URTEKO 9. IGANDEA C CORPUS 2016-05-29
SARRERA
Ongi etorri guztiok, Jesu Kristoren Gorputz Odolen jai hau ospatzera. Hil duten, baina zeruko Aitak piztu duen Jesusek gure artean jarraitu nahi izan du. Modu askotan jarraitu ere: lan egiten dugunean, jolas egitean, jatean nahiz edatean, otoitz egitean, Jainkoaren Hitza entzutean, etab.
Modu berezi-berezian, ordea, jarraitu nahi izan du gure artean bere ikasleekin ospatu zuen Azken Afaria gogoratzeko eta berritzeko elkartzen garenean. Haren heriotza eta piztuera gogoratzeko eta berritzeko elkartzen garenean.
Azken Afaria gogoratzeak Jesusen bizitza guztia gogoratzea esan nahi du: on eginez bizi izan zen. Ez zen mugatu noizean behin Aitarekin otoitzean egotera. Guztiz bestela: Aitarekin egiten zituen tartetxoak, bere egitekoa zein zuen gogoratzeko izaten zituen; bere buruan sartzeko, bere egitekoa mundua askatzea zela: zirtzilkeria erlijioso guztietatik askatzea, gizadia esklabotza guztietatik askatzea.
Azken Afaria ospatzeak Jesusen bizitza osoa oroitzea esan nahi du. Gure egitekoa Afari haren muina bizitzea da: oinak garbitu dizkizuet; egin zuek gauza bera.
Hori dela eta, Caritas Eguna ospatzen dugu gaur. Egun berezia premian direnentzat gure konpromisoa gogoratu eta bizitzeko.
LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (14,18-20)
Hasiera liburua, besteak beste, Abrahamez mintzo zaigu. Inguruko herriekin harremanak izan zituen, normala denez. Ez ziren, ordea, beti bakezko harremanak izan. Behin batean, etsaien kontra garaipena lortzetik zetorrela, pertsonaia misteriotsu bat atera zitzaion bidera: Melkisedek. Bakearen errege bezala agertzen du Bibliak gizon hori, eta jatorri jakinik gabeko apaiz bezala. Egun hartan, Melkisedekek, apaiz bezala, ogia eta ardoa eskaini zizkion Abrahami. Eta Abrahamek, bere aldetik, hamarrenak eman zizkion.
Kristau-tradizioak, Jesu Kristoren iruditzat hartu izan du Melkisedek: Kristok bere burua eman digu ogi eta ardotzat. Abraham, berriz, fededunaren irudia da: bere hamarrenak ematen ditu. Fedea ez da Jainkoaz gogoratze hutsa; lagun hurkoa ere gogoan izan behar da.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (11,23-26)
Paulok, idazki honetan, Jaunaren afariaren tradizioa dakar. Kristo ondoko berrogeita hamabosgarren urte inguruan idatzi zuen. Eta esaten du, hartu duen tradizioa eskualdatu nahi duela berak, eta Jaunagandik datorren tradizioa dela hori.
Dena den, testuingurua kontuan hartu behar da: Paulok ikusi du Korintoko kristau-elkartean desitxuratu egin dutela Eukaristia: aberatsak eta pobreak banaturik ageri dira; noiz? eta Eukaristia ospatzean; Kristok guztien parekotasuna agertu duen mementorik sakonenean. Hori dela eta, Paulok Eukaristiaren muina agertu nahi die: Jesusek bere burua eman du gizon-emakumeen salbaziorako; gehiago oraindik: bere gorputz-odolak eman ditu guztion janari eta edaritzat.
Alde horretatik, datu interesagarri bat aipatzen du; hauxe: «saldua izango zen ilunabarrean» egin zuela afaria. Dat zehatz hori aipatzeak esan nahi du, guk ospatzen dugun Eukaristia ez dela mito bat, ez dela ipuin bat, baizik eta Jesusen bizitza osoari eta haren heriotzari lotua dagoela. Hitz batean esateko, gure Eukaristia Azken Afariarekin lotua dagoela.
Azken Afari horretako ogia eta ardoa seinale edo zeinuak dira: Jesusen heriotzaren seinale. Eukaristia ez da oroitzapen hutsa. Jesusen presentzia da, berak nahi izan zituen seinale horien bidez agerian jarria. Itzuli arte; biderako janaria da, eta behin betiko Askapenaren seinale Erreinuko Jaiotorduan.
Eukaristia, funtsean, Oroitzapena da. Jesusen bizitza osoaren Oroitzapena; baina ez da oroitzapen arrunt bat; oroitzen den hura gertaberritzen duen oroitzapena da. Eukaristian, benetan dago presente Jesus: Azken Afarikoan esan zuen eta egin zuena esanez eta eginez.
EBANJELIOA San Lukasen liburutik (9,11b-17)
Iluna gainean dela eta tokia aparte dagoela ikusirik, jendea bidaltzeko eskatu diote ikasleek Jesusi. Honek, ordea, beste modu batean ikusten ditu gauzak: emaiozue zeuek jaten, erantzun die.
Horrek badu bere berezko esanahi bat; jendea beharrean ikustean, gauzarik errazena da esatea: «zoazte eta bila ezazue zeuek»; Jesusek, aldiz, besterik dio: «emaiozue jaten zeuek» esan die ikasleei. Betiko arazoa da. Zorionez, Caritas-ek eta horrelako mugimenduek ondo ulertu dute Jesusen irakaspen hori. Gaur egungo krisialdian Caritasen lana ahoz aho dabil gure gizartean; gobernuak egin nahi ez duen laguntza asko, Caritas ari da ematen.
Baina, berezko esanahi horretaz gain, gaurko pasarte honek badu beste esanahi bat ere; esanahi sinbolikoa da: eukaristiaren aurre-irudia da ogi-ugaltze hori. Azken Afarian bezala, hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, begiak zerurantz jaso, bedeinkatu, puskatu eta ikasleei eman zizkien denen artean banatzeko. Denak ase ziren.
Gizakiak bere barruan duen gosea asetzera etorri da Jesus, bere haragia eta odola eskaintzean.
Senideok, ez dezagun galdu aukera bikain hau; merezi du Jesusen eskaintza zoragarri hori pozik eta gogotik onartzea.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Mundu osoan bizi dugun kinka larri honetan, jende askok eta askok bizi duen asmo batekin bat eginez, eska dezagun hau: nagusitu dadila herrien artean elkarrizketaren, elkar entzutearen, elkar errespetatzearen kultura. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Bat egin dezagun era berean, mundu osoan, katoliko askok eta askok izango duen beste asmo honekin ere; eska dezagun ebanjelizazioaren alde: sekularizazioak indarrik handiena duen lekuetan, kristau-elkarteek lan egin dezagula zinez, ebanjelizazio berri baten alde. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaixoen eta premia berezian bizi direnen alde: Jesusek egiten dien eskaintza lagungarri izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gaur egungo krisialdian erantzukizunik handiena dutenen alde: beren gogoan dirua ez, baizik jendeari poz pixka bat nola emango izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.