ERRAMU ETA PASIONEKO IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Jainkoaren zerbitzariak bere oinazeak onartzen ditu )

Izai profetaren liburutik 50, 4-7

4 Jainko Jaunak ikasle onaren mintzoa eman daut,
jakin dezadan nik ere akituari hitz pizgarria emaiten.
Hitzak iratzartzen nau goiz guziez,
goiz guziez iratzartzen, ikasle onak bezala entzun dezadan.
5 Jainko Jaunak beharria ideki daut:
eta nik ez diot kontra egin,ez dut gibelerat jo.
6 Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri,
eta matelak , bizarretik tiraka ari zitzaizkidaneri.
Begitartea ez dut zaindu laido eta tuetarik.
7 Jauna dut laguntzaile; horrengatik ez naiz laztu;
horrengatik begitartea harria bezala gogor egin dut,
eta badakit ez naizela ahalgetuko.

Zati hau irakurtzean, hitz bat heldu da mihira: “konfiantxa”. “Jauna dut laguntzaile;
horrengatik ez naiz laztu;” Adam bertzela jokatu zen, Jainkoaz mesfidatu baitzen. Horrela biziaren
iturria den Jainkotik berexi zen eta heriotzera deraman bidean sartu.
“Hitzak iratzartzen nau goiz guziez…Ikasle onak bezala entzun dezadan.” Entzuten duenak
konfiantxa egiten du. Eta “Jauna du laguntzaile”, horrela gai naiz “jakin dezadan nik ere akituari
hitz pizgarria emaiten.” Dena Jainkotik heldu da :”Jainko Jaunak beharria ideki daut”.
Bainan profetaren hitzak jendea inarrosten du. Eta ordainez hau kontra jartzen zaio :
“Bizkarra eskaini diotet jotzen ninduteneri…” Bere indarra profetak Jainkoan du aurkitzen, huntarik
heldu zaizkion solasetan: “Hitzak iratzartzen nau goiz guziez” eta “badakit ez naizela ahalgetuko.”

Salmoa 21

Leloa : Nere Jainkoa, nun zaude nun ?

Nitaz urrikal, otoi, entzun !
Ikus orduko, guziek neri trufa, irri,
Ezpain muturrez eta buruaz keinuz ari:
“ Jaunari zagon, libra dezala, bego hari;
Ken dezala, ken, maite duenez hor ageri.”
Zakur salbaiak ni nolaz irets badabilzka,
Gaizki egile osteak dauzkat inguruka.
Esku zangotan egin dautate zilo neri,
Hezurrak ditut guziak oro nik ageri.
Jauntzi zatiak hartu dauzkitet beren sari,
Egina dute soingainekoaz: “Ea , nori? “
Nitarik, otoi, ez egon, Jauna, beti urrun!
Nere laguntza, zatozkit laster nere lagun!

Zure izena aipatuko dut anaieri,
Bil egunean emanez dener zure berri.
Jainkozaleek, eskerrak eman Jainkoari,
Izraeldarrek, beldurrez, maitez has kantari!

Salmo hau desterrutik, Babilonetik, itzuli eta egina da. Han Izraeldarrek ainitz sofritu dute,
bainan azkenean libratuak izan dira eta hemen beren bozkarioa kantatzen dute. Bai eta ere salmo
huntan ikus ditaike sofritzen duenaren oihua, Izrael esklabo zeneko garrasia, bai eta ere, geroago,
Kristok, bere pasionean, Aitari buruz atera auhena, galdatuz zergatik zuen abandonatu.
“Zure izena aipatuko dut”. Biblian horrek erran nahi du Jainkoa beti arras hurbil dugula gure
mundu huntako bideetan, estekan gauzkaten esklabotasun guzietarik gu libratu nahiz. Bai salmo hau
esker onezko otoitz bat da.
Azkenik ikusten dugu lau ebanjelistek aipatzen dutela Jesusen soinekoen partekatze hori, eta
aldi oroz, euskarazko Elizen arteko biblian, irakurlea gidatua dela salmo huntara : Sal:22,19.

Bigarren irakurgaia

( Jesus Jauna apaldua eta goratua )

Jondoni Paulok Filipeko girixtinoeri 2,6-11

6 Jesu Kristo, Jainkogoa ukanki eta,
ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari.
7 Aitzitik, bere nahitara hustu da,
esklabogoa hartu, eta gizakien iduriko bilakatu.
Gizaki bezala agertuz,
8 apaldu da, hiltzeraino obedituz, gurutzean hiltzeraino.
9 Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak
eta izen guzietan gorena eman dio,
10 Jesusen izenaren ohoretan,
zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen,
11 eta mihi orok aitor dezan
Jaun dela Jesu Kristo Jainko Aitaren aintzarako.

“Hortakotz, denen gainetik goratu du Jainkoak…” Hortakotz, iduri luke Jainko Aitak sari bat
bezala eman diola Jesusi goratze hori, apaldu baita. Ez, Jainkoak emaiten duen guzia urririk emaiten
du, ez zerbaiten ordain, mereximenduen ordain, bainan bai, erraiten den bezala, grazia hutsez.
“Jainkogoa ukanki eta”. Ez dakigu xuxen noiz duen Paulok letra hau idatzi, bainan dudarik
ez da ebanjelioak baino lehenago idatzia izana dela. Horrek erran nahi du haste hastetik, garbiki
predikatua izan dela Jesus Jainko dela eta beraz betidanikakoa dela.
“Jainkogoa ukanki eta, ez da gogor lotu Jainkoaren berdina izaiteari”. Justuki, Jainko
delakotz badaki Amodioa zer den, Amodioak urririk duela emaiten, Amodioaren mundu hortan ez
duela balio bere dretxo edo eskubideak aipatzea! nahiz Jainko izan, ez da “gogor lotuko Jainkoaren
berdina izaiteari”.
“Eta izen guzietan gorena eman dio”. Bai, Jainko izena! ” Jaun da Jesus” erran nahi baita
Jainko dela Jesus. “Zeruan, lurrean eta lurpean, guziak belaunika daitezen” Isaiasek idatzia zuen : ”
Belaun oro nere aitzinean makurtuko da, eta mihi orok nere izenean zin eginen…” ( Is.45,23)
“Hiltzeraino obedituz” dio Paulok. Jesusek bere lurreko bizia umilki eta konfiantxaz beterik
ereman du. “Obeditu” horrek erran nahi du beharri eman diola bere Aitak erraiten zionari, beharri
eman konfiantxa osoan, baitzakien entzuten zuen guzia Amodioaren iturritik zetorrela!
“Eta mihi orok aitor dezan Jaun dela Jesu kristo Aitaren aintzarako.” Aintza, mugagabeko
Amodioaren adierazpena da, Jesusek lur huntan ereman duen biziaren aintza! Ez nauke hemen
Blaise Pascal-en gogoeta hau idatzi gabe (Preuves de Jésus Christ kapituluan) :” Oh! Qu’il est venu
en grande pompe et en une prodigieuse magnificence, aux yeux du coeur et qui voient la sagesse.”

Ebanjelioa

Jesu Kristo guri mintza, argi gure bihotza.

Kristo gurutzeraino zaiku apaldu:
Horra zertako den emana denak baino gorago.

Jesu Kristo gure Jaunaren Pasionea
jondoni Matiuren liburutik 26,14 – 27,66

Ohart huni: 3 seinale hauek diote nor den mintzo:
+ : Kristo ; K: kondalaria; S: besteak

ntaria eta harekin Jesus zaintzen zutenak
ikarat14 K Hamabietarik bat, Judas Izkariot deitua,
joan zen apez nausietarat,
15 Eta erran zioten:
S “ Zer eman nahi dautazue, nik eskuetarat emaiten badautzuet?”
K Heiek hogoita hamar zilarreko hitzeman ziozkaten.
16 Ordutik Judas parada on baten bila zabilan,
Jesus heien eskuetarat emaiteko.
17 Altxagarrigabeko Ogien besta lehen egunean,
dizipuluak etorri ziren Jesusenganat, ziotela:
S “ Non nahi duzu bazko afaria prestatzea ? “
18 K Jesusek erran zioten:
+ “ Zoazte hirirat halakoarenganat eta errozue:
Irakasle jaunak dio: Ene ordua hurbil da,
zure etxean ospatu nahi dut Bazkoa ene dizipuluekin. “
19 K Dizipuluek egin zuten Jesusek manatu bezala
eta Bazko-afaria prestatu zuten.
20 Ilunabarrean, mahainean zagon Jesus Hamabiekin.
21 Jaten ari zirela, erran zuen:
+ “ Egiaz diozuet: zuetarik batek salduko nau..”
22 K Atsegabez beterik, galdegiten hasi zitzaizkion bederazka:
S “ Ni ote naiz, Jauna?”
23 K Ihardetsi zioten:
+ “ Nerekin plata beretik jaten ari den batek salduko nau.
24 Gizonaren Semea badoa, hartaz izkiriatua den bezala;
bainan dohakabea Gizonaren Semea saltzen duena!
Hobe zukeen gizon harek, sortu izan ez balitz!”
25 K Judasek, saltzen zuenak, galdatu zion:
S “ Ni ote naiz, Irakasle jauna? ”
K Jesusek ihardetsi:
+ “ Zuk erran duzu.”
26 K Afaltzen ari zirela, Jesusek hartu zuen ogia,
eta benedikapen otoitza erranik, zatitu,
eta bere dizipulueri eman zioten, erranez:
+ “ Har zazue eta jan, hau nere gorputza da.”
27 K Gero, kalitza harturik, eskerrak bihurtu zituen,
eta eman zioten, erranez :
+ “ Edan guziek huntarik,
28 hau nere odola baita, batasunaren odola,
guzientzat ixuria, bekatuak barkatzeko.
29 Erraiten dautzuet:
hemendik aitzina ez dut gehiago
mahats arno huntarik edanen,
nere Aitaren erresuman arno berria
edanen dutan eguna arte.”
30 K Salmoak kantatu ondoan,
abiatu ziren Olibetako mendiari buruz.
31 Orduan Jesusek erran zioten:
+ “ Gau huntan, zuen guzienzat eror bide izanen naiz.
Izkiriatua baita: Joko dut artzaina
eta artaldeko ardiak barreiatuko dira.
32 Bainan piztuko naizelarik,
aitzinduko zaituztet Galilearat. ”
33 K Petrik erran zion:
S “ Bertze guziak erortzen badira ere zuregatik,
ni ez naiz sekulan eroriko.”
34 K Jesusek ihardetsi:
+ “ Egiaz diozut: gau huntan berean,
oilarrak kantu egin baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.”
35 K Petrik erran zion:
S “ Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut ukatuko.”
K Eta dizipulu guziek gauza bera erran zuten.
36 Jesus bere dizipuluekin
Getzemani deitu baratze baterat heldu zen,
eta erran zioten:
+ “ Zaudezte hemen, ni harat otoitz egitera noan artean.”
37 K Petri eta Zebedeoren bi semeak berekin harturik,
tristura eta laztura senditzen hasi zen.
38 Orduan erran zioten:
+ “ Nere arima laztua da hiltzeraino.
Zaudezte hemen eta egon atzarririk nerekin batean.”
39 K Aitzinaxago joanik, ahuspez erori zen,
eta otoitz egin zuen, erranez:
+ “ Ene Aita, ahal bada, urrunt bedi ni ganik kalitza hau!
Halere, ez nik nahi bezala, bainan zuk nahi bezala.”
40 K Gero heldu da bere dizipuluenganat, eta lo aurkitzen ditu;
Petriri erraiten dio:
+ “ Beraz, ez duzue oren bat enekin atzarririk egoiteko
indarrik izan ?
41 Zaudezte atzarririk, eta otoitz egizue, tentaldian ez erortzeko.
Gogoa suhar, ahul aldiz haragia.”
42 K Berriz, bigarren aldikotz joanik, otoitz egin zuen, erranez:
+ “ Ene Aita, kalitza hau ez baditake iragan nik edan gabe,
egin bedi zure nahia!”
43 K Eta berriz etorririk, lo aurkitu zituen, begiak eroriak baitzituzten;
44 Heiek utzirik, berriz ere joan zen,
eta hirugarren aldikotz otoitz egin zuen, hitz berak erranez.
45 Orduan dizipuluenganat etorri eta erran zioten:
+ “ Egizue lo eta pausa zaitezte.
Horra hurbil ordua
Gizonaren Semea bekatarien eskuetarat emana izanen baita.
46 Jeiki, goazen, hurbil da ni saltzen nauena.
47 K Jesus mintzo zelarik oraino, etorri zen Judas, Hamabietarik bat,
eta jendalde handi bat harekin, ezpata eta makilak eskuetan,
apezburuek eta herriko zaharrek igorririk.
48 Saltzaileak seinale bat emana zioten:
S “ Nik musu emanen diotana, hura da, arrasta zazue.”
49 K Berehala Jesusenganat hurbildu eta erran zuen:
S “ Agur, Irakasle jauna ! ”
50 K Eta musu eman zion.
Jesusek erran zion:
+ “ Adiskide, egizu zure egitekoa.”
K Orduan hurbildu ziren, eskua Jesusen gainean ezarri,
eta arrastatu zuten.
51 Jesusekin zirenetarik batek, eskua luzaturik,
atera zuen bere ezpata,
apez nagusiaren mutila jo eta beharria moztu zion.
52 Jesusek erran zion:
+ “ Itzul zure ezpata bere lekurat,
ezpata hartzen duten guziak ezpataz hilen baitira.
53 Ala uste duzue ezin diotala nere Aitari dei egin,
hamabi aingeru-talde eta gehiago
nere esku eman bailitzazke berehala?
54 Bainan nola beteko litzateke orduan,
Liburu sainduetan izkiriatua,
hola gertatu beharra dela baitiote? ”
55 K Orduan, Jesusek jendeari erran zion:
+ “ Ohoin batentzat bezala atera zirezte
ezpatekin eta makilekin, nitaz jabetzeko.
Egun oroz Tenpluan jartzen nintzen irakasteko
eta ez nauzue arrastatu.
56 Bainan horiek guziak gertatu dira,
Profetek izkiriatua bete dadin.”
K Orduan, dizipulu guziek Jesus utzi eta ihes egin zuten.
57 Jesus arrastatu zutenek ereman zuten
Kaifas apez nagusiaren etxerat,
han bilduak baitziren lege-irakasle eta herriko zaharrak.
58 Petri, urrundik jarraiki zitzaion Jesusi,
apez nagusiaren jauregiraino:
eta barnerat sarturik, mutilekin jarri zen
hori guzia nola bururatuko zen ikusteko.

59 Apezburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontra
gezurrezko lekukotasun bila zabiltzan, haren hilarazteko.
60 Bainan ez zuten aurkitu,
nahiz gezurrezko lekuko ainitz etorri zen.
61 Azkenean, biga etorri ziren, erran zutenak:
S “ Gizon horrek erran du:
Jainkoaren tenplua suntsi dezaket,
eta hiru egun barne berriz eraiki. ”
62 K Apez nagusiak xutitu eta erran zion:
S “ Deusik ez duzu ihardesten
zure kontra egiten dituzten salaketa horieri?”
63 K Bainan Jesus ixilik zagon.
Apez nagusiak erran zion:
S “ Jainko biziaren izenean galdatzen dautzut:
zinez erraguzu zu ziren Mesias, Jainkoaren Semea .”
64 K Jesusek ihardetsi:
+ “ Zuk erran duzu;
eta gehiago diozuet: oraidanik ikusiko duzue
Gizonaren Semea Guziahaldunaren eskuinean jarria,
eta zeruko hedoien gainean heldu. ”
65 K Orduan, apez nagusiak bere soinekoak urratu zituen, erranez:
S “ Blasfemioa erran du. Ba ote dugu oraino lekuko beharrik?
Zihaurek entzun duzue blasfemioa. Zer zaitzue? ”
66 K Heiek ihardetsi:
S “ Hiltzea merezi du.”
67 K Orduan, tu egin zioten begitarterat, eta ukaldika erabili;
beste batzuk mazelakoak eman ziozkaten, erranez:
68 S “ Asma zak, Mesias: nork jo hau?”
69 K Petri, kanpoan zagon, ezkaratzean jarririk;
neskato batek hurbildu eta erran zion:
S “ Zu ere Jesus Galilearrarekin zinen.”
70 K Bainan harek denen aitzinean ukatu zuen:
S “ Ez dakit zer diozun.”
71 K Ateari buruz zoala, beste neskato batek ikusi zuen,
eta han zireneri erran zioten:
S “ Hau Nazareteko Jesusekin zen.”
72 K Petrik berriz ukatu zuen, zin eginez:
S “ Ez dut ezagutzen gizon hori.”
73 K Handik laster, hurbildu ziren han zaudenak
eta erran zioten Petriri:
S “ Segurki , zu ere horietarik zira:
bestenaz ere zure mintzairak salatzen zaitu. ”
74 K Orduan , Petri hasi zen arneguka zin egiten:
S “Ez dut ezagutzen gizon hori.”
K Eta berehala oilarrak kantu egin zuen.
75 Eta orroitu zen Petri Jesusen hitzaz:
“ Oilarrak kantu egin baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.”
Kanporat atera zen eta nigar egin zuen saminki.
27,1 Argitu zuenean,apezburu guziek eta herriko zaharrek
biltzar egin zuten Jesusen kontra, haren hilarazteko.
2 Gero loturik ereman zuten ,
eta Pilato gobernadorearen eskuetan ezarri.
3 Orduan, Jesus kondenatua zela ikusirik,
damutu zitzaion Judas saltzaileari,
eta hogoita hamar zilarrekoak gibelerat ekarri ziozkaten
apezburu eta herriko zaharreri, erranez:
4 S “ Bekatu egin dut hobengabea hiltzera emanez.”
K Bainan heiek erran zioten:
S “ Guri zer zaiku? Ikus hor!”
5 K Orduan, dirua tenplurat botarik, bere buruaren urkatzera joan zen.
6 Apezburuek dirua harturik, erran zuten:
S “ Ez da zilegi diru hau Tenpluko dirutegian ezartzea,
odolaren saria baita.”
7 K Eta biltzar eginik, diru harekin eltzegilearen landa erosi zuten,
arrotzen hilerritako.
8 Horrengatik, landa hura Hakeldama deitua izan da orai arte,
erran nahi baita Odol-landa.
9 Orduan bete zen Jeremi profetak errana:
Hartu zituzten hogoita hamar zilarrekoak;
hori izan zen Izraeldarrek ezarri zioten salneurria.
10 Eta eltzegilearen landan truk eman zituzten,
Jaunak manatua zautan bezala.
11 K Jesus gobernadorearen aitzinean agertu zen;
hunek galdegin zion:
S “ Juduen erregea zira zu? ”
K Jesusek erran zion :
+ “ Zuk erraiten duzu. ”
12 K Apezburuek eta zaharrek salatzen zuten,
bainan harek ez zuen deusik ihardetsi.
13 Orduan Pilatok erran zion:
S “ Ez duzu entzuten zenbat lekukotasun egiten duten zure kontra?”
14 K Jesusek ez zion hitzik ihardetsi,
ez baitzen gobernadorea guti harritu.
15 Bazko besta guziz, presoner bat libratzen ohi zuen gobernadoreak,
jendeak nahi zuena.
16 Bazen orduan presoner famatu bat, Barrabas deitua.
17 Beraz, jendea bildu zenean, Pilatok erran zion:
S “ Nor nahi duzue libra diezazuetan,
Barrabas, ala Jesus, Mesias delakoa? ”
18 K Bazakien, alabainan, Jesus bekaizkeriaz emana ziotela eskuetarat.
19 Juje alkian jarririk zagola, emazteak jakinarazi zion:
S “ Hobengabe horri ez zozula deusik egin,
ainitz sofritu baitut gaur ametsetan horrengatik.”
20 K Bainan apezburuek eta zaharrek jendea bildu zuten
Barrabas galda zezan eta Jesus hilaraz.
21 Gobernadoreak erran zioten:
S “ Bietarik zein nahi duzue libra diezazuetan?”
K Heiek ihardetsi zuten:
S “ Barrabas!”
22 K Pilatok erran zioten:
S “ Zer eginen dut, bada, Jesusez, Mesias delakoaz?”
K Denek ihardetsi zuten:
S “ Gurutzefikatua izan bedi!”
23 K Eta harek:
S “ Zer gaizki egin du, bada ?”
K Heiek, are oihu handiagoz:
S “ Gurutzefikatua izan bedi!”
24 K Pilatok, guzia alferrik zela ikusirik,
bai eta nahasmendua handituz zoala, ura hartu zuen,
eta eskuak garbitu jendearen aitzinean, erranez :
S “ Ni garbi naiz gizon hunen odoletik : zuek ikus! ”
25 K Herri osoak ihardetsi zuen:
S “ Gure gain eta gure haurren gain horren odola ! ”
26 K Orduan Barrabas libratu zioten;
Jesus, aldiz, azotarazi ondoan, heien eskuetarat eman zuen,
gurutzefika zezaten.
27 Orduan gobernadorearen soldaduek
jauregirat ereman zuten Jesus,
eta soldadu talde guzia bildu haren inguruan.
28 Soinekoak kendu eta kapa gorri bat eman zioten soinean.
29 Elorrizko korona bat bihurdikaturik, ezarri zioten buruan,
eta kanabera bat esku eskuinean.
Aitzinean belaunikaturik, trufatu zuten, ziotela:
S “ Agur, Juduen erregea!”
30 Tu egiten zioten, eta kanabera harturik, buruan jotzen zuten.
31 Trufatu ondoan, kendu zioten kapa eta bere soinekoak jantzi.
Gero gurutzefikatzera ereman zuten.
32 Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Zimun deitua,
eta Jesusen gurutzearen eremaitera bortxatu zuten.
33 Golgota izeneko tokirat heldu zirenean
– Golgotak “buruhezur” erran nahi du —
34 behazunez nahasi arnoa eman zioten edatera;
jastatu eta, ez zuen edan nahi izan.
35 Gurutzefikatu ondoan, Jesusen soinekoak elkarren artean
partekatu zituzten, xotxak ateratuz.
36 Eta han jarri ziren, haren zain.
37 Buruaren gaineko aldean, zergatik kondenatua zen
izkiriaturik ezarria zioten:
“ Hau Jesus da, Juduen erregea.”
38 Bi gaixtagin gurutzefikatu zituzten Jesusekin batean,
bat eskuinean, bertzea ezkerrean.
39 Han zabiltzanek laidoztatzen zuten, burua higituz:
40 S “ Tenplua suntsitu eta hiru egunez berriz eraikitzen baituk,
salba zak heure burua, Jainkoaren Semea balin bahaiz,
eta jauts hadi gurutzetik!”
41 K Halaber, apezburu, lege-irakasle eta zaharrek ere
trufatzen zuten, erranez :
42 S “ Besteak salbatu ditu, eta bere burua ezin salba!
Izraelgo erregea da: jauts bedi orai gurutzetik
eta horren baitan sinetsiko dugu!
43 Jainkoaren baitan ezarri du bere fidantzia,
libra dezala orai, maite balin badu,
ezen erran du: Jainkoaren Semea naiz. ”

44 K Halaber, harekin gurutzefikatu gaixtaginek ere
laido egiten zioten.
45 Eguerditik hiruak arte ilundu zuen lur osoan.
46 Hiruak irian, Jesusek oihu handi bat egin zuen:
+ “ Eli, Eli, lama sabaktani? ”
K erran nahi baita:
“ Ene Jainkoa, ene Jainkoa, zergatik utzi nauzu ?”
47 Hori entzutearekin, han zauden batzuk erran zuten:
S “ Eliri deika ari da!”
48 K Berehala, heietarik bat lasterka mustuka baten hartzera joan zen,
ozpinez bete zuen, eta kanabera baten muturrean ezarririk,
edatera eman zion.
49 Besteek zioten:
S “ Bego: ea Eli etorriko zaion salbatzera!”
50 K Bainan Jesusek, berriz oihu handi bat eginik,
azken hatsa eman zuen.

51 Eta horra Tenpluko oihala urratu zela bi erdi,
gainetik behereraino, lurra ikaratu zen, harrokak arraildu.
52 Hilobiak zabaldu ziren,
eta hilak ziren saindu ainitzen gorputzak piztu:
53 Hilobietarik atera eta, Jesus piztu ondoan,
hiri sainduan sartu ziren eta jende ainitzi agertu.
54 Lurrikara eta gertatu zena ikusirik,
ehuu ziren, eta erran zuten:
S “ Zinez, hau Jainkoaren Seme zen”

55 K Baziren han emazte ainitz urrundik beha,
Galileatik Jesusi jarraiki zitzaizkionak, haren zerbitzari;
56 Heien artean ziren Maria Madalena,
Maria Jakobe eta Josepen ama, eta Zebedeoren semeen ama.
57 Arratsean, Arimateako gizon aberats bat etorri zen,
Josep deitua, hura ere Jesusen dizipulua.
58 Pilatorenganat joan zen, eta Jesusen gorputza galdatu zion.
Pilatok emaiteko manatu zuen.
59 Gorputza harturik, Josepek hil mihise garbi batean inguratu zuen,
60 eta beretzat harrokan zilarazia zuen hilobi berrian ezarri.
Gero harri handi bat hilobiaren ahorat amildu, eta joan zen.
61 Han ziren Maria Madalena eta beste Maria,
hilobiaren aitzinean jarriak.
62 Biharamunean, prestagailuen ondoko egunean,
apezburuak eta farisauak Pilatorenganat bildu ziren,
63 eta erran zioten:
S “ Jauna, orroitu gira enganatzaile horrek,
oraino bizi zelarik, erran zuela :
Hiru egunen buruan piztuko naiz.
64 Mana zazu, beraz, hilobia zaintzeko hirugarren eguna arte,
haren dizipuluak ez daitezen gorputzaren ebastera etor,
eta populuari erran : Hiletarik piztu da.
Azken jukutria hau lehena baino areagoa litaike.”
65 K Pilatok erran zioten:
S “ Zaintzaileak badituzue;
zoazte eta zain zazue zuen gogora. ”
66 Joan ziren, bada, eta hilobia segurtatu zuten,
harria zigilatuz, eta zaintzaileak ezarriz.

Nazaret herritik datorren gizon hori, Jesus deitua, nor da? Badu bi mila urte galde hori egiten
dela. Ebanjelio huntan ohargarri da zenbat izenez deitua den Jesus.”Juduen erregea” behin, gero”
Mesias”, “Justua “edo” Zuzena” eta azkenik “Jainkoaren Semea” bezala ikusia da.
“Juduen erregea”. Pilato-k galdatzen diolarik : “Juduen erregea zira zu? “Jesusek erraiten
dio: “Zuk erraiten duzu”. Iduri du horrela Jesusek baietz dioela. Matiuren ebanjelioan ez du, azken
hatsa bota aitzin, bertze solas handirik aterako. Bakarrik oihu hau du botako : ” Ene Jainkoa, ene
Jainkoa, zergatik utzi nauzu?”
“Juduen erregea” titulu hori, oraino hiru aldiz emana izanen zaio. Bainan beti hartaz
trufatzeko. Soldado erromanoek kapa gorri bat emaiten diote soinean, korona bat buruan, kanabera
bat esku eskuinean, belaunikatzen zaizkio aintzinean, eta hartaz trufatzen dira erranez: ” Agur
Juduen erregea!” Buruaren gaineko aldean, kurutzean idatzia zuten: “Hau Jesus da, Juduen
erregea.” Aingeruaren aginduz, Josepek “Jesus” izena eman zion haur sortu berriari, “harek
zuelakotz populua bere bekatuetarik salbatuko”. Jesusen misterio guzia kurutzearen gainean eman
hitz horietan agertzen da. Bai Jesus errege da eta errege salbatzaile!
“Mesias” titulua Pilatok emanen dio ” Nor nahi duzue libra diezazuetan, Barrabas ala Jesus,
Mesias delakoa?” Eta Pilatoren andreak justua edo “hobengabea” deituko du, titulu hori delarik
gizon batek, Testamendu Zaharrean, bil dezaken ederrena. Paganoen ahotik da entzun Jesus nor
den.
Azkenik “Jainkoaren Semea”. Hola ere deitua izanen da Jesus. Lehenik han zabiltzanetaz.
” Salba zak heure burua, Jainkoaren Semea balin bahiz “. Halaber, apezburu, lege-irakasle eta
zaharrek ere trufatuko dute erranez : “Libra dezala orai, maite balin badu, ezen erran du:
Jainkoaren Semea naiz “. Azkenean ehuntari erromanoak egiazko fedezko oihu bat botako du
erranez: “Zinez, hau Jainkoren Semea zen”.
Titulu hunekin bururatzen bezala da Matiuren ebanjelioa. Erran nahi du paganoak
konbertituko direla eta Kristoren heriotzea ez dela bukatze bat bainan bai haste bat, bitoria bat.
Matiuk bixtan ezartzen ditu hemen Jesusen ahulezia eta ondoan paganoek emaiten dioten
handitasuna. Kurutzean, bere ahulezian, da Jesus nor den agertzen, zein handia den bere negurri
gabeko Amodioan, noraino Hunek ereman dezaken! Kurutzearen aintza hori handia da!