Jesusen Ama • Jesusi izena • Munduan Bakea (2017-01-01)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko egun honetan, gai asko ditugu bihotzean gozatzeko eta hausnartzeko. Lehenik eta behin, ez dezagun ahaztu, Eguberri giroan bizi garela. Hain juxtu Eguberri zortziurrena dugu gaur. Jainkoa gizon egin da, gizon-emakumeok jainko egiteko. Gauza miresgarria! Gauza zoragarria! Eska diezaiogun, Andre Mariaren bitartez, beronen Semeari sentiberatasun pixka bat misterio horren, Jainkoaren borondate horren muinean aztarrika egin eta, neurri batean bederen, zer den «ikusteko», zer den sumatzeko.
Horiek horrela, hona gaurko egun honek eskaintzen dizkigun gaiak, gozatzeko eta hausnartzeko:
1.-Andre Maria Jesusen Ama eta Elizaren Ama.
Baina titulu polit batekin bakarrik gelditu gabe. Zer da ama batek egiten duena? Eta zer, edozein amak bezala, Andre Mariak egin duena? Maitasunez eman dio bizia Semeari. Azkeneraino izan da Semearen lagun. Bularra eman dio semeari. Egunero zaindu du. Errespetu handiz hartu
du amak semearen askatasuna. Semeak lagun eta adiskide zintzo du ama une alaietan eta tristeetan.
Maria ez da Jesusen ama bakarrik. Geuk ere ama dugu Maria. Ez gaitu erdi, ez digu bizia eman. Ez digu bularra fisikoki eman. Baina gure lagun izango dugu hasieratik.
Ez dezagun ahaztu Mariaren gauzarik inportanteena zer den: «Gauza hauek guztiak bihotzean gordetzen zituen eta hausnartzen». Hitza entzuten eta gordetzen lagundu digu. Hitza aintzat hartzen, hausnartzen eta betetzen. Horixe du bere eginkizunik handiena. Jesusek berak aitortua. Behin batean emakume bat zoraturik agertu zen Andre Mariaz, Jesus sabelean eramateko zoria izan zuelako. Eta Jesusek erantzun zion: zorionekoagoak hitza entzuten, gordetzen eta hausnartzen dutenak (ik. Lukas 11,27-28). Horixe da inportantea: hitza onartu, hitz hori haragi bihurtu, hitz hori bizi, sakondu, hausnartu, hazarazi.
2.-Jesusi izana ipini
Eguberri zortziurrena delako, juduen tradizioan, mutikoa zen haurra erdaindu egiten zuten, eta izena ipintzen zitzaion. Erdaintzearena alde batera utzia dugu. Baina Jesusen izenen inportantzia gogoan hartzeko da.
Jesus izenak Salbatzailea esan nahi du. Eta horixe da Eguberri misterioaren muina: gu salbatzera etorri da Jesus. Ematen dizkiogun beste bi izenek hori bera borobiltzen dute. Jesus Mesias da. Aspaldi agindua zuen Jainkoak Mesias bat (=Kristo), Igurtzi bat, Salbatzailea bat. Jesus etortzearekin koroatu du Jainkoak bere onginahia, bere maitasuna. Eta hirugarren, Emmanuel= «Jainkoa gurekin». Gure artean dugu Jainkoa. Ez da urruneko zera bat. Gutaz arduratzen den NORBAIT da. Gurekin bizi dena. Ez dezagun ahaztu: Jesus – Kristo edo Mesias – Emmanuel.
3.- Bakearen mundu-mailako eguna
Noiz sumatuko ote dugu Jesusekin bakea etorri zaigula? Bakearen Egun hau Elizak sortua da. Halere, munduko gizarte sozialak ere, ofizialki ez bada ere, onarpen handia eskaini dio, eta bere-bere egiten hasi da. Azken adibidea, Sirian egin duten su-etena izan da.
Gogoan eta geure hitzetan izan beharko genuke guztiok bake-asmo handi hau: gerla onena baino hobea bakealdi txarra, esan ohi da. Ez dazagun ahaztu.
4.-Urte berri
Aukera ona izango genuke, lurraz eta munduaz dugun ikuspegia aztertzeko.
Nik neuk, zehazki, buruan darabilkit Aralarko pistak direla-eta gure artean bizi dugun polemika. Zer da mendia? Zertarako da mendia? Zeinentzat da mendia? Zer da ganadugintza? Zer garrantzia du ganadugintzak Gipuzkoako ekonomian? Zer garrantzia izan lezake Aralarrek Goierri gure eskualde honetako ganadugintzan?
Konklusioa:
Senideok: Andre Mariak entzundako gauza guztiak buruan gordetzen zituen eta hausnartzen.
Dionisio Amundarain
MEZAKO OTOITZA
Bakearen Jainkoa, gizon-emakume guztien Aita eta Ama; biziki nahi duzu gu guztiok elkartasunean anai-arreba bezala bizitzea. Urteberriko lehen egunetan, bihotz osoz eskatu nahi dizugu: eman diezaguzula Bakea, zure dohaina eta aldi berean gure Zuzentasunaren fruitua. Egin gaitzazu, beraz, Bake horren eraikitzaile sutsu, Jesusek, zure Seme eta gure anaiak adierazitako zoriona lortu ahal dezagun. Amen