ANDRE MARIAREN ZERURATZEA

2014-08-15

Liturgiako testuetan oinarritua

Dionisio Amundarain

Zorionak, Andre Maria; bete da zure esperantza!

 

«Gure izate ustelkor hau ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkor hau hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioen hau: “Behin betiko galdu da heriotza”… Emazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena eman digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez» (1 Ko 15,54.57).

«Seinale handi bat agertu zen zeruan: emakume bat, eguzkiz jantzia, ilargia oinazpian eta hamabi izarreko koroa buruan» (Ap 12,1).

Jainkoak Kristo Jesusekin bizi ahal izatea eman digu, Kristo Jesusekin piztu ahal izatea eta zeruan Kristo Jesusekin batean esertzea.

Hona zer ospatzen dugun jai honetan: Andre Mariak heriotza garaitu izana, Andre Maria zeruan bere betera iritsi izana, Jesu Kristo bere Semearen antzera. Jainkoak bere baitan hartu du Maria.

Jainkoaren nahia bete da: Maria, gorputz eta arima, Jesu Kristoren aintzan partaide egin du. Bukatu da Mariarentzat Semea ezin ikusi izatea.

Kreatzailea bere sabelean eta altzoan bihotz zabalez ukan zuen Mariak, zeruan lortu du bere egoitza, behin betikoa, zoriontsua, alaia.

Maria etorkin joan da zerura, Kristo Jesusengana, mundu honetatik. Heriotza gainditurik, zeruko aintzara eraman du Jainkoak Maria, gorputz eta arima, bere Semearen eskuinean erregina, ez boterez puzturik, baizik maitasunez harro, dirdaitsu izan dadin.

Bere Jasokundeaz, Aitagana igaro da Maria, bere pazkoa du Mariak Jasokunde hori.

Zure gorputza, Andre Maria, zerutar gorputz bihurtu da, biziaz eta aintzaz gainezka.

Andre Maria, Jainkoarena izan zinen zu betidanik, eta Jainkoak, zu gabe ez gelditzeko, zerura eraman du zure etxea, zure gorputza.

Andre Maria, bihotz zabal, bat egin zenuen zuk zeure Semearekin eta gurutzean ikusi behar izan zenuen, negar batean; orain, poz betean dakusazu hura Aitaren eskuinaldean, poz betean, betiko harekin bat.

Zorionekoa horrelako bizia ekarri dizun heriotza!

Jainkoaren Ama lotu-loturik dago bere Semeari, eta solidario egin da haren zoriarekin eta haren asmoekin.

Hau paradoxa! Andre Maria badoa gure artetik baina gure artean gelditu da, ez gaitu utzi umezurtz.

Eva berria da Andre Maria, Adam berriari atxikia, hertsiki hari lotua, haren salbamen-egintza osoan.

Pozez gainezka dut bihotza Jaunarekin, eta gozamen dut ene Jainkoa; festa-soinekoz jantzi bainau eta garaipen-mantuz bil-bil egin.

Belaunaldi guztiek emango dizkidate zorionak, Jainkoak gauza handiak egin baititu nigan.

Jainkoaren Ama, Elizaren Ama, gizon-emakume guztien Ama, izan zaitez gure lagun zure etxe horretara joateko duin izan gaitezen; bitartean, eraman dezagula geuk ere bihotzean, zuk bezala, Jainkoaren Hitza.

Andre Maria, Jainkoak bedeinkatu duen emakumea zara. Erregutu guretzat, zure altzoko Jesus fruitua, guretzat bizi-fruitu izan dadin.

Jesus Jauna, egizu, zure Ama bitarteko dela, zure anai-arreba guztiek senti dezagun Andre Mariaren aintzaren inbidia osasungarria. Jesus Jauna, egizu, suma dezagula argi, zeure heriotzan eta piztueran eskaini diguzun esperantza, jadanik zure Amagan gauzatua den esperantza. Amen.