CORPUS CHRISTI (Lukas 9,11b-17)

HOMILIA 2019-06-23

Anai-arrebok!

Corpus eguna ospatzen dugu gaur. Baina zer esan nahi du jai honek? Bada jenderik, gure gaztetako prozesio handi haiek amesten dituenik. Baina hori al da jai honen muina?

Lehenik eta behin, gogoan izan behar da, Corpus jai hau 13. mendean hasi zirela ospatzen Eliza osoan. Lehenago eta geroago, Ostegun Santuko jaia ospatu izan da. Zer alde dago bien artean?

Gaurko ebanjelioa kontuan hartzen badugu, esan daiteke, Corpus egun honek bikoiztu egiten duela Ostegun Santukoa. Baina Corpus jaia sortzean eta bizitzean, urrundu egin da gure jende asko Ostegun Santukoa ospatze horretatik. Beraz, alde batetik, ahaztu egin gara Ostegun Santukoaz; bestetik, halere, ezin baztertu dugu Ostegun Santukoa, entzun dugun ebanjelioak entzuteak adierazten duenez.

Beraz, kontraesan-moduko hau oso kontuan hartu beharko genuke Corpus eguna ospatzean: ez da Ostegun Santukoa bera eta bada Ostegun Santukoa bera. Kontraesaneko bitasuna hor dago.

Zer adierazten digun Ostegun Santukoaren bikoiztasun den aldetik? Zer diosku gaurko ebanjelioak? Ikasleek, jendeari agur esateko eskatu diote Jesusi. Eta Jesusek: emaiozue zeuek jatekoa. Eta eskuartean dituzten ogi eta arrain apur batzuek banatuz, denak ase dira. Otordu bat izan da. Azken Afariko otorduaren aurre-irudia da. Gaurko lehen irakurgaiak ere antzeko zerbait azaldu digu: Melkisedek pertsonaia misteriotsuak ogia eta ardoa eman dizkio Abrahami, eta honek hamarrenak eskaini dizkio. Otorduaz, antzeko pasadizo asko ageri da Biblian. Baina garrantzizkoa, Jesusen konklusioa da; gaurko ebanjelioan: eman zeuek jaten; Azken Afarikoan bi gomendio: oinak garbitu dizkie Jesusek ikasleei, eta bukatzean: egizue gauza bera zeuek ere, eta bestea: egizue hau nire oroigarri.

Horixe da hitz giltzarria Azken Afarikoan eta gure Eukaristian: OROIGARRIA. Jesusek egin duena gogoratzea, ospatzea, jai bihurtzea. Baina, jakina, oroitzea Biblian eta Liturgian ez da aspaldiko gauza bat gogora ekartze hutsa. Euskaraz hitz berri bat sortu dugu Bibliako eta Liturgiako oroitze hau adierazteko: GERTABERRITU. Jesusek eta ikasleek egin eta ospatu zutena gertaberritzea da kontua: gaur batak besteari oinak garbitzea, gaur beharrean direnei jaten ematea. Horra hitz gutxitan, zer den CORPUS jai hau, Ostegun Santukoaren bikoiztasun den aldetik.

Baina Corpus jaia ospatu zenean eta gerora, beste alde batzuk azpimarratu dira praktikan, nahiz eta, esan dudan bezala, Ostegun Santukoa ezin ahaztu izan den. Eta, berriro esa, hau kontuan hartu beharko genuke geure ELIZA kontuan izan nahi badugu.

Zer azpimarratu den Corpus eguna dela eta? Ba, hauxe funtsean: Kristoren presentzia hostia sagaratuan. Horretatik hostia sagaratuarekin prozesioak handikiro egitea, hostia sagaratua sagrarioan adoratzea.

Joera horrekin, ordea, ahaztu egin dira hainbat gauza. Eliz Gurasoen garaian ere hostia sagaratua gordetzen zuten; baina gaixoei eman ahal izateko izaten zen. Ahaztu egin da, Azken Afarikoan, otordu bat izan zela, eta gomendio hauek eman zizkiela Jesusek: batetik, «emaiezue zeuek jatekoa»; bestetik, Eukaristia, ororen gainetik, OROIGARRIA dela: Jesusek bere bizitza guztian egin zuena oroitzea, gertaberritzea: gaixoei kasu egin, goseak zirenei jaten eman, bekatariei harrera ona eskaini, hitz baten beharra dutenei esperantzazko hitza eskaini etab.

Badira beste bi puntu gaurko ebanjelioan kontuak hartu beharrekoak. Jesusek jendeari eman dion ogi hau, batetik, bedeinkazio-ogi da; bestetik, esker oneko ogi. Ebanjelioak dio, Jesusek, begiak goratuz, ogiak bedeinkatu egin zituela; Mateok eta Markosek, bedeinkatzea bazter utzi gabe, Jesusek «esker oneko otoitza» (Mt 15,36; Mk 8,6) egin zuela diote. Bedeinkazioari gagozkiola, tradizio handikoa da Biblian. Baina bedeinkazioa, propioki eta erabat, Jainkoari dagokio: kristauak Jainkoa bedeinkatzen du; batetik, bera dena delako; bdestetik, egin dizkigun mesedeengatik. Ez al da egundoko mesedea Azken Afaria gure artean gertaberritu ahal izatea?

Senideok, ez dezagun ahaztu. Corpus jaiaren esanahia adierazi eta ospatzeko, Lukasen gaurko ebanjelioa eskaini digu Elizak. Jesus gupidatsu ageri da. Ez du bidali nahi jendea goseak. Bestetik, jendeak eskura dituen ogi eta arrain-apurrez baliatu da; esan nahiz, esku artean duguna banatzen badugu, denentzat izango dela zer jana. Gandhik esana da: «Lurrean bada nahiko janari eta bestelako, guztiak egoki bizi ahal izateko; lurrari falta zaiona da, gutxi batzuek bizi duten zekenkeria eta diru-gosea ase ahal izatea». On handia egingo liguke, Jesusen bideari jarraituz, Jainkoa bedeinkatzeko gai izango bagina; bera dena delako eta hainbat mesede egin digulako. Jainkoa bedeinkatze horrek garbi erakutsiko liguke zer garen, zer eman digun eta zer garen bata bestearekiko. Jakin dezagula, era berean, batak bestea bedeinkatzen; batak bestearen alde onak ikusiz.

Bedeinkazio-adibide onak ditugu Biblian. Adibidez, Zakariaren kantika (Lukas 1,67): «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, bere herriagana etorri eta askatu duena».

Noiz aitortuko diogu Jainkoari: Bedeinkatua zu, gure herri honi hainbat jende eman diozulako, Jesusen Berri Ona hots egiteko?

Dionisio Amundarain