JESUSEN GORPUTZ-ODOL SAINDUEN BESTA C

BESTA BERRI

Lehen irakurgaia

( Melkizedek erregeak ogia eta arnoa Jainkoari eskaintzen)

Hasiera liburutik 14, 18-20

Lau errege garaiturik, Abraham itzuli zenean,
18 Melkizedek, Zalemeko erregeak ogia eta arnoa ekarri zituen,
Goi-goiko Jainkoaren apeza baitzen.
19 Abraham benedikatu zuen, erranez:
“ Goi-goiko Jainkoak, zeru-lurren egileak
benedika dezala Abraham:
20 eta benedikatua izan bedi Goi-goiko Jainkoa,
zure etsaien garaile egin zaituelakotz.”

Eta Abrahamek harrapakin guzien hamarrena eman zion.
Hamabigarren kapitulutik haste, Hasieraren liburuak kondatzen dauku Abraham fede handiko
gizonaren historia. Jarraikiz Jainkoaren deiari, itzuli handia egin du, ibilkarien bizia biziz
artaldearekin, ura eta bazka lekua xekatuz. Ur hiritik (oraiko Irak-etik) abiaturik, erresuma frango
iragan ditu : gaur egungo Turkia, Ziria, Jordania, Paleztina. Joaiten da Egiptoraino, han egoiten da
zonbait denbora eta azkenean gelditzen da Jainkoak hitzeman lurrean, Kanaan deituan.
Gaxtakinek, haren illoba Lot atakatu dute, artaldea ebatsi eta preso ereman. Jakin orduko
berria, Abraham joaiten da haren laguntzerat, gerla egiten illobaren etsaieri eta libratzen du.
Orduan, herrialdean, denek jakiten dute Abraham gizon gaitza dela eta hartan kondatzen ahal dela.
Eta huna nun jalgitzen den Melkizedek. Lehenbiziko erranaldiak dio: « Lau errege garaiturik,
Abraham itzuli zenean, Melkizedek, Zalemeko erregeak, ogia eta arnoa eman ziozkan. » Bi gizon
horien elgarretaratzeak ez gaitu gehiagokorik hunkitzen orai, lehen begi ukaldian, nahiz-eta
erranaldi hori ezohikoa den.
Melkizedekendako erraiten da Zalemeko erregea dela bakarrik, bainan urruntxago: «Jainko
Jaunaren apeza zen ». Melkizedek izenak erran nahi du : «justiziazko errege » eta Zalemeko
erregeak: « Bakezko errege ». Zalem eta Shalom hitz bera dira hebrearrez. Gero pentsatuko da
Zalem Jerusaleme dela, Jainko Jaunaren egoitza eta Melkizedek, Jainko Jaunaren apeza.
Melkizedekez fitsik ez dakigu. Apeza, hitz hori lehen aldikotz aipatua da. Melkizedek betan apeza
eta erregea da. Jaun handi bat, berezia. Hortakotz da, Abraham eta Melkizedeken elgarretaratzea
nihun ez bezalakoa.
Bixtan da, hemen urrun gira orai artean egin diren oparietarik. Hemen opariak ogia eta arnoa
dira. Apairu horrek, Abrahamen eta Melkizedeken artean den batasuna tinkiago lotuko du.
Melkizedekek, apeza delakotz, benedizionea emaiten du ”Zerua eta lurra egin” dituen Jainko
Jaunaren partez.
Hortik hiru ondorio atera dezazkegu :
Lehenik Abrahamek eta Melkizedekek jakinarazten dute Jainko bera dutela eta arrotzek ere
onartzen ahal dutela.
Bigarrenekorik, Abraham benedikatzean, arrotza den Melkizedek munduko herri guzien
aitziniduria da. Herri horiek, mendez mende, ezagutuko dute Abraham Jainkoak benedikatua
dela:”Lurreko nazione guziak zutaz benedikatuko dira.”
Hirugarrenekorik, Melkizedek, Zalemeko errege estranjerra (Abrahamen familiatik ateratzen
ez dena) hura ere apeza da. Horrek erran nahi du Abrahamen familiakoa ez izanik ere, apez izaiten
ahal dela. Testoak erraiten du ere, benedizionea ukan ondoan zerga emaiten diola Jerusalemeko
apezari. Geroago erranen da Melkizedek Mesiasen arbaso bat dela. 109.salmoan ikusiko dugu
Justiziazko eta Bakezko errege bat ogia eta arnoa eskaintzen elkargo apairu baten lokarritzat.
Girixtinoek Kristoren egintza ikusiko dute jestu hortan, bai eta Jainkoaren asmoak aitzina segitzen
duela.
Eukarizti guzietan egiten dugu Melkizeken jestua, oparia eskaintzean, erranez :« Benedikatua
izan bedi Jainko Jauna… »

Salmoa 109

Leloa : Apez zare zu sekulako, Melkizedeken araberan.

Nere jaunari Jaunak dio: “Jar eskuinean,
Nik eman arte zuri etsaiak zangopean.”
Jaunak eginen Ziondik zu Jaun mundu huntan:
“Etsai ditutzun jenden erdian zu Jaun izan.”
Jaun zare sortzez piztu baitzare zeruetan,
Argitu aitzin sortua zaitut nere baitan.
Zin egina du Jainkoak eta behingoan:
“Apez zare zu Melkizedeken araberan.”

Salmo hau Jesusek berak erran zuen bere buruaz mintzatuz ; beraz ordutik girixtinoek
irakurtuko dute Jesusen mixterioaren mezua bezala.
Salmo hunek kondatzen dauku errege berriaren sagaratzeko ospakizuna. Jerusalemen egiten
ziren errege sagaratze guziek gogorarazten zuten Daviden ondokoak hautatuak izan zirela eta
Jerusalemen sagaratu errege guziak Mesiasen aitziniduriak zirela. Orduan kantatzen zen salmo hau.
Segur da ere Jerusalemen kantatzen zela besta handi batean, etxolen-besta famatuan,
Jainkoak hitzemanen orroitarazteko. Orroitzapen horiek diote emaiten populuari esperantza. Salmo
hau berriz irakurtuz, hor aipu den apeza Jesus dela aitortu du Testamendu Berriak, betitik betirako
elkargoaren ararteko egina, bere pizteaz heriotzearen garaile. Jondoni Paulok Korintiarreri idazten
diote: « Suntsitua izanen den azken etsaia heriotzea da, zeren zango pean ezarri baitiozka denak. »

Bigarren irakurgaia

(Eukaristiaren sortzea)

Jondoni Paulok Korintiarreri 11, 23-26

Haurrideak,
23 Jaunarenganik ikasia irakatsi dautzuet:
24 Jesus Jaunak, saldu zuten gau hartan, ogia hartu zuen,
eta eskerrak emanez, zatitu zuen, eta erran:
“ Hau nere gorputza da, zuentzat emana.
Egizue hau nere orroigarri.”
25 Afal ondoan, gauza bera egin zuen kalitzarekin, erranez:
“ Kalitza hau Batasun berria da ene odolean.
26 Edanen duzuen aldi oroz, egizue nere orroigarri.”
Beraz, ogi hau jaten,
eta kalitza huntarik edaten duzuen bakotxean,
Jaunaren heriotzea iragartzen duzue, bera etorri arte.

« Helarazi dauzuet tradizionetik ukan dutana. » Jondoni Paulok hemen erraiten dauku zinez
zer den tradizionea: ez bakarrik errespetatu behar diren usaiak, bainan aberastasun handi bat
helarazten duguna, leialki, mendez mende.
Tradizione horrek eraikitzen du emeki emeki Jesu Kristoren gorputza mendez mende. Ez da
bakarrik jakitate bat, bainan Krixtoren mixterioan sartzea ; eta gure bizitzeko manera da gure
leialtasunaren izaria. Hortakotz Paulo arranguratzen da, zeren Korintiarrak usaia tzarren hartzen ari
baitira. Erakusten diote nola bizi anaitasunean. Paulok erraiten diote elgarrekin bizitzea elgar adituz,
Eukariztiaren mixteriotik jalgitzen dela.
« Saldu zuten gau hartan, Jainko Jaunak ogia hartu zuen…». Paulok egiten du lotura berezi
bat Jesu Krixtoren Pasionearekin : « Saldu zutenean… » Hemen Jesus jasaile da, jostagailu bat
bezala erabiltzen dute. Segidako hitzetan aldiz: «ogia hartu zuen, eskerrak eman, zatitu… » bere
burutarik hartzen du erabakia, emaiten du sentsu bat gero gertatuko denari. Zorigaitzezko
egoerarekin batasuna egiten du gizonen eta Jainkoaren artean. Herra eta itsumendutik egiten du
amodioaren toki bat : « Ene gorputza zuenzat da » ; « kalitza hau Batasun berria da ene odolean ».
Hortan erakusten dauku amodioaren boterea, harek baitu eginen bizi iturri heriotzerateko
bidea : « Zinez handia da fedearen mixterioa.» Hori erraiten dugu eukariztia guzietan.
Paulok bihotz-min handia du ikustearekin zer leizea den mixterio horren eta Korintiarren
txarkerien artean. Hortakotz emana da testo hau Krixtoren gorputzaren bestan, handitzen ari baigira
beti Krixtoren gorputzari esker. «Ogi hau jaten eta kalitza huntarik edaten duzuen bakotxean
Jaunaren heriotzea iragartzen duzue…” Bainan ekarriago gira Jesusen Piztearen mezutzera : « Hil
eta piztu zirela, zu berriz etorri arte, hau dugu hau berri ona » edo « Zure kurutze eta pizteaz,
munduaren salbaitzale zirena, salba gaitzazu, Jesus Jauna.» Ez ditugu sekulan berexten Jesu
Krixtoren bi gertakariak : heriotzea eta piztea.
Lehen girixtinoek ere ez zituzten berexten. Piztea ez da Jesusek egina, haren Aitak du egina
Semearen piztea. Krixtoren amodioa agertzen da bere heriotzea onartu duen bezainbatean.
Baketzeko eukarizti-otoitz eder batek erraiten du: « Besoak zabaldurik zeruaren eta lurraren artean
da, batasunaren seinale bat sekulan itzaliko ez dena. » Jainkoaren eta gizonaren artean. Hitz
emaiten dugu beraz Jesusek erakutsi baketzearen bidean sartzen girela.
Jondoni Paulok segitzen du hitz hauekin: «Goraipatzen duzue haren heriotzea, bera etorri
arte.» Etorri arte, hitz horrek erakusten du gure lehia. Krixtoren beha gaude, hori aitortzen dugu
eukarizti guzietan, eta Gure Aitan : « Etor bedi zure erreinua.» Jesusek galdegiten dauku otoitz hori
egiteko, esperantzan bizi gaitezen.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Ni naiz ogia, dio Jaunak, Ogi bizia zeruetarik etorria.
Hau jaten duten fededunak biziko dira betiere.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Luken liburutik 9, 11b-17

11 Jesus Jainkoaren erreinuaz mintzo zitzaion jendeari,
eta beharra zutenak sendatu zituen.
12 Apaltzen hasia zen eguna.
Hurbildurik, Hamabiek erran zioten Jesusi:
“ Igor zazu jendea,
inguruko herri eta baserrietarat ostatu eta jateko bila joan daitezen,
hemen bazterleku batean baigira.”
13 Bainan Jesusek erran zioten:
“ Zihaurek emozuete jatera.”
Heiek, orduan:
“ Ez dugu gehiago bost ogi eta bi arrain baizik…
non ez giren guhaur joaiten
jende horien guzientzat jateko erostera.”
14 Bost mila gizon inguru bazen.
Jesusek erran zioten bere dizipulueri:
“ Jarrarazkitzue berrogeita hamarnaka.”
15 Hala egin zuten: denak jarrarazi.
16 Jesusek, bost ogiak eta bi arrainak hartu,
eta begiak zerurat altxaturik, benedikatu zituen, zatitu,
eta bere dizipulueri eman ziozkaten, jendeari eskaintzeko.
17 Asetzeraino jan zuten denek,
eta ondarrak bildu ziren: hamabi saski bete.

Zer lotura ote da eukariztiaren eta ogien ugaritzearen artean ? San Lukek nahi ukan du
seinalatu lotura hori, eukariztiako hitzak erabiliz : « Jesusek bost ogi eta bi arrain hartu zituen eta
begiak zerurat alxaturik, benedikatu zituen, zatitu eta dizipulueri eman ».
Irakur dezagun testoa, hastetik: « Jesus Jainkoaren erreinuaz mintzo zitzaion jendeari eta
beharra zutenak sendatu zituen.» Jainkoaren erreinua agertarazten du bere hitzez eta egintzez.
« Apaltzen hasia zen eguna ». Dizipuluak arranguretan dira. Nahi dituzte jendeak igorri etxerat.
Jesus ez da hortarik ari, zeren Jainkoaren erreinua batasunaren mixterioan baita, ez du nahi bakotxa
beretako bizi dadin.
Jesusek emaiten diote aterabidea : « Zihaurek emozuete jatera ». Dizipuluak harrituak
dira : « Ez dugu bost ogi eta bi arrain baizik ». Bost mila jende horiendako, irri-egingarri da. Bertze
aterabide bati pentsatzen dute : « Joaiten ahal gintezke guhaur jatekoaren erosterat jende
guziendako.» Bainan iduriz, Jesusek ez ditu uzten joaiterat, bertze zerbaiti pentsatzen baitu. Jesusek
erraiten diote : « Jarrarazkitzue berrogoi eta hamarnazka. » Hautatzen du batasunaren aterabidea,
batasun bat apailatu du, batasun bertzelakoa. Ogiak « benedikatzen » ditu. Onartzen du Jainkoaren
oparia dela eta ogi hortaz baliatu behar dela goseak direnen asetzeko. Ez dugu besterik egiten meza
hastean ogia eta arnoa prestatzen ditugularik. Aitortzen dugu dena Jainkoaren opari dela, ez girela
opari horien jabe.
Joaniren ebanjelioak argitzen dauku eukariztiaren eta ogien ugaritzearen arteko lotura. Lukek
emaiten duelarik Jainko Jaunaren manamendua : « Egizue hau ene orroitgarri » Jondoni Joanik
beste manamendu bat emaiten diote : zangoen ikuztea eta Jesusen gomendioa : « Zuendako egin
dutana egizue zuek ere ». Horrek erran nahi du berex ez ditazken bi manera badirela Jesusen
orroigarriaren ospatzeko : eukariztiaren partekatzea eta elgarren zerbitzuko jartzea.