URTEKO 12. IGANDEA C CORPUS 2019-06-23
SARRERA
Ongi etorri guztiok, Kristoren Gorputz Odolen jai hau ospatzera. Hil duten, baina zeruko Aitak piztu duen Jesusek gure artean jarraitu nahi izan du. Modu askotan jarraitu ere: lan egiten dugunean, jolas egitean, jatean nahiz edatean, otoitz egitean, Jainkoaren Hitza entzutean, etab.
Modu berezi-berezian, ordea, jarraitu nahi izan du gure artean bere ikasleekin ospatu zuen Azken Afaria gogoratzeko eta berritzeko elkartzen garenean.
Azken Afaria gogoratzeak Jesusen bizitza guztia gogoratzea esan nahi du: on eginez bizi izan zen. Ez zen mugatu noizean behin Aitarekin otoitz egitera. Guztiz bestela: Aitarekin egiten zituen tartetxoak, bere egitekoa zein zuen gogoratzeko izaten zituen; bere buruan sakon sartzeko, bere egitekoa mundua askatzea zuela: gizadia zirtzilkeria erlijioso guztietatik askatzea, gizadia esklabotza guztietatik liberatzea.
Azken Afaria ospatzeak Jesusen bizitza osoa biziberritzea esan nahi du. Gure egitekoa Afari haren muina bizitzea da: gose den jendetzari jaten eman diot: egin zuek gauza bera.
Ospakizun honekin oso loturik, Caritas Eguna ospatzen dugu gaur. Egun berezia, premian direnentzat gure konpromisoa gogoratu eta bizitzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (14,18-20)
Hasiera liburua, gaurko pasarte honetan, Abrahamez mintzo zaigu. Inguruko herriekin harremanak izan zituen, normala denez. Ez ziren, ordea, beti bakezko harremanak izan. Behin batean, etsaien kontra garaipena lortzetik zetorrela, pertsonaia misteriotsu bat atera zitzaion bidera: Melkisedek. Bakearen errege bezala ageri du Biblian gizon hori, eta jatorri jakinik gabeko apaiz bezala. Egun hartan, Melkisedekek, apaiz zenez, ogia eta ardoa eskaini zizkion Abrahami. Eta Abrahamek, bere aldetik, hamarrenak eman zizkion.
Kristau-tradizioak, Kristoren iruditzat hartu izan du Melkisedek: Kristok bere burua eman digu ogi eta ardotzat. Abraham, berriz, fededunaren irudi da: bere hamarrenak ematen ditu. Fedea ez da Jainkoaz gogoratze hutsa; lagun hurkoa ere gogoan izan behar da, «hamarrenak» emanez.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (11,23-26)
Paulok, idazki honetan, Jaunaren afariaren tradizioa dakar. Kristo ondoko berrogeita hamabosgarren urte inguruan idatzi zuen. Eta esaten du, hartu duen tradizioa eskualdatu nahi duela berak, eta Jaunagandik datorren tradizioa dela hori.
Dena den, testuingurua kontuan hartu behar da: Paulok ikusi du, Korintoko kristau-elkartean desitxuratu egin dutela Eukaristia: aberatsak eta pobreak banaturik ageri dira; noiz? eta Eukaristia ospatzean; Kristok guztien parekotasuna agertu duen mementorik sakonenean. Hori dela eta, Paulok Eukaristiaren muina agertu nahi die.
Eukaristia, funtsean, Oroitzapena da. Jesusen bizitza osoaren Oroitzapena; baina ez da oroitzapen arrunt bat; oroitzen den hura gertaberritzen duen oroitzapena da.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (9,11b-17)
Iluna gainean dela, eta dauden tokia bakartia dela oharturik, jendea bidaltzeko eskatu diote ikasleek Jesusi. Honek, ordea, beste modu batean ikusten ditu gauzak: emaiozue zeuek jaten, erantzun die.
Horrek badu bere berezko esanahia guretzat ere. Jendea beharrean ikustean, gauzarik errazena izaten da esatea: «zoazte eta bila ezazue zeuek»; Jesusek, aldiz, besterik dio: «emaiozue jaten zeuek» esan die ikasleei.
Baina, berezko esanahi horretaz gain, gaurko pasarte honek badu beste esanahi bat ere; esanahi sinbolikoa da: eukaristiaren aurre-irudia da Jesusek egin duen ogi-ugaltze hori. Azken Afarian bezala, hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, begiak zerurantz jaso, bedeinkatu, puskatu eta ikasleei eman zizkien denen artean banatzeko. Denak ase ziren.
Gizakiak bere barruan duen gosea asetzera etorri da Jesus, bere haragia eta odola eskaintzean. Eta Jesusen ikasle garenok?
HERRIAREN OTOITZA
1.-Mundu osoan bizi dugun kinka larri honetan, jende askok eta askok bizi duen asmo batekin bat eginez, eska dezagun: nagusitu dadila herrien artean elkarrizketaren, elkar entzutearen, elkar errespetatzearen kultura. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bat egin dezagun, era berean, mundu osoan, katoliko askok eta askok izango duen beste asmo honekin ere; eska dezagun ebanjelizazioaren alde: sekularizazioak indarrik handiena duen lekuetan, kristau-elkarteek lan egin dezagula zinez, jende guztiari Jesusen berri ematen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixoen, beren herria utzi beharrean eta bestelako premia berezi batean bizi direnen alde: Jesusek egiten dien eskaintza lagungarri izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaur egungo krisialdian erantzukizunik handiena dutenen alde: beren gogoan dirua ez, baizik jendeari poz pixka bat nola emango izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.