Andre Maria Sortzez Garbia C (2015-12-08)

SARRERA

Jesusen ikasle handia da Maria. Gauza jakina da: jainko izan nahi izatean datza bekatua; Jainkoa alde batera utzi nahi izatea: jarreraz, jardueraz, bizieraz.
Jarrera hori gainditzeko, Jainkoak dohain handiak eman dizkio Mariari, gutako edozeini bezala. Maria, ordea, beste inor ez bezala baliatu da dohain horiez, pertsona bezala egiten joateko. Bere izate guztiaz aitortu du Mariak Jainkoa: «gerta dadila nigan zure hitza», erantzun dio aingeruari, bere barruko deiari. Jainkoa Jainko aitortzeko era bat da aitorpen hori.
Eredu da Maria gu guztiontzat: fedeari, esperantzari, maitasunari dagokienez. Ez genuke pentsatu behar Jainkoak Maria super-emakume egin duela; horrela balitz, ez litzateke eredu izango guretzat. Maria Nazareten beste edozein emakume bezala azaldu eta bizi izan da. Maria gugandik bereizten duena, hau izan da: bete-betean erantzun diola bere barnean sentitu duen bokazioari.
Maria, Jesusen ama, Elizaren ama, gure ama, zure erantzun betea aitorturik, zu hein batean bederen ezaguturik, zu fedearen begiz ikusirik, hauxe nahi dizugu eskatu: lagundu diezaguzula, guk ere geure barruan jaso dugun Jainkoaren grazia aitortzen; guk ere ausardiaz eta fedez erantzun diezaiogun nork bere bokazioari; bizi dezagula guk ere esperantza handi hori, zuk gozatu duzun zorion bera bizitzeko; bizi dezagula maitasun handia gizadi osoari dagokionez, zuk zeuk zeure bizitzako isiltasunean bizi izan zenuen bezala, Jesus zeure semearen salbamen-egintzarekin bat eginez.
Gaur, bestalde, Seminarioaren eguna ospatzen dugu. Otoitz egin dezagun, gure artean zerbitzuari emaniko jendea sor dadin, Mariari jarraituz.

LEHEN IRAKURGAIA Hasiera liburutik (3,9-15.20)

Hasiera liburuko pasarte honek Adamen eta Evaren bekatua azaltzen digu. Jakina, kontakizun hau mito bat da, ipuin bat, baina bekatua zer den agertzen digu: Jainkoak gizadiari zorionerako bidea erakutsi, eta gizadiak beste bide bat hartu, Jainkoa batere kontuan hartu gabe.
Halere, kontakizuna ez da mugatzen egindako bekatua kontatzera. Bekatuaz ahazturik, salbazioa agindu dio Jainkoak gizadiari. Honela deskribatzen du modu sinbolikoan hori guztia: sugeak emakumea engainatu du; ba, emakumea izango da sugeari, bekatuari, burua zapalduko diona.
Horrenbestez, emakumeak bekatua egiten parte hartu badu, esku-hartze handiagoa izango du bekatua desegiten.
Batez ere, Andre Mariari leporatzen diogu bekatua desegiten parte hartu izana, Kristo ekarri digulako. Baina izan dezagun kontuan: Mariaren egitekoa, Jesus haur egin izana baino gehiago, Jesusi jarraitu izana izan da. Eta Jesusen salbazioa dela bide, Maria ez ezik, guztiok egin gaitu gai bekatua suntsitzeko.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (1.3-6.11-12)

Efesoarrei egindako gutunaren idazleak modu miresgarrian deskribatu digu bekatua suntsitzeko dugun gaitasuna. Bestetik, Jainkoak Kristo Jesusengan grazia eta dohain-mota guztiak eman dizkigu. Zertako? Ba, santu izan gaitezen. Gainera, bere seme-alaba egin gaitu Jainkoak, Kristo Jesus bera den bezala; zertako?, ba, Jainkoaren aintza goratzeko.
Askotan erabiltzen ditugu honelako esapideak: Jainkoa bedeinkatu, goratu, Jainkoari eskerrak eman. Zergatik? Bere dohainak eman dizkigulako, bere seme-alaba egin gaituelako, bere lankide egin gaituelako mundua bere betera eramateko.
Honetan ere, eredu dugu Andre Maria, Magnificat kantikan ageri denez: «Jainkoaren handitasuna goresten dut, neure bihotza pozez gainezka dut, Jainkoa neure salbatzaile dudalako». Senideok, saia gaitezen Maria gure ama imitatzen.

EBANJELIOA San Lukasen liburutik (1,26-38)

Gaurko ebanjelio hau oso ezaguna dugu. Aingeruak galdetu dio Mariari, ea Mesiasen ama izan nahi duen. Eta Mariak, bere buruari argibide bila zenbait galdera egin ondoren, erantzuten du: «Gerta bedi nigan zuk diozuna». Jarrera hori izan da Mariak bizitza guztian bizi izan duena. Bereziki, gurutzearen oinean. Horretan datza Andre Mariaren handitasuna: Jainkoaren sorkari dela aitortzean.
Baina sakondu dezagun apur bat Mariaren «bai» horren zergatia. Zergatik esan du baietz? Berak argitu digu: «Hona hemen Jaunaren zerbitzaria». Ohiturik gaude Mariagan beste topiko batzuk azpimarratzen; adibidez, umiltasuna, apaltasuna, isilean bizi izana etab. Baina ahaztu egin izan dugu beste ezaugarri hau: «hona hemen Jaunaren zerbitzaria». Biblian zerbitzari terminoak garrantzi handia du. Batez ere, Jesus da zerbitzaria. Baina Maria ere bai, jakina. Hau esan nahi du kasu honetan: hona hemen ni Jainkoak sortua den pertsona bat, bere burua Jainkoari osorik zor dion pertsona bat. Evak bere burua jainkosa egin nahi izan bazuen, Mariak bere burua Jainkoaren zerbitzari aitortu du.
Historia bizi-bizi bat bizi izan duen emakume bat da Andre Maria: bere burua erabat eskaini dio Jainkoari eta Jainkoak gizadiaren salbazioaz duen egitasmoari.

HERRIAREN OTOITZA

1.- Eliza osoaren alde: eliztar guztiok aitortu dezagula Jainkoaren seme-alaba garela, eta hala agertu dezagula munduaren aurrean. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Kristauen alde: hitz hutsean gelditu gabe, Jainkoaren eta gizadiaren benetako zerbitzari izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.- Gure artean eta mundu osoan bokazio biziak sor daitezen: apaiz, erlijioso, erlijiosa eta laiko. Eska diezaiogun Jaunari.
4.- Guztiok sentitu ohi ditugun makalaldi edo eroraldietan, zeruko geure amagana jotzen ikas dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.