ANDRE MARIA
SORTZEZ GARBIA
2015-12-08

1.-Jai honek, «hasiera» hartakoek eta gerokoek, gizaki guztiek, jatorriz Jainkoagandik jaso dugun izaera garbi eta zintzoa sinbolizatzen du: Jainkoak bedeinkatu eta ontzat eman zuen «hasiera» hartako giza izaera hura: «Eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak» (Hasiera 1,31).
2.-Andre Maria, sortzetik beretik eta bizitza guztian, Jainkoaren eta beste gizon-emakume guztien adiskide izan da: Jainkoak gizaki guztiei eman dien adiskidetasunari garbi eta zintzo eutsi dio. Jesusek bezala, bere neurrian.
3.-Jaiotzetiko adiskidetasun hori, sakonkiago, bere-bere egiten joan da Andre Maria: buruz, gogoz, adimenez, bihotzez. Txikitatik entzun zuen, gurasoen, ahaideen, auzokoen… ahoz, Adamen eta Evaren kontakizuna, patriarken berri; batez ere, fede handiko Abrahamen berri. Benetan liluratu zuen horrek guztiak Andre Maria, eta horien guztien fede-bizitza baino harago joateko grina bizi izan zuen.
4.-Entzun zuen profeta handien eginahalen berri ere, nola saiatu ziren jendea Jainkoaren esaneko eta hurkoaren adiskide izatera bultzatzen. Nolako zirrara ez ote zion sortu Elias baten borrokak, jendea idoloengandik apartatu eta Yahveri leial izateko!
5.-Nolako pena ez ote sentitu, Isaias batek, Jeremias batek, Ezekiel batek kontatzen dituzten herriaren zuzengabekeriak entzutean! Alabaina, nolako poza ez ote zuen sentitu, aldi berean, profeta haiei entzutean, herriaren portaera desleiala eta guzti, Jainkoak deika eta deika jarraitzen duela beti!
6.-Oso garaiz, oso gazte egin zuen Andre Mariak bere aukera: ez dut aski jaiotzetiko garbitasuna eta zintzotasuna gordetzea; buru-belarri eta erabat, Jainkoaren eta gizon-emakumeen zerbitzari izatean gauzatuko dut nik neure zintzotasuna. Jainkoak egin nauen hura bete-betera eramatean jarriko dut nik neure garbitasuna, ni neu izatean. Jainkoak betidaniko bere gogoan irudikatu nauen «ni» hau bete-betera eramaten ahaleginduko naiz. Neu izan nahi dut, Jainkoak gura eta nahi nauen bezalako. Izaera eta eginkizun.
7.-Bai. Andre Maria bihotzez ahalegindu da Jainkoari, gizon-emakume guztiei, bere buruari leial izaten. Txikitatik jadanik. Baina txikitan ez zuen asko pentsatu bizitzan zeri egin beharko zion aurre. Konfiantza jarria zuen, ordea, Itun Zaharreko profetak arnastu zituen Jainkoaren Espirituagan.
8.- Beharrik. Espiritu horrek eman zion Jainkoak leporatutako eginkizuna betetzeko argia eta indarra. Artean, gaztea zela, barnean ahots berezi bat sumatu eta entzun zuen: «Prest al zara Mesiasen ama izateko». Haren larria! Ez zion «bai» esan, txoro-txoro. Galde eta galde ekin zion. Harik eta, barneko ahotsak berak esan zion arte: «Zeurekin izango duzu Jainkoaren Espiritua».
9.- Nahikoa izan zuen promes hori. Bazuen lehendik ere konfiantza Espirituagan. Oraingoa, ordea, promes aparta zen, berezia. Segurtasun betekoa. «Bai» izan zen erantzuna. «Gerta bedi nigan Jainkoaren nahia». Ordudanik, ez zuen aski izan jaiotzeko zintzotasuna gordetzea. Beste maila bateko adiskidetasuna eskatu zion barneak, bai Jainkoarekiko, bai gizon-emakume guztiekiko.
10.-Maitasun-sua eragin zion Espirituak. Maitasun-sua, Jainkoa nola goratuko. Jainkoaren lankide handiago, nola izango. Bere baitan ezin kabiturik, Elisabet lehengusinari berri ematera joan zen. «Zorionekoa hi, haurdun hagoelako. Zorionekoa ni ere haurdun nagoelako». Zorionekoa ni, Jainkoa gizaki ezerez honetaz gogoratu delako.
11.- Premian zen Elisabeti laguntzera joan zen. Jose senarrari ere zer lausengu ez ote zion egingo, pozaren pozez. Zenbat igurtzi ez ote zion emango sabeleko haurrari ere! Espiritua! Espirituak bete zuen Andre Maria. Ez zen harengan Espirituaren kontrako ezer.
12.-Eta haurra jaio bitarte luzean, zenbat jira eta bira buruari, zer izango ote zen haur hura, besteak ez bezalako hura. Eta jaiotzean, zenbat zorion-agur eta zenbat iragarpen haurraren geroaz! Eta Mariak hura dena bihotzean, isiltasunean hausnartzeko.
13.-Simeon agure santuak ez zion iragarri etorkizun gozorik: «ezpatak zeharkatuko dizu bihotza». Eta Andre Maria, bihotz barnean, Espirituari begira eta begira bihotz-begiez. Eta beste behin: «Gerta bedi nigan Jainkoaren nahia».
14.-Eta bere atsekabe pertsonalez ahazturik, lagun hurkoa beti gogoan. Ahaztu zen Jesus seme kuttunak etxetik alde egin ziola, bide arriskutsua hartu zuela. Ez zion errietarik egin. Nola ba? Behin batean, ezer esango ez balio bezala, «ardorik ez dute» esan zion semeari. Beti, Jainkoaren gogoa nola beteko gizon-emakumeen arazoetan.
15.-Azkenean, seme kuttuna gurutzean ikusi behar izan zuen. «Munduan pertsona onik bada, hauxe ba ona» esan zuen Andre Mariak bere barnean. «Baina gerta bedi hau ere, gizon-emakumeen askapenerako. Amen», esan zuen negar batean. Beti Espirituaren mirabe.
16.-Halere, laster, han joan zen Galileara, Jesusek esan bezala, ikasleetan ikasle handiena zen hura. Han jaso zuen Jesusen mandatua: «Zoazte mundu osora, eman nire berri». Eta, otoitz eta otoitz, Jesusen mandatua betetzeko argia eta indarra emango zien Espiritu Santua jaitsi zain ikasleekin bat.
17.-Andre Maria, sortzetik Jainkoaren esaneko: horra haren garbitasuna. «Hasiera» hartako giza izaera zintzo hura garbi gorde zuen Andre Mariak; gainera, Espirituaren onginahi bereziari, kristau guztiei eskaini zaigun onginahiari, bete-beteko harrera egin zion. Horixe dugu gaur ospatzen.
18.- Ama Maria, Jainkoaren Ama, Elizaren Ama, ohore eta aintza zuri. Erregutu Jesus berpiztuari mundua zintzoagoa izan dadin. Amen.
Izan dezagula Andre Maria lagun eta laguntzaile geure erromesaldian.

Dionisio Amundarain