BURUTAZIOA
Zer gutxi -edo zer asko- behar izaten den, askotan, lagun bat egiteko.
Aski eta nahikoa otordu bat elkarrekin, zentzu osoan, elkarrekin fisikoki, elkarrekin animoz, egitea. Ez ideologia baten inguruan aritzeko. Soil-soilik elkarrekin otordua egiteko, zentzu osoan, edan eta jan, barre eta hitz egin, elkarrekin bizi den momentukoaz, nahiz eta atzokoaz, edo duela… Otordua elkarrekin pozik egite aldera.
Ez da arraroa izaten entzutea: pozik nago, poz bereziaz; lagun batekin adiskidetu naizela esatea gehiegizko bada ere, lagun batekin, orain arte ez bezala, orain lasai eta gustura hitz egin dudalako. Zoriona, zulo bat bete duelako ni baitan edota harkaitz bat desegin duelako.
Zenbat aldiz entzun izan eta entzuten dugun: guztiok Jainkoaren seme-alaba gara; askotan, ordea, hor joaten da dena airean, haizearen lagun; arrastorik utzi gabe. Beste batzuetan, gutxiagotan, askoz ere, erraiak mugitzen dizkigu: zer da gero?, ni Jainkoaren seme?, ni Jainkoaren alaba? Hunkigarria. Txundigarria. Zer poza! Halaber, zelako eragina, zelako bulkada, seme edo alaba izate horren ondorioen harira. Beraz, hurkoaren anaia ni?, hurkoaren arreba ni?
Zer gutxi -edo zer asko- behar izaten den, askotan, ezusteko miresgarri bat izateko.
DIONISIO AMUNDARAIN 2025-02-22.