak munduan gero eta indar gehiago izatea da. Bakoitzak aletxo bat ereitea. Eska diezaiogun Loiolako San Ignaziorekin: «Emazkidazu, Jauna, zeure maitasuna eta zeure grazia. Aski dut hori».