Andre Maria zeruratua (2015-08-15)
HOMILIA

Lukas 1,39-56
Jesusen jarraitzaile leiala
Ene bihotza pozten da Jaun Salbatzaileagan

Anai-arrebok!

Andre Maria zerura jaso izana ospatzen dugu. Gogora dezagun: Andre Mariak Jainkoaren Semeari lurrera etortzeko bidea egin dio bere sabelean erne, bederatzi hilabeteren ondoren jaiotzea eskaini, haurtzaroan zaindu, bizitzako zailtasunetan lagun izan eta, semea berpiztu ondoren, lurrean haren egitekoa gauzatzen saiatu zelarik.

Jesus horrek, berriz, bere Amari, lur honetan berean zerutar bizitzen lagundu dio: Aita ezagutzen, Aitaren gogoa zein den ezagutu eta onartzen lagundu, Jainkoaren erreinua mundu honetan egiten lagundu, eta azkenean, gaurko egunez, zerura joateko bidea egin dio. Amak semeari lurrera etortzeko bidea; semeak amari zerura sartzeko bidea.

Ebanjelariek, Andre Maria aurkezten digutenean, Jesusen Amaganako debozioa piztu nahi digute. Ikuspegi horrek Maria maitatzen laguntzen digu, hartaz gogoeta egiten, hura imitatzen, hari otoitz egiten, harengan konfiantza izaten, espiritu berriaz eta ebanjelikoagoaz.

Fededun handia da Maria. Jesusen lehen jarraitzailea. Bere Semearen egintzak eta hitzak bihotzean hausnartzeko gai izan den emakumea. Semeak agertu duen Jainkoa eta pobreen salbatzailea den Jainkoa kantatu duena emakumea. Ama leiala; bere Semea pertsegitua, gaitzetsia, gurutzean josia izan denean haren ondoan jarraitu duen Ama. Kristo berpiztuaren lekukoa, ikasleekin batean, Espirituari, Jesusen Elizak beti bidelagun izango duen Espirituari, ongi etorri egin diona.

Lukasek, bere aldetik, Mariaren kantika geure egitera gonbidatzen gaitu, Jesusenganako geure bidean kantika haren espirituak gida gaitzan uztera; izan ere, «Magnificat» kantikan ageri da bere dirdira osoan Mariaren fedea; «Magnificat» horretan ageri bere Seme Jesusen asmoa eta bidea amak ondo ikusi eta maite dituela.

Begira. Batetik, Jainkoaren handitasuna aldarrikatuz hasi da Maria «Magnificat» kantikan: «pozik da nire bihotza Jainkoagan, ene salbatzaileagan, zeren bere zerbitzari honen apaltasunean ezarri baititu bere begiak».

Bigarren, zoriontsu da Maria, Jainkoa bere xumetasunari begira jarri dela sumatu duelako; horrelako da Jainkoa apalekin; Aita horrelakoa dela agertu du Jesusek ere: «Eskerrak, Aita, gauza hauek guztiak jende xume eta apalari agertu dizkiozulako, eta ez adituei eta jakintsuei». Bere Aita bedeinkatzean Jesusek agertu duen gozotasun bera agertu du Mariak bere kantikan: «jakintsuei eta adituei» ezkutatu eta «jende xumeari» agertu. Mariak xumeen Jainkoagan duen fedeak Jesusekin sintonizatzeko era eman digu.

Hirugarren, Jainko «ahaltsua» aldarrikatzen du Mariak: «haren errukia haren fededunengana iristen da belaunez belaun». dio. Jainkoak bere errukiaren zerbitzura jarri du bere ahalmen handia, eta ez inor zapaltzera. Haren errukia belaunaldi guztietara iristen da. Gauza bera diosku Jesusek ere: guztiekin da errukitsu Jainkoa. Horregatik esaten die aldi guztietako bere ikasleei: «izan zaitezte errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala». Bere amatasun-bihotzetik, beste inork ez bezala sumatu du Andre Mariak Aita eta Ama den Jainkoaren samurtasuna, eta Jesusen mezuaren giharrean sarrarazi gaitu: Jainkoa maitasun errukitsua da.

Laugarren, Mariak pobreen Jainkoa aldarrikatu du; izan ere, «boteretsuak beren aulkitik botatzen ditu» eta zapaltzen jarraitzeko indarrik gabe uzten; aitzitik, «apalak goratzen ditu», beren duintasuna eskura dezaten. Pobreei lapurtu izan dietena eskatzen die aberatsei, eta «esku hutsik uzten ditu»; aitzitik, gose direnak «ondasunez bete ditu», bizi gizakoiagoaz goza dezaten. Gauza bera oihukatzen zuen Jesusek: «azkenak lehenengo izango dira». Jesusen Berri Onari ongi etorri egitera garamatza Mariak: Jainkoa pobreen Jainko da.

Beste inork ez bezala erakutsi digu Mariak Jesusi jarraitzen, Jainkoa errukitsu dela hots eginez, mundua anai-arreba artekoagoa izan dadin lan eginez, xumeen Aitagan konfiantza izanez.

Horrek guztiak zeruko Aitaren bihotza hunkitu eta urtu egin du. Eta Jesusen ama izan dena, ez fisikoki bakarrik, baizik eta batez ere bihotzez, bere altzora eraman du. Aintza Aitari horrelako ama bat, horrelako emakume bat ezagutzeko, horrelako emakume bat beneratzeko aukera eman digulako. Ama zerukoa, lagundu mundu osoari zer eta nolakoa zaren ikusteko begiak ireki ditzagun.

Dionisio Amundarain