Andre Maria zeruratzea 2020-08-15 OHARPENAK

SARRERA

Anai-arrebok, Andre Mariaren zeruratzea ospatzen dugu gaur. «Zeruratze» hori ez da hartu behar, fisikoa den mundu honetatik fisikoa izango litzatekeen zerura joatea edo eramana izatea bezala. «Zeruratua» esatea, hitz egiteko modu bat da. Aintzatua izan dela esateko modu bat. Jainkoak berpiztu egin duela esateko modu bat. Andre Maria bere izatearen bete-betera iritsi dela esateko modu bat. Zerua ez da toki edo leku fisiko bat. IZAN. Aditz honekin adierazten dugu hobekienik, bai Jainkoaren izatea, bai Kristoren izatea, bai Andre Mariaren eta berpiztu guztien izatea. Aintzatua izan den momentutik esan dezake Andre Mariak, beste inoiz baino egokiago: «NAIZ». «NAIZENA NAIZ».
Bestetik, Andre Maria zeruratzearekin, adierazi nahi dugu, gizaki guztiei aitortzen diela Jainkoak jainkozko duintasuna. Guztiak jarri dituela salbazio-bidean; hobeto esan, guztiak salbatu eta liberatu dituela, Kristo dela medio.
Jesusen Espirituak eta Andre Mariaren erreguak eman diezagutela geure eta besteren duintasuna aintzat hartzeko argia.

LEHEN IRAKURGAIA Apokalipsia liburutik (11,19a;12,1.3-6a.10)

Apokalipsia liburua gaizkiaren eta ongiaren borrokaren «historia» da, oro har. Jakina, azkenean ongia da garaile. Jainkoa da garaile. Gaurko pasarte hau, garaitza hori adierazten duen pasarte luzeago baten zatia da.
Itun Zaharreko Itun Kutxa aipatzen digu: Jainkoaren presentziaren ezaugarria zen eta da Itun Kutxa hori. Jainkoak Israel berrirekin egin duen adiskidetasun-hitzarmena adierazten du. Kristorekin eta Kristogan agertu digun onginahia. Moisesen hitz hauek gogorazten dizkigu: «Jaiki, Jauna, eta sakabana daitezela zure etsaiak, bihoaz ihesi gorroto dizutenak» (Zenbakiak 11,35). Gaizkiaren hondamena da.
Zeruan andrea eta dragoia ageri dira. Andrea garaitsu ageri da. Andre hori Jainkoaren herria da; Kristoren inguruan elkartua. Dragoia, gaizkiaren irudia da, mundu honetako boterearen irudia; giza historian dihardu, elkartea desegin nahiz. Mundu honetako botereak Kristoren elkartearen kontra dihardu. Kristo edota Kristoren elkartea da dragoiak suntsitu nahi duen haurra.
Alabaina, tronuan ageri da Kristo. Behin betiko aintzatsu. Bere elkartearen buru. Suntsiezineko dira Kristo burua eta Kristoren elkartea.
Zeruratua den Andre Maria, Kristoren elkartearen irudi konkretu eta bizia da. Dragoiaren hatzaparretatik liberatuak direnen hasikina da Maria. Gure zoriaren hasikina. Elkarte osoa zeruratua izango denaren bermea eta garantia.

BIGARREN IRAKURGAIA Paulo apostoluak 1 korintoarrei (15,20-28)

Testuinguruari gagozkiola, gutxienez, 15,12-34 hartu beharko genuke kontuan, pasarte luzeago horren erdigunetzat gaurko zatitxoa, 20-28, hartuz.
1 Ko 15,12-19 zatitxoan, piztuera ukatzeak zein ondorio izango lituzkeen planteatu du Paulok: hildakoak pizten ez badira, Kristo ere ez da piztu; hartara, lekuko faltsuak izango ginateke.
15,20-28an, gaurko pasartean, hona zer esaten digun: Kristo piztu da, ordea. Piztuko diren guztien hasikina da Kristo. Hori frogatzeko, Adamekin konparatu du Kristo; biek hasiera bana ordezkatzen dute: Adam, gizon-emakume guztien heriotzaren hasiera da; Kristo, berriz, kristau guztien piztueraren hasiera. Kristo piztuko da lehenik; ondoren, beste guztiak. Gero, azkena izango da, Kristok Aitari erreinua entregatuko dionean, etsai guztiak garaitu ondoren,
Andre Maria Kristorenak direnen aurrelari da, Erreinuko bizi aintzatsua bizi du; bere emakume izatea bete-betera eraman du, Kristoren bidez.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (1,39-56)

«Jesusen haurtzaroko ebanjelioa» deitu ohi dugun pasarte luzearen (Lk 1,5–2,52) zatia da gaurko hau. Lukasen iritzian, pasarte luze hau, Jesusen bizitzaren eta zereginaren sarrera-moduko bat da. Giza historiaren aro berri eta joan-etorri erabakitzailearen hasiera adierazten du pasarte honek.
Gaurko zatiari gagozkiola, haurdun dagoela sentitu orduko, Andre Mariak bere lehengusu Elisabetengana jo du. Galdera hau darama bere bihotzean: nolatan eta zergatik Jaunaren mirarizko bisita niri?
Elisabeti, Mariaren agurra entzun orduko, haurrak jauzi egin dio sabelean, bera ere hardun baitago. Eta hitz profetiko hauek bota dizkio: «Bedeinkatu zu eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua».
Mariak, berriz, Magnificat izenpean ezagutzen dugun kantikaz erantzun dio. Itun Zaharreko Samuel profeta handiaren Ana amaren kantika iradokitzen digu (1 Samuel 2).

HERRIAREN OTOITZA

1.-Elizaren alde: kristau guztiok, Andre Maria eredutzat hartuz, pobreen, gaixoen, zapalduen, presoen alde saia gaitezen, munduan zuzenbidea eta esperantza eraginez. Otoitz Jaunari.
2.-Mundua gobernatzen duten gobernari, legegile, epaile, boteretsu eta diruduren alde: Jainkoak Mariagan zer egin duen gogoan hartzeko begiak ireki ditzaten; ikusitakoa hausnartzen saia daitezen, eta, hausnarturik, konklusioak ateratzen ahalegindu daitezen. Otoitz Jaunari.
3.-Gurasoen eta hezitzaileen alde: seme-alaben edo ikasleen artean gizon-emakumeen duintasuna txertatzen saia daitezen. Otoitz Jaunari.
4.-Munduan, pobretasuna esatean, pobretasun materiala ez ezik, pobretasun kulturala ere aintzat hartua izan dadin. Otoitz Jaunari.