Jesusek elikatu, elkarteak gogoratu
Corpus Christi Jaia
Urteko 12. igandea C 2019-06-23
Eukaristiaren eratzea Ostegun Santuan ospatu ohi dugu. Zer zentzu du misterio horri berorri beste jai bat eskaintzeak? Esan genezake, Ostegun Santuan, protagonismoa Jesusena dela, bere burua eskaintzen duelarik. Corpus jaian, berriz, protagonismoa kristau-elkartearena da, erregalu hori aitortu eta jendaurrean eskertzen duelarik. Jai hau ospatzen Belgikan hasi ziren 1246an, eta jendaurreko zabaltasunik handiena bi mende geroago lortu zuen, 1447an, Nikolas V.a aita santuak Erromako kaleak prozesioan eta Ostia Santua goratuz zeharkatu zituenean. Bi gauza ditu asmo: Eukaristiarekiko debozioa sustatu eta ogi-ardotan Jesu Kristoren presentzia erreala jendaurrean aitortu.
C urtean, irakurgaiek, kristauaren atentzioa Jesusekiko konpromisoan jartzea dute helburua: bera esker onez gogora dezan (2. irakurgaia), berak elikatzen jarraitzen duelako garai batean jendetzarekin egin zuen bezala (ebanjelioa).
Lehen irakurgaia. Eukaristia lehenengoz iragartzea (Hasiera 14,18-20)
Hasiera liburuko 14. kapituluak gudu kasik mitiko bat kontatzen du, lauren kontrako bost erregerena, zeinetan Abramek ere parte hartu baitu azkenean (Abram izena ez da huts bat, geroago emango dio Jainkoak Abraham izena). Garaile itzultzean, egin zituen gerrako presoak itzuli dizkio Salengo (Jerusalem) erregeari. Eta errege horrek, Melkisedekek, «ogia eta ardoa atera zizkion» eta bedeinkatu zuen Abram. Uste izan dezakegu hari-haritik aukeratua izan dela irakurgai hau, ogia eta ardoa aipatu dituelako bakarrik, baina Eliz Gurasoek eta artistek eukaristiaren iragarpentzat hartu izan dute beti pasadizo hau, egiten ahal zaigun eskaintzarik hobenekotzat.
Bigarren irakurgaia. «Nire oroigarri» (1 Korintoarrei 11,23-26)
Eukaristia eratzeaz lau bertsio ditugu: Mateorena, Markosena, Lukasena eta Paulorena (Joanek ez dakar). Lukasena eta Paulorena dira antzekoenak. Mateorena eta Markosena irakurriko dituenak inpresio hau jasoko du, Jesusek ogia eta ardoa bedeinkatu dituela bata bestearen segidan, geuk mezakoan egiten dugun bezala. Lukasek eta Paulok, berriz, bi une bereizi dituzte: ogia, afaria hastean; ardoa, bukatzean (juduek Pazkoa ospatzean gorde ohi zuten formari eutsiz).
Interesgarriagoa da Lukasek eta Paulok ogiaz gehitzen dutena: «hau nire gorputza da, zuengatik emana. Egizue hau nire oroigarri». Lukasek odolaz ere errepikatu du zuengatik hori. Paulok alde batera utzi du xehetasun hori, baina beste hau gehitu du koparen ondoren: hau egingo duzuen bakoitzean, egin ezazue ene oroigarri. Eta gogoeta pertsonal honekin bukatu du: «Beraz, ogi hau jango edo kaliza hau edango duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragarriko duzue, bera itzuli arte».
Paulok errepikatu du, hau «nire oroigarri» egin behar dela. Aita baten edo ama baten irudia iradokitzen dit horrek: hil aurretik, seme-alabei bere argazki bat ematen dienarena, esanez: «oroit zaitez nitaz». Nire ustez, Jesusek eskatzen duena, bere bizitza osoan gugatik egin zuen guztia gogoratzean, beraz oroit gaitezela. Eukaristiak iraganari begiratu bat eskaintzera behartzen gaitu eta eskertzera Jesusengandik hartu dugun guztia. Paulok ez du utzi alde batera iraganari begiratze hori, baina Jesusen heriotzara mugatu du, beraren buru-eskaintzaren egintzaren gorenen horri begiratu behar diogu; eta ondoren etorkizunera proiektatu du: «bera itzuli arte».
Paulok, Eukaristia ospatzean Korinton tartekatu ziren nahasmenduengatik idatzi ditu hitz hauek, batzuk mozkortu egiten baitziren eta jatez ase-ase, beste batzuk goseak gelditzen zirelarik. Horregatik ohartarazi die serioski: Jaunaren afaria ospatzen duzuenean, ez duzue ospatzen otordu arrunt eta ohiko bat; Jesusen bizitzako azken unea gogoratzen duzue, berak gugatik bere burua heriotzara eskaini izana. Eukaristia ospatzea, bihotz-zabaltasunaren eta maitasunaren egintzarik handiena gogoratzea da, inolako jarrera egoistarekin bateraezina.
Ebanjelioa. Eukaristia bigarrenez iragartzea (Lukas 9,11b-17)
Hasiera liburuko irakurgaia Eukaristiaren lehen iragarpentzat hartu izan bada, ogien ugalpena da bigarrena. Lukasek, Markosi aldaera txiki batzuekin jarraituz, eszena arrunt bizi bat deskribatu du, zeinetan ekimena ikasleena izan baita. Zer egitea komeni den adierazi diote Jesusi eta, honek beste bide bat eskaini dienean, eskuartean oso janari gutxi dutela azaldu diote. Berrogeita hamarnako taldetan esertzeko aginduak soildu egin du Markosek dioena, honek ehuneko eta berrogeita hamarnako taldetan banatu baititu. Hain bitxia den agindu hau ulertzeko, Israel herriaren antolaketa gogoratu behar da: basamortuko ibilaldian mila, ehun, berrogeita hamar eta hogeinako taldetan banatzen ziren (Irteera 18,21.25; Deuteronomioa 1,15). Qumran-en ere milaka, ehunka, berrogeita hamarka eta hamarka antolatzen dira (1QS 2,21; CD 13,1). Adierazteko modu bat da ezen Jesusi jarraitzen dion jendetza Israelgo herri berriaren eta esenioen behin betiko elkartearen parekoa dela.
Eukaristiako keinu tipikoak egin ditu Jesusek pasadizo honetan: zerura begiratu, ogiak bedeinkatu, zatitu eta banatu. Azkenean, sobera gelditua hamabi otarretan bildu dute.
Nola interpretatu ogien ugaltze hau?
Gertaera historiko bailitzan uler liteke, Jesusen ahalmena eta jendearen formazio espiritualaz ez ezik, beronen premia materialez ere duen kezka azalduko lizkigukeena bezala.
Interpretazio historiko horrek zailtasun askorekin dagi topo, eszena irudikatzera jotzen dugunean. Egundoko jendetzaz mintzo da, bost mila lagun, kontuan izan gabe Lukasek ez dituela aipatzen emakumeak eta haurrak, Mateok egin duenaren kontra. Garai hartan, Galileako «hiririk» populatuena Kafarnaum zen, eta mila biztanle inguru zuen. Gure eszenako jende-kopurua biltzeko, zona hartako herri asko hustu behar izango ziren. Ikasleen proposamena bera ere, janaria erostera hurbileko herrietara joatekoa, beteezin ageri da: Hipercor eta Alcampo asko beharko ziren hainbat jende bat-batean elikatzeko.
Jesusek ogiak eta arrainak ugaldu zituela onarturik ere, jendetza horretan hori guztia banatzeak, hamabi lagunek bakarrik eginak (zerbitzari bakoitzeko milaren bat lagun, emakumeak eta haurrak barne direla), arazo larriak planteatzen ditu. Gainera, nola ugaltzen dira ogiak? Jesusen eskuetan, edota Jesusen eta apostolu bakoitzaren eskuetan? Banatzekoan, joan-etorrian ibili behar al dute zati berrien bila? Janaria halako jendetza handiari banatu ondoren, jada kasik gauez, zeini otu zaio sobera geldituak biltzera joatea landa gorrian? Ez al da kasualitate handia hamabi otarrekada biltzea, apostolu bakoitzeko bat? Eta nolatan ez dira harritu apostoluak, gutxienik ere, gertatuaz?
Hondo-hondoko Itun Zaharra
Lukasek, Itun Zaharra oso ondo ezagutzen zuelarik, kontaera honetan bi pasadizo biblikoren aipua ikusi bide zuen.
Lehenik, pasadizo honetako jendetza handiaren irudiak, basamortuan, janaririk ez duela, antzinako Israel iradokitzen du, Egiptotik Kanaanera bidean, Jainkoak, Moisesen erreguari esker, manaz eta galeperrez janaritu duena. Bada, ordea, beste kontaera bat ere, Eliseorena, Lukasi burura berez bezala etorriko zitzaiona. Profeta honek, lehen aldi haietako famatuenetakoa bera, ikasle asko zituen inguruan, jatorri aski apal eta pobrekoak. Hona zer gertatu zen egun batea:
«Etorri zen behin Baal-Xalixako gizaseme bat, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekarriz: hogei garagar-opil eta gari berria bide-zorroan. Eliseok esan zuen:
–Banatu jendeari, jan dezaten.
Morroiak galdetu zion:
–Nola banatuko dut hau ehun pertsonen artean?
Eliseok erantzun:
–Banatu jendeari, eta jan dezatela. Hau baitio Jaunak: «Jango dute eta sobera geldituko da».
Banatu zuen, beraz, morroiak ogia jende artean, jan zuten eta sobera gelditu zen, Jaunak esan bezala» (2 Erregeak 4,42-44).
Lukasek erraz ateratzen ahal zuen ondorio hau: «Jesus jarraitzen dion jendeaz arduratu da, jaten eman dio zailtasunak zailtasun, Moisesek eta Eliseok antzina egin zuten bezala». Aldi berean, argi dira alde batzuk. Moisesen aldean, Jesusek ez du Jainkoari arazoa konpon dezan eskatu beharrik; bera da gai hori egiteko. Eliseoren aldean, askoz handiagoa da Jesusen ahalmena: ez ditu janaritu ehun lagun hogei ogiz, baizik eta hainbat mila lagun bost ogiz bakarrik, eta hamabi otarre bete dituzte sobera geldituez. Jesusen errukia eta ahalmena azpimarratu nahi izan ditu Lukasek, erabat.
Jarraitzen al du Jesusek gure gosea asetzen?
Hemen harira dator bistakoa dirudien kontaerako alderdi bat: eukaristia-ospatzearekin duen erlazioa, lehen kristau-elkarteetan. Hil aurretik eratu du Jesusek eukaristia, berariaz janari-zentzua emanez: «Har ezazue eta jan… har ezazue eta edan». Kristauek ondotxo dakite, janari horrekin ez dela asetzen gose fisikoa; baina badakite halaber janari hori funtsezkoa dutela bizitza espirituala bizitzeko. Eukaristiatik, zeinetan Jesusen heriotza eta piztuera gogoratzen baitituzte, ateratzen dituzte indarrak Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzeko, zailtasunak gainditzeko, pertsekuzio-aldian beren fedeari eusteko eta, are, bizia emateko ere. Gai honetara berera itzuliko da Lukas bere ebanjelioaren bukaeran, Emausko bi ikasleen pasadizoan, Jesusi «ogia zatitzean» antzeman diotenean eta galdua zuten beren bihotz-berotasuna berreskuratuko duten hartan.
José Luis Sicre