JESUSEN GORPUTZ-ODOL SAINDUEN BESTA A
BESTA BERRI
Lehen irakurgaia
( Jainkoak bere herria hazten )
Deuteronoma liburutik 8,2-3.14-16
Moisek erran zion Izrael herriari:
2 “ Orroit zaite, basamortuan barna berrogei urtez
Jaunak zure Jainkoak eginarazi dautzun bideaz:
egoera latzean ezarri zintuen frogatzeko,
zure barne asmoen ezagutzeko,
eta haren manamenduak beteko zintuen ala ez jakiteko.
3 Behar gorrian ezarri zintuen, gosea pasarazi,
eta mana eman zauzun jatera,
ez zuk, ez eta zure arbasoek ezagutzen ez zinuten janaria
zuri jakinarazteko gizakia ez dela ogiz bakarrik bizi,
bainan Jaunaren ahotik jalitzen den hitz oroz.
14 Ez ahantz Jauna zure Jainkoa,
Egiptotik, esklabutza lurraldetik atera zaituena.
15 Harek zaitu ereman, suge pozointsu eta harruliz betea den
basamortu handi eta ikaragarritik, lur idor eta urik gabetik.
Harek atera zuen ura zuretzat su-harrizko harrokatik.
16 Harek dautzu basamortuan mana eman,
zure arbasoek ezagutzen ez zuten janaria.”
Herri batean oroimena (memorioa) zuhaitz baten erroak bezala da. Zuhaitza ikusten da,
erroak ez…Alta erroetarik bizi da zuhaitza. Zuhaitz batek erran baleza : “Erroak moztu behar ditut,
lekuaren gainean kokatzen naute…eta nik airatu nahi bainuke!” Holakorik egiten balitzaio
zuhaitzaren heriotzea litaike. Egiaz eta zinez zuhaitzaren geroa erroetan da.
Moisek bere herriari erraiten diolarik :”Oroit zaite” edo “ez ahantz”, berdin erraiten ahal
lioke : ”Zeure erroak ez motz.” Mois ez da gibelerat so jartzen sendimenduz. Oso-osorik geroari
buruz itzulia delakotz du erroen kezka. Moisek herriari gogoratzen diona da, Jainkoarekin bizi izan
duen esperentzia sarkorra, egunez egun : “Oroit zaite, basamortuan barna berrogoi urtez Jaunak
eginarazi dauzun bideaz.” (Jalgitzaz ari da). Basamortuan jasan behar ukan dituen nahigabeak :
gabezia, gosea, egarria, sugeak…Jainkoak eman du herriari horren guziaren gainditzea. Hori izan da
libertatearen saria.
Eta Moisen arabera, neke heiek Jainkoaren nahiaren arabera izan ziren :”Zure apalarazteko
eta frogatzeko izan da, eta zure bihotz-barnea ezagutzeko : hea haren manamenduak begiratuko
zinituen ala ez.” Frogaldi hura egia argitan ezartzeko izan zen, egia jendearen gabeziaz, eta egia
Jainkoaren eskuzabaltasunaz; Jainkoak dio herriari eman jatera arbasoek sekula ikusi ez zutena,
mana. Jainkoak ere jauzarazi harrokatik ura. Jainkoa gabe herria hilen zen. Ikasbide horren beharra
bazuen herriak bere baitarik erran zezan : “Jaunak egin du hori.”
Bainan zergatik holako aprendizgoa? Noren onetan? Jainkoak gure eskerren beharra ba ote
du? Ez. Holako zerbaiten pentsatzea guhauren iduriko jainkoxka zenbait guhauren eskuz egitea
litaike. Jainkoak nahi duena da jakin dezagun ez girela gizabeterat heltzen ahal haren laguntza gabe.
Jainkoaren beharra badugu, gizona ez baita ogiz bakarrik bizi bainan Jainkoaren ganik ukaiten duen
guziari esker.
Horrek ez baitu erran nahi Jainkoaren esklabo izan behar dugula, kontrara baizik. Jainkoa
libratzaile da. Lur Hitzemanean sartu zelarik, Izrael sasi-jainkoen menerat erortzeko hirriskuan zen.
Jan-edanak esku menean, ongi-izaitea, seguritatea. Deuteronoma liburu hau idatzi zenean, urrun
ziren basamortua eta hango ezin-bizia, hurbil Kanaango sasi-jainkoak. Idolatriaren kontrako
erremedio bakarra : Jaunarekin basamortuan egin elkargoa, erran nahi baita Jainkoaren
manamenduak. Mendez mende bere erroeri leial egon da Izrael, erorikoak eroriko. Jesusek ere
tentatzaileari erranen dio :”Gizona ez du bakarrik ogiak bizi…
Salmoa 147
Leloa: Jerusaleme, Jainko Jaunari kantuz egon!
Jerusaleme, Jainko Jaunari kantuz egon,
Zure Jaunari kanta, Zion!
Zure ateak azkartu eta zaindu ditu,
Zure semeak zutan boztu.
Mugetan dautzu bake osoa gozarazi,
Ogi gozoaz zaitu hazi.
Hitz bat lurrerat harek igorri bezain sarri,
Munduz mundu da laster ari.
Jakobtarreri zabaldu dauku bere hitza,
Jaunaren legen ezagutza.
Ez du horrela egin edozoin jendakiri:
Bertzek ez dute legen berri.
Salmo hau Jesu Kristo aitzineko seigarren mendean idatzi zen. Herria, desterrutik itzulirik,
Jerusalem hiri suntsituaren berreraikitzen ari da : “(Jaunak) zure ateak azkartu eta zaindu ditu, zure
semeak zutan boztu.” Bozkarioa eta esperantza dira herriaren sendimenduak. Nundik ez? Beharrena
badu : “Ogi gozoa” etxean eta bakea auzo-herriekilako mugetan. Jerusalemen berritzea beste
berritze baten itxura da : Jainkoak bere herriari barkatu dio, eta barkamendu hori herriaren
bersortzea da. Orai berriz entzun dezake Jaunaren hitza eta haren arabera bizi daiteke :
“Jakobtarreri zabaldu dauku bere hitza, Jaunaren legen ezagutza.”
Bigarren irakurgaia
( Batasunaren sakramendua )
Jondoni Paulok Korintiarreri 1 Ko 10,16-17
Haurrideak,
16 benedikatzen dugun esker onezko kalitza,
ez ote da Kristoren odolarekin bat egitea?
Zatitzen dugun ogia ez ote da
Kristoren gorputzarekin bat egitea?
17 Ogi bat baizik ez baita, guziak gorputz bakar bat gira,
ogi bakarretik hartzen baitugu guziek.
Juduen bai eta paganoen erlisionetan animaleak sakrifikatzen ziren. Eta sakrifizioaren
ondotik abere sakrifikatua jaten zen tenpluaren inguruetan, Jainkoarekin bat egiteko. Berriki
girixtinotu korintoarren artean bazitezken apairu horietan parte hartzeko gura zutenak. Paulok
eskatzen diote garbiki hautua egin dezaten : “Bat egin” Kristorekin edo sasijainkoekin. Eukariztian
Jesusen odolarekin eta gorputzarekin bat egiten dugu. Beste hitz batzu erabiliz, Jesusek “elkargoa”
aipatu du : “Kopa hau batasun (elkargo) berria da zuentzat ixuri dutan odolean” (Lk 22,20).
Batasunak lotu bi presunak bat bestearen jabe bilakatzen dira. Lehen Testamenduko “elkargoa” hitz
hauek adiarazten zuten : “Ene herria izanen zirezte, eta ni zuen Jainkoa.”
Jesusen baitan, Jainkoak du elkargo egiten gizadiarekin, Jesusen baitan ere gizadiak ongi
etorri egiten dio Jainkoaren xede horri. Hori da Jesusen arartekotasuna, gizon eta Jainko denaz
geroz. Jesusen baitan Jainkoak bere amodioa eskaintzen du, Jesusen baitan ere gizadiak eskerrak
bihurtzen. Haren baitan Jainkoak bere burua emaiten du, haren baitan ere gizadiak ontzat hartzen
Jainkoaren emaitza.
Hor da Izraelen mirespena : arras bestelakoa den Jainkoa hurbil egiten da. Hori egia da
bereziki eukariztian : ez da gizona Jainkoraino heltzen dena, Jainkoa da hurbil aurkitzen. Galdegiten
daukuna ez da animaliak sakrifikatzea, baizik guhauren bizia emaitea.
Paulo urrunago doa oraino : Kristoren gorputzarekin bat girela dio : “Zatitzen dugun ogia ez
ote da Kristoren gorputzarekin bat egitea?” Harekin bat balinbagira, haren bizi bera bizitzeko ahala
emaiten dauku. San Agustinek idazten duelarik : “Errezebitzen duzuena bilaka zaitezte, errezebi
zazue zireztena”, garbiki erraiten du Jesusen gorputz eta odol bilakatzen girela.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Zu zira ogi bizia, zeruetarik etorria, Jesus Jauna!
Ogi hortarik jaten duena biziko da betiere.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 6, 51-58
Egun hartan, Jesusek erran zioten judueri:
51 “Ni naiz ogi bizia, zerutik jautsia.
Ogi huntarik jaten duena biziko da betiere.
Eta nik emanen dutan ogia nere haragia da munduaren bizirako.”
52 Juduak elkarrekin eztabadan ari ziren, ziotela:
“ Nola eman diezaguke hunek bere haragia jatera ?”
53 Orduan Jesusek erran zioten:
“ Egiaz, egiaz diozuet :
ez baduzue jaten Gizonaren Semearen haragia,
eta edaten haren odola, ez duzue bizia zuen baitan.
54 Nere haragia jaten eta nere odola edaten duenak
badu betiereko bizia, eta nik piztuko dut azken egunean.
55 Alabainan, nere haragia egiazko janaria da,
eta nere odola egiazko edaria.
56 Nere haragia jaten duena eta nere odola edaten
ni baitan dago, eta ni haren baitan.
57 Bizia den Aitak ni igorri nauen bezala,
eta ni Aitaz bizi naizen bezala,
halaber, ni jaten nauena nitaz biziko da.
58 Hau da zerutik jautsi ogia:
ez zuen aitek jan zutena bezalakoa, hil baitziren;
ogi hau jaten duena, biziko da betiere. ”
Mintzaldi hortarik landa, anitzek Jesusi jarraikitzea utzi zuten : Ez da holako elerik onartzen
ahal. Orduan Hamabieri buruz itzuli zen Jesus : “Eta zuek, ez duzue joan nahi?” Petrik orduan :
“Norenganat joan gintezke? Zuk dituzu betiereko bizirat deramaten hitzak.”
Ezin uka : ele horiek ezin onartuak dira gure arrazoinarendako. Aterabidea Petrirena bera da
: hitz horiek onartu, gure baitan sar diten, gehiagoko argirik gabe. Arrazoin hutsak ez du sekula
eukariztia osoki argituko : eukariztia bizitzen da konprenitzen den baino gehiago.
Testo huntan ateratzen den hitz nagusia “bizia” da : “Ogi huntarik jaten duena biziko da
betiere.” Eta bizia emana da :”Nik emanen dutan ogia”, emaitza hutsa. Izai profetak erran zuen : «
Egarri zirezten horiek, zatozte urerat ; dirurik gabe ere, zatozte…zatozte eta edan zazue dirurik
gabe, pagatu gabe… » (Is 55,1-3)
Biziarazten gaituena, Kristoren dohaina da, « haren sakrifizioa » deitzen duguna. Bainan
kasu “sakrifizio” hitzari. Horren erran nahia anitz aldatu da, mendeak joan arau.
Bibliaren historia hastapenetan Juduek, beste herriek bezala, jende eta animale odola
ixurtzen zuten. Jainkoarekin harremanetan sartzeko uste zen odola ixuri behar zela, hil behar zela.
Hori eginez, Jainkoari berea itzultzen zitzaion : bizia; eta odola bizia da.
Gero jende sakrifizioen ezeztatzea Abrahamekin hasi zen, Bibliaren arabera. Bere seme
Izaaken sakrifikatzeko Abrahamek ganita altxatu zuelarik, Jainkoaren aingeruak debekatu zion
:”Geldi esku hori! Ez egin kalterik mutikoari!” (Has 22) Profetek ez dute besterik errepikatuko :
jende sakrifizioak Jainkoari okaztagarri zaizkiola.
Moisek animale sakrifizioeri norabide berria eman zieten. Konda dena, sakrifizioa egitean,
Jainkoarekilako elkargoa da. Geroago profetak urrunago joanen dira. Heientzat eskaintza baino
baliosagoa da eskaintzalearen bihotza, bihotz maitekorra. Ez dute hitz aski gogorrik beren anaiak
gaizki tratatu eta gero sakrifizio eskaintzera joaiten direnen kontra :”Zuen eskuak odolez estaliak
dira” dio Izaik. Eta Oze profetarena da geroago Jesusek berak errepikatuko duena
:”Urrikalmendua dut nahi, eta ez sakrifizioak.” (Os 6,6)
Azken urratsa Izaik eginen du “Zerbitzariari” buruzko lau poema miresgarri idatziz :
Jainkoarekin egiazko harremanetan sartzea ez da hiltzea, bizitzea da, eta anaiak biziaraztea, heien
zerbitzuko jarriz. Izaik aipu duen zerbitzari mixteriozko hori Jesus dela dio Testamendu Berriak.
Haren bizi guzia sakrifizio ezin-hobea da : “Emanen dutan ogia, ene haragia da, emana munduak
bizia ukan dezan.”