CORPUS igandea B 2021-06-06

Sarrera

Senideok, Jesusek bere bizitza osoan maitasuna izan zuen gidari. Bizia emateraino. Bere heriotza hau betikotzeko, Eukaristia eratu zuen: bera izan zedin bere jarraitzaileen bide-janari.
Horrenbestez, Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, Jesusen heriotza eguneratzen dugu eta beraren piztuera aldarrikatzen.
Ohituraren ohituraz ez gaitezela erori ohikerian. Ez dezagula ahaztu, Eukaristia Jesusekin berarekin otordua egitea dela eta Jesus bera janari hartzea. Eta horrek Jesusen egitekoa geure egitekotzat hartzea esan nahi duela.
Gaur, bestetik, Caritas eguna dugu. Gogoan izan dezagun Jesus beti pobreen alde aritu zela. Pobreak izan zituela beti gogokoen. Eukaristia ospatzeak Jesusekin bat egitera garamatza eta Jesusek buruan zuena geure buruan eta jardunean aintzat hartzera,

Lehen irakurgaia Irteera liburutik 24,3-8

Gaurko beste bi irakurgaiak bezala, Jainkoaren zerbitzarien konpromisoaz ari da Irteera liburuko hau ere hondo-hondoan.
Sinai mendiko esperientzia dakarkigu. Moisesek irakurri dizkio herriari Jainkoaren aginduak, eta aho batez erantzun du herriak: «Jaunak esandako guztia egingo dugu».
Eta hitz hori betikotzeko, opari bat eskaini dute, animaliak lepo eginez. Odolaren zati bat aldare gainera bota dute; aldareak Jainkoa ordezkatzen du. Odolaren beste zatia herriaren gainera bota dute. Horrela, odol berarekin igurtzirik, Jainkoa [aldarea] eta herria bat eginik gertatu dira. Berriro irakurri ditu Moisesek Jainkoaren aginduak, eta herriak aho batez esan du: «Jaunak esandako guztia egingo dugu». Odol hau Jaunak eta herriak egin duten elkargoaren ezaugarri izango da.
Gaurko pasartean ez badator ere, odolaren erritu hau egin ondoren, Moises eta beste herri-gidariak Sinai mendira igo dira (Irteera 24,9-11); han Jauna ikusiko dute, eta haren aurrean otordua egingo. Elkargoa baiesten duen ezaugarria hau ere. Emandako hitzaren ezaugarria.

Bigarren irakurgaia Hebrearrei egindako idazkitik (9,11-15)

Israeldarrek behin eta berriz agertu zituzten asmo onak, baina behin eta berriz jan zuten Jainkoari emandako hitza. Horrek Jainkoaren eta herriarteko arteko ordezko baten beharra zekarkien, apaizaren beharra.
Guretzat, Jesus izango da aurrerantzean apaiz nagusia. Bere burua eskaini du Jesusek, bekatua ezerezteko, desegiteko. Jesusen odola izango da aurrerantzean Jainkoaren eta gizakiaren arteko elkargoaren ezaugarria; ez, beraz, animalien odola, baizik eta Jesusena. Odol honek libratu gaitu heriotzatik. Jesus odol bihurtua izango da, aurrerantzean, bitartekoa Jainkoaren eta gizakiaren artean, eta ezaugarri bakarra. Honek ekarri digu egiazko bizia izateko aukera.

Ebanjelioa San Markosen liburutik 14,12-16.22-26

Markosen ebanjelioko pasarte honetan, gaurko lehen irakurgaian bezala, elkargoa baiesteko bi era ageri dira: otordua egitea eta odolari erreferentzia egitea. Baina ebanjelio honen kasuan, Jesus bera jaten da; Jesusen beraren odolari egiten zaio erreferentzia; Jesusen gurutzeko heriotzaren aurrerapen da Azken Afaria, Eukaristian gertaberritzen duguna.
Baina, jakina, alde handia dago Itun Zaharreko opariaren eta Azken Afarikoaren artean. Itun Zaharrekoak ez dakar nekerik: animalia batzuk hiltzea da guztia; Azken Afarikoak neke handia du berekin. Konpromiso handiagoa da Azken Afarikoan: Jesusen heriotza eta gutako bakoitzaren «heriotza» Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean. Ezin geldi gintezke ogiari eta ardoari aipua eginez. Eukaristiak konpromisoa du berekin.
San Joanen ebanjelioan ez da aipatzen Azken Afaria. Baina, besteak beste, Jesusek egin duen egintza aipatzen du: oinak garbitu dizkie ikasleen; adierazteko, ez dela etorri zerbitzatua izateko, baizik zerbitzari izateko.

Herriaren otoitza

ERANTZUNA: Jauna, emadazu zure gose eta egarri izatea.

1.-Jainko Aita, emaguzu laguntza eta grazia, zure Semea eta lagun hurkoa gure ogitzat eta ardotzat hartzeko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Jainko Aita, emaguzu laguntza eta grazia, Eukaristia zer den ezagutzeko: Jerusalemen torturatua, epaitua eta gurutzean hila izan den Jesusen oroitzapena dela ezagutzeko. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Jainko Aita, emaguzu laguntza eta grazia, Eukaristiak barkatzeko eta barkatuak garela ezagutzeko gai egiten gaituela aitortzeko. Eska diezaiogun Jaunari.

4.-Jainko Aita, emaguzu laguntza eta grazia, pobreei laguntzea geure buruari laguntzea dela ezagutzeko. Eska diezaiogun Jaunari.