Urteko 10. igandea B CORPUS (2021-06-06)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Corpus Christi eguna ospatzen dugu gaur. Jesusen gorputz-odolen eguna. Hobeto esan, Jesusek bere burua gizon-emakume guztioi eman izanaren eguna. Guk «gorputza» terminoaz euskaratu dugun eta grekoz «soma» terminoaz eman duten hebreerazko terminoak «pertsona osoa» adierazten du: gorputza, arima, espiritua. Halaxe da. Jesusek ez digu ema, ez bere «gorputza», ez bere «arima», ez bere «espiritua». Jesusek bera den guztia eman digu.

Zer esan nahi du, ordea, Jesusen eskaintza horrek? Zer esan nahi du Jesusen eskaintzen horrek, gizon-emakume guztiek eskaintza egiteko beren barruan eta bihotzean duten joeraren baitan harturik? Zer esan esan nahi du Jesusen eskaintza hori egiteko modu horrek, munduan izan diren eta diren eskaintza hori egiteko moduekin konparaturik?

Gaurko bigarren irakurgaiak Jesusen eskaintzaren eta israeldarren eskaintzaren arteko aldea edo kontrastea agertu digu. Itun Zaharrean animalien odola eskatzen zuten; Itun Berrian, Kristok bere odola eskaini du, hau da, bere burua.

Lehenengo irakurgaiak israeldarrek Jainkoaz egindako esperientzia handi bat dakarkigu. Sinai mendikoa. Jainkoak bere nahia agertu die Moises dela medio. Eta israeldarrek gogotik erantzun diote: «Jaunak esandako guztia beteko dugu». Baina gauza bat esatea; beste bat egitea. Bere historian behin eta berriz urrunduko da Israel herria Jainkoagandik. Bekatu horretaz konturatzean, Jainkoarekin berradiskidetzera joko du. Horretako, animaliak eskainiko dizkio opari.

Jesusek, ordea, beste era batean jokatuko du. Jesusek ez du uste Jainkoak berradiskidetu beharrik duenik. Ez du uste Jainkoa haserre dagoenik. Ez du uste Jainkoak gizon-emakumeei ordain bat eskaintzen dienik.

Gizakiaren zor bakarra, bere buruari zor diona da. Bere buruari ukatu dion zoriona bilatu beharra du. Horra zer izan den Jesusen oparia. Ez dio eskaini Jainkoari animaliarik. Bere burua eskaini dio. Eta horixe eskatzen dio gizakiari ere: «Egizue hau nire oroigarri».

Senideok, Jesusen opari hori berritzen dugu Eukaristian. Jesusen eskaintza bera eskaintzen diogu zeruko Aitari, geure opari eginik.

Kontatzen da, behinola, aspaldi, oso aspaldi, tribu bat biziro pozik jarri zela «sua» aurkitu zuenean. Hain mesedegarria ikusi zuenean. Eta pozaren pozez, beste tribu bati suaren berri ematera joan zen. Handik urtebetera, A tribu hura joan omen zen B tribura, suarekin pozik zeuden galdetzera. Eta ikusi zuen, suari eta eman zizkioten tresna guztiei etxola polit eta eder bat egin zietela; baina ez zirela baliatu, ez suaz, ez beste tresnez, ezertako.

Horrelako zerbait gerta dakiguke guri ere Eukaristiarekin. Etxola politean gorde. Kandelak piztu. Erreberentzia handiak egin. Baina ezertako baliatu ez. Baina, Eukaristia ezer baldin bada, gizon-emakumeon zorionerako da: elkartasuna, konpromisoa, laguntza, bizia, osasuna, kultura… bilatzera eragiten digu.

Eukaristia bizitzea Jesus ezagutzea eta aintzat hartzea da.

Gaur, azkenik, Caritas eguna ospatzen dugu. Laguntza emateaz batera, galdera sakon bat egitera eragiten digu egun honek: Zergatik da munduan pobrerik, zergatik gure artean etxe gaberik, zergatik gure artean otordu egokirik egiteko modurik ez duen jenderik? Jesus kontuan hartzen badugu, galdera horiei erantzun bizi eman beharra izango dugu.

Argitu, adoretu, lagundu gaitzala Jesusen Espirituak. Salmoarekin esan dezagun: Jaunak ez du ikusi nahi hiltzen berak kreatu duen gizakia.

DIONISIO AMUNDARAIN