CORPUS igandea B 2018-06-03
HOMILIA

Anai-arrebok!

Corpus eguna ospatzen dugu gaur. Jai hau 1245ean jaio zen, Liejan (Belgikan), gazte batek izan omen zuen ikuskari bat zela eta. Bi alderdi nagusi ditu: alde batetik, Azken Afaria ospatzea, hau da, Meza ospatzea; bestetik, Mezaren luzapena: Mezan ospatu dena sagrarioan gorde eta adoratzea.

Egia esateko, Mezaren luzapen deitu dugun hori, 13. mendea baino lehenagokoa da. Lehen kristauek gaixoentzat gorde ohi zuten Eukaristia. Baina 13. mendetik aurrera sekulako indarra eman izan zaio ostia sagaratua sagrarioan edukitzeari; esan liteke, Mezari berari baino inportantzia handiagoa ere bai.

Vatikano Kontzilioa 2.ean egindako liturgia-berrikuntzarekin asko aldatu dira gauzak. Hitz bakan batzuetan esateko: Azken Afaria ospatzea da garrantzizkoa. Afari bat. Otordu bat. Elkarte bat. Jainkoari opari bat eskaintzeko den aldaretik, mahai baten inguruan elkartzen den kristau-elkartera pasatu gara: batetik, Jainkoaren Hitza partekatzen duen kristau-elkartera, Jesusen biziera kontatzen duen Hitza partekatzera; bestetik, Jesusen gorputz-odolak partekatzera; mahai bat osatzera. Hitza eta mahaia.

Hitzaren alderdi hori gaurkoz alde batera utzirik, kontuan har dezagun, Eukaristia otordu bat dela, jan eta edatea. Eukaristia sinbolo bat da. Giza otorduan oinarritzen da. Hain justu, giza otorduan, hiru alderdi bereiz ditzakegu:
−batetik, otordua giza gertaera bat da; lurrarekin eta mundu osoarekin dugun lotura adierazten du; bizi ahal izateko, lurraren beharra dugu;
−bigarren, otordua gertaera sakratu bat, erlijioso bat, izan daiteke: gizakia baino goragokoa den Norbait iradoki edo sujeritu lezake: Norbait sakratua, Norbait santua;
−hirugarren, otordua gertaera ebanjelikoa izan lezake: Jesusek egin zuena ospatzera eta berregitera eraman gaitzake. Eukaristia ospatzera eraman gaitzake.

Otordua, ez da egintza indibidual bat. Eukaristia otordutzat harturik, ez da egintza indibidual bat. Elkartasuna adierazten eta gauzatzen du. Solidario egin gaitu gizadi osoarekin. Baita lur eta kosmos osoarekin ere. Eta aldi berean, bizi dugun fedearen sakramentu da. Jesusek Azken Afarian ogiari eta ardoari beste esanahi bat gehitu die; ogi eta ardo izaten jarraitzean gainera, Jesusen beraren sakramentu edo seinale bizi dira. Bere gurutzeko heriotzaren sakramentu edo seinale bihurtu ditu Jesusek ogia eta ardoa. Fisikoki, lehengo ogi eta ardo dira; sakramentuz eta misterioz Jesus bera adierazten digute.

Horrenbestez, Eukaristia ezin mugatu dugu debozio polit eta goxo bat ospatzera. Bai Mezan egiten dugun Azken Afariaren ospakizun bezala harturik nahiz ospakizun horren sagrarioko luzapen bezala harturik, konpromiso handi dugu Eukaristia. Jesusek bere burua jaten eta edaten eman digun bezala, Azken Afaria ospatzean geure burua jaten eta edaten eman beharra dugu, munduaren salbaziorako. Jesus ez dugu fisikoki jaten; geure burua ere ez dugu ematen jatera fisikoki. Baina San Joanen ebanjelioak agertu digu zertan datzan bere burua jaten emate hori: zutitu, mantala jantzi eta ikasleei oinak garbitu. Zerbitzari izatea.

Bestetik, Jesusek lurreko bizitzan egin zuen guztia jaten emate horren azalpen eta aurre-irudi da. Gogora ditzagun ogien ugalketak, bekatariekin egindako otorduak, seme hondatzaileari egindako harrera… Bizia ematea, esperantza ematea izan zen Jesusen jarduera guztia. Bizia ospatzea da Eukaristia.

Gaur Caritas eguna ospatzea, egoki baino egokiago dator ospatzen dugun Corpus jai honekin.

Dionisio Amundarain